Gaurko datuen faltan, Gazteluko plazako eraso sexistei buruzko argibide guneak 13.340tan eman du argibide, eta paperezko 20.000 gida (udal-webgunean eta www.sanferminoficial.com-en ere deskargatu daitezke) eta esku gorriaren 40.000 pin banatu ditu. Irudi hori Nafarroako beste zenbait udalek erabiltzen dute, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak proposatuta, eraso sexistak gaitzesteko ikur gisa. Argibide gune hori 2015ean abiatu zen lehen aldiz, eta izan duen bilakaera ikusita, erreferentziazko toki bihurtu da, zeinera jo baitaiteke erasoren bat gertatuz gero edo dauden baliabideei buruzko informazioa zein kanpainaren materiala eskatu nahi bada. Aurten, sanferminetan ez ezik, argibide gunea paratu da auzoetako jaietan.
Argibide gune horretan arta ematen duen emakume-taldea gaur gauerdirarte arituko da lanean eraso sexisten gaineko prebentzio- eta sentsibilizazio-zereginetan, arreta berezia jarrita festa- eta aisia-guneetan gertatzen diren erasoetan. Babes Zibileko Tokiko Batzordeak datu horien berri izan du gaur goizean, eguneroko bileran.
Babes Zibileko Tokiko Batzordea erakunde-arteko organoa da, festa-egun guztietan biltzen da, eta aurten, lehenengo aldiz, uztailaren 15ean ere. Bertan Iruñeko Udaleko alor guztiak daude ordezkaturik, eta honako erakunde hauek ere parte hartzen dute, besteak beste: Nafarroako Gobernua, Udaltzaingoa, Foruzaingoa, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila; Osasunbidea, Gurutze Gorria eta DYA, eta Iruñerriko Mankomunitatea.
Bi atxilotu, ukituak egiteagatik jarritako salaketei lotuak
Argibide guneak emandako arta-kopuruari buruzko datuez gain, Babes Zibileko Tokiko Batzordeak gaur goizean egindako bileran jakin du segurtasun kidegoek bi atxiloketa egin dituztela azken orduetan, ukituak egiteagatik jarritako bi salaketari lotuak.
Salaketen ondoren, emakumeen eskura jarri dira Nafarroako Gobernuko EAZ zerbitzuaren baliabideak orientazioa eta laguntza judizial zein psikologikoa emateko, bai eta halako egoerei erantzuteko Udalak dituen laguntza-baliabideak ere. Protokolo berria abiaraztearekin, Iruñeko Udalak lortu nahi duen helburuetako bat da biktimei babesa ematea, hala arta eta laguntza ematearen aldetik nola ikuspegi informatibotik. Horren bitartez ekidin nahi da, uneoro, gizarteak edo komunikabideek erasoa jasan duten emakumeak bigarrenez ere biktima bihur ditzaten, eta galarazi nahi da emakume horiek estigmatizatu edo errudun sentitu daitezen.
Iruñeko hiriak, bertako erakundeek eta herritarrek berretsi egin nahi dute gaitz hau hiritik eta bertako jaietatik errotik kentzeko konpromiso irmo eta argia, bat etorrita aurten abian jarri den kanpainaren leloarekin: “Eraso sexistarik gabe, Iruña aske”. Horrenbestez, Udalak erasorik jasan dutenak eta herritarrak oro har animatu nahi ditu era horretako jokabideak salatzera, hala ikuspegi judizialetik nola sozialetik, konbentzimendu osoa baitago arbuio aktiboa dela biderik onena jokabide gaitzesgarri horiei amaiera emateko.
Babez Zibileko Tokiko Batzordeak gaurko saioan jakin du, baita ere, azken orduetan zortzi lagun atxilotu direla, ebasketa-delituak egotzita; horietako batek 17 mugikor zeramatzan soinean.