Nafarroako Ospitale Guneak 'unibertsitate' izendapena jaso du, irakaskuntzan eta ikerkuntzan duen esperientziarengatik

Euskalerria Irratia 2018ko uzt. 16a, 13:34

Argazkia: Ezker eskuin, Antonio Merino, Nekane Oroz eta Luis Gabilondo.

2017. urtean, guztira 1.237 ikaslek gradu aurreko prestakuntza jaso zuten NOGean eta 682 ikaslek gradu-ondokoa; ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikokoak eta Nafarroako Unibertsitatekoak ziren.

Unibertsitate Ospitalearen izaera Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak ekainaren 12an emandako 386/2018 Ebazpenaren bidez eman zen, eta horrek esan nahi du Nafarroako Ospitale Guneak (NOG) irakaskuntza eta ikerketa lanak garatzeko indarrean den araudiak eskatutako azpiegiturak eta baliabideak izatea ofizialki onartzen dela.

NOGek gradu aurreko eta gradu-ondoko unibertsitate-irakaskuntzan parte hartzen du, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Nafarroako Unibertsitateko (NU) Osasun-arloko Zientzien titulazioetan; NOG horiekin lotuta dago Osasun Departamentuaren eta aipatu unibertsitateen artean ezarritako hitzarmenen bitartez, gainerako osasun zentro eta zerbitzu publikoekin batera. Horrela azaldu dute gaur eskainitako prentsaurrekoan Osasuneko eta Unibertsitate eta Hezkuntza Baliabideetako zuzendariek, Luis Gabilondok eta Nekane Orozek, hurrenez hurren, NOGeko zuzendari kudeatzailea den Antonio Merinorekin batera.

Luis Gabilondok ondorengoa azpimarratu du: "Unibertsitate Ospitalearen izaerak, halaber, NOGeko osasun-profesionalek Nafarroako Gobernuaren ikerketa biomedikoaren zentroaren (Navarrabiomed) eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuaren (IdisNa) bidez burutzen duten ikerketa-jarduera onartzen du.

Ekainaren 12ko 386/2018 Ebazpenean egiaztatzen da NOGek Unibertsitate Ospitalearen izaera eskuratzeko oinarrizko bi araudi-baldintza biltzen dituela; hala nola, hitzarmenaren edo kontzertuaren bitartez unibertsitate-zentro bati lotetsita egotea eta hitzarmen edo kontzertu horretan ospitalea oro har edo bertako zerbitzu eta/edo unitate asistentzial gehienak hartzea.

Unibertsitate eta Hezkuntza Baliabideetako zuzendari nagusia den Nekane Orozek honela azaldu du: "baldintza horietan sartzen dira honako hauen inguruko alderdi teknikoak: zentroen egitura eta azpiegitura, langile asistentzialak, parte hartzeko organo elkartuak eta ikasle bakoitzeko gaixoen zerrenda, besteak beste".

Bestalde, NOGeko zuzendari kudeatzaileak, Antonio Merinok, onartu du "Unibertsitate Ospitalearen izaeraren atzean profesional talde handi baten lana dagoela. Izendapen soila izan ordez, betebehar eta konpromiso are handiagoak ekarriko ditu, NOGek laguntza, irakaskuntza eta ikerketa mailan erantzun osoa eta kalitatezkoa emateko gai den osasun-instituzioa izaten jarri dezan", adierazi du.

 

Hitzarmenak NUPekin eta NUrekin

NOG eta Osasun Departamentuaren mendeko osasun zentro eta zerbitzu publikoen multzoa unibertsitate-mailako irakaskuntzan lanean ari da Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortu zirenetik.

Legeak eskatzen du Medikuntzako, Erizaintzako eta Fisioterapiako ikasketak dituzten Unibertsitateek hitzarmen bidez lankidetza-akordioa egitea osasun-instituzioekin; hots, gutxienez ospitale bat eta lehen arretako hiru zentro hartzea. Modu horretan, lege-eskakizun hori bete egiten da.

NUrekin lehen hitzarmena 1959an egin zen, eta 2015ean berritu zen. Hitzarmen horretan, Nafarroako osasun-sistemako egitura asistentziala Medikuntzako, Zientzietako, Erizaintzako, Farmaziako eta Psikologia eta Hezkuntzako Fakultateek emandako Osasun-arloko Zientzien ikasketak eta antzeko diziplinak irakasteko eta ikertzeko erabiltzea arautzen da.

NUPekiko lankidetza, berriz, 2016an berritutako hitzarmenak erregulatzen du; hor sartzen dira ondorengo titulazioak: Osasun-arloko Zientziak, egun Erizaintza eta Fisioterapia, nahiz Gizarte Lana, Hezkuntza, Soziologia, Ingeniaritza Biomedikoa, Diagnostiko eta Tratamendu Medikoaren Teknologiak eta antzeko diziplinak.

Bi Unibertsitateak Nafarroako Ospitale Guneari lotetsita geratzen dira Unibertsitate Ospitalea bezala, eta zentroko zerbitzu eta unitate guztiak barnean sartzen dira.

 

174 ikerketa-proiektu

NOGek modu aktiboan eta biziki laguntzen du osasun-arloko profesionalak prestatzen prestakuntza espezializatuan, unibertsitateko gradu aurreko eta gradu-ondoko irakaskuntzan eta osasun-arloko zientzien etengabeko prestakuntzan.

Lankidetza hori Osasunaren Lege Orokorrean, Osasunaren Foru Legean eta Osasun-arloko Lanbideak antolatzeko Legean agertzen den printzipioan kokatzen da; horren arabera, osasun-egitura guztiak prestakuntzan erabiltzeko aukera eskaini behar da.

NOG osasun-arloko prestakuntza espezializaturako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak egiaztatutako zentroa da, eta espezialistak prestatzen ditu 37 espezialitatetan. Urtero, 73 BAME berri sartzen dira 3 eta 5 urte arteko prestakuntza-aldirako, espezialitatearen arabera; beraz, zentroan, aldi berean, 300 bat profesional elkartzen dira prestakuntza espezializatuan.

Hitzarmen horiei esker, 2016-2017 ikasturtean, NOGek 1.500 praktika-denboraldi baino gehiago egiteko aukera eskaini du; horietatik 910 Medikuntzako ikasleenak dira, 517 Erizaintzakoenak eta 48 Fisioterapiakoenak. Praktika-denboraldiak hilabete bat eta 3 hilabete artekoak izaten dira.

2017an, NOGean, gradu aurreko prestakuntza egin zuten 1.237 ikaslek eta gradu-ondoko prestakuntza beste 682 ikaslek, NOZ-Ok denboraldi horren inguruan egindako memoriaren arabera.

Aipatu memorian, ikerketa eta jarduera zientifikoen kapituluan, NOGek ondorengoak egiaztatzen ditu: 304 argitalpen, 945 hitzaldi eta komunikazio, 174 ikerketa-proiektu garapen-fasean, ikerketako beste 30 lan, 61 liburu editatu, 88 entsegu kliniko garapen-fasean eta 62 doktorego-tesi.

Horrez gain, NOGek parte hartzen du beste unibertsitate batzuetako ikasleen irakaskuntza praktikoan, hitzarmenik izan gabe, eta Hezkuntza Departamentuko zentroetako osasun-familiaren erdi mailako eta Goi-mailako Teknikarien irakaskuntza praktikoan, 1999ko azaroaren 19an Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Osasun Departamentuen artean egindako hitzarmenaren bitartez.

Apirilaren 12ko 19/2010 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Ospitale Gunea teknologia-maila altuko eta izaera publikoko ospitale nagusi bezala sortu zen, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren-Osasunbidearen barruan, Nafarroako herritarrei osasun-asistentzia eskaintzeko helburu orokorrarekin.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!