Nafarroako Gobernuak onartutako Lan Eskaintza Publikoa: osasungintzan, 635 plaza; 361, administrazioko nukleoan

Euskalerria Irratia 2018ko uzt. 19a, 09:41

Argazkia: Fernando Dominguez Osasun kontseilariak eman zuen osasun arloko lanpostuen berri.

Ekainean apronatutako hezkuntzako 1.141 plazekin bat, orotara eskaintza 2.137koa da. Euskara plazen %8'03an eskatuko dute, B1, B2 eta C1 mailan.

 635 plaza deituko dira Osasun-arlorako eta beste 361 plaza Nukleo Administrazio eremuko langileentzat; horrela, ekainaren 6an Gobernuak bilkuran onartutako 1.141 irakaskuntza-plazari gehituta, guztira 2.137 plazako ezohiko deialdia osatzen dute.

Egonkortzeko Lan Eskaintza Publikoa ekainaren 27ko aipatu 3/2017 Legean gaitutako ezohiko prozesuaren ondorioz sortu da. Legearen 19.6 artikuluan xedaturikoaren arabera, lege horretan zehaztutako sektore jakin batzuetan, administrazio publikoek, lanpostuak berriro betetzeko ohiko tasaz gain, tasa gehigarri bat eduki ahal izango dute aldi baterako enplegua egonkortzeko; hau da, gehienez ere, aurrekontua esleituta eduki duten eta 2016ko abenduaren 31 baino lehenagoko gutxienez hiru urteetan aldi baterako eta etenik gabe bete diren lanpostuen % 90a. 

Nafarroako eta erakunde autonomoetako Administrazioa osatzen duten plaza guztiak behin aztertuta, baldintza horiek betetzen zituztenak zehaztu ziren, eta guztira 2.137 plaza izatera iritsi ziren. Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean sindikatuekin dagozkion negoziazioak egin eta gero, ekainean Hezkuntzako 1.141 plaza onartu ziren eta gaur gainerako 996 plaza onartu dira.

%75 medikoak edo osasun-diplomatuak

Osasun-arloan enplegua finkatzeko Lan Eskaintza Publikoa 635 plazakoa da: horietatik 621 Nafarroako Osasun Zerbitzuari-Osasunbideari dagozkio eta 14 Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari. Kategoria profesionalen arabera, 242 plaza osasun-diplomatuentzat eta 235 plaza fakultatiboentzat izango dira; hots, LEParen %75a baino gehiago. Horrez gain, 100 plaza daude erizaintzaren laguntzarako teknikarientzat, 33 osasun-teknikarientzat eta 25 zaindarientzat.

Fakultatiboentzat deitutako 235 plazetatik 171 plaza berrogei espezialitatetik gorako espezialistentzat dira eta 64 bestelako osasun-fakultatiboentzat. Hona hemen banaketa: 34 plaza Lehen Arretako medikoentzat, 22 Lehen Arretako pediatriarako, 21 anestesia eta bizkortzerako, 19 kirurgia ortopedikoa eta traumatologiarako, 11 barne-medikuntzarako, 11 psikiatriarako, 10 Larrialdietako Zerbitzu Normaleko medikuentzat, 10 obstetrizia eta ginekologiarako, 10 psikologo espezialista klinikoentzat, 9 kirurgia orokorrerako eta aparatu digestiborako, 8 erradiodiagnostikorako, 6 medikuntza fisiko eta errehabilitaziorako, 6 urologiarako, 5 Osasun Publikoko ikuskatzaileentzat, 5 kardiologiarako, 5 ospitaleko farmaziarako, 5 larrialdietako mediku ondokoentzat, 4 oftalmologiarako, 3 neumologiarako, 3 onkologia medikorako, 2 aparatu digestiborako, 2 endokrinologia eta nutriziorako, 2 hematologia eta hemoterapiarako, 2 medikuntza intentsiborako, 2 nefrologiarako, 2 neurologiarako, 2 pediatria eta eremu espezifikoetarako, 2 larialdietako pediatriarako, 1 alergologiarako, 1 analisi klinikoetarako, 1 aurpegi eta ahoko kirurgiarako, 1 kirurgia plastiko, estetiko eta konpontzailerako, 1 bularraldeko kirurgiarako, 1 dermatologia M-Q eta benereologiarako, 1 geriatriarako, 1 neurokirurgiarako, 1 onkologia erradioterapikorako, 1 otorrinolaringologiarako, 1 ospitaleko erradiofisikorako eta 1 erreumatologiarako.

LEPean, halaber, guztira 242 plaza daude osasun-arloko diplomatuentzat, eta honela banatzen dira: 206 plaza erizaintzakoak, 20 plaza fisioterapeutarenak, 15 plaza emaginarenak eta plaza 1 elikadurako teknikariarena.

Azkenik, 100 plaza deituko dira erizaintzako zaintza osagarrietako teknikarientzat (EZOT), 33 plaza osasun-teknikarientzat (17 plaza erradiodiagnostikoan teknikari espezialistentzat, 11 laborategiko teknikari espezialistentzat eta 5 plaza dietetikako teknikari espezialistentzat) eta 25 plaza zaindarientzat.

361 plaza Nukleo Administrazioan

Gobernuak bigarren Foru Dekretu bat ere onartu du, eta, horren bitartez, Nukleo Administrazioaren eremuko 361 lanposturen LEPa onartzen da. Nabarmentzekoak dira administrari laguntzaileentzako 136 plaza (127 Nafarroako Osasun Zerbitzura-Osasunbideara atxikita eta 9 Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura) eta 98 plaza Askotariko Eginkizunetarako Langileentzat (Nafarroako Osasun Zerbitzura-Osasunbideara atxikitakoak).

Ezohiko LEP honetan jasotako gainerako plazak honako hauek dira:

- 27 plaza Zerbitzu Orokorretakoak (Eskubide Sozialetako Departamentura atxikiak).

- 26 plaza Basozainentzat (Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentura atxikitakoak).

- 17 plaza Zaintzaile Gerontologikoentzat (Eskubide Sozialetako Departamentura atxikiak).

- 14 plaza Zaintzaileentzat (Eskubide Sozialetako Departamentura atxikiak).

- 11 plaza Haur Hezitzaileentzat (Eskubide Sozialetako Departamentura atxikiak).

- 9 plaza Enplegurako Prestakuntzako Erdi Mailako Titulatuentzat (Nafarroako Enplegu Zerbitzura atxikiak).

- 9 plaza Lehen Mailako Ofizialentzat (Nafarroako Osasun Zerbitzura-Osasunbideara atxikitakoak).

- 6 plaza Errepideko Zaindarientzat (Garapen Ekonomikoaren Departamentura atxikiak).

- 3 plaza Lan Arriskuen Prebentzioko TUGMentzat (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura atxikitakoak).

- 3 plaza Sistema Informatikoen Erdi Mailako Teknikarientzat (Nafarroako Osasun Zerbitzura-Osasunbideara atxikiak).

- 2 plaza Arkitekto Teknikoentzat (Nafarroako Zerga Ogasunera atxikiak).

%7 desgaitasuna duten pertsonentzat

Guztira 69 plaza, 45 osasun-langileentzat eta gainerakoak Nukleo Administraziokoentzat, %33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila duten pertsonentzat gordeko dira; hau da, eskainitako plaza guztien ia %7, zehazki %6,93.

Bestalde, 80 plazaren kasuan, 50 osasun-langileentzat eta 30 Nukleokoentzat, eskainitako plaza guztien %8,03ari dagokionean, euskararen ezagutza eskatuko da hiru mailatan: B1zaindarientzat, B2 osasun-langile eta basozainentzat eta C1 gainerakoentzat.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!