Udalbatzak harrera egin die gaur Nafarroa eta EAEko dozena bat musika-bandatako ordezkariei. Banda horien babesari esker, Iruñean ospatu zen, 1918an, musika-banden jaialdi bat, Udalak sanferminen karietara antolatutakoa. Topaketa horrek ekarritako mugarrien artean, aipatzekoa da, besteak beste, hurrengo urtean kaleetara irten zela gaur egun Iruñeko udal musika-banda gisa ezagutzen duguna: La Pamplonesa.
Gaur ekitaldian ordezkaturik egon diren bandetatik hamaikak jardunean jarraitzen dute nolabait, kasu askotan banden oinordeko izan diren musika-taldeen bidez, nahiz eta gaurko ekitaldian duela 100 urte zuten izenarekin aurkeztu diren: Recreo (Elizondo), Zangozako udal-banda, Santa Cecilia (Cintruénigo), Diapasón (Tolosa), La Flor (Eltziego), Errenteriako udal-banda, Irungo udal-banda, Fábrica (Galdakao), Gernikako udal-banda, Bergarako udal-banda eta Portugaleteko udal-banda. Gogoan izan dute, baita ere, hamabigarren banda bat, Doneztebeko Armonía, zeina gaur egun desagertuta baitago.
Harrera-aretora gonbidatutako bandek 400dik gora musikarien taldea osatzen dute guztira, bi autonomi-erkidegoetako musikari profesionalak eta musika-eskoletako ikasleak tartean. Jatorrizkoen ondorengo gisa jardunean dauden 11 bandetako bitan zuzendaria emakumea da.
Ekitaldi ofizialaren buru izan da Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Beloki, eta harekin batera izan da José Luis Palacios La Pamplonesako presidentea. Ekitaldian, jaietako zapi gorria jarri zaie musika-taldeetako ordezkariei, zeinei, horrez gain, opari gisa eman baitzaie Iruñeari omenaldia partitura/poema sinfonikoaren lehen orrialdearen erreprodukzioa, marko batean. Oroigarri hori aintzatespen modukoa da, zeinak gogora ekarri nahi baitu jaialdi horren efemerideak berebiziko garrantzia izan zuela La Pamplonesaren sorreran.
Harrera baino lehen, Kondestablen hitzaldi bat egon da Rebeca Madurga Arte eta Giza zientzietan doktore eta musikologoaren eskutik, eta Una banda para un pueblo izenburuko saioan aurkeztu ditu XIX. mendeko musikari buruz egin duen ikerketaren emaitzak; ikerketa hori aurtengo maiatzean eman zen argitara Príncipe de Viana aldizkarian, eta La Pamplonesaren aurrekariak jasotzen ditu.