Autodefentsa feministaren aldeko apustua berretsi du Iruñerriko Mugimendu Feministak

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2018ko uzt. 4a, 10:03

Iruñerriko Mugimendu Feministak oroitarazi du urteak daramatzala eraso sexisten kontra lanean, lana ez zela hasi 2016ko talde bortxaketaz geroztik. Kamiseta beltzei eta sanferminei boikota egiteari buruz, azpimarratu dute ez direla haiengandik jaiotako proposamenak.

Sanferminetan kaleak hartzeko deia zabaldu du Iruñerriko Mugimendu Feministak: oroitarazi du urteak daramatzala eroso sexisten kontrako borrokan, ez dela soilik 2016ko bortxaketaz geroztik aritzen, mass mediek indarra hor jarri badute ere. Indarkeria matxistari aurre egiteko hiru ardatz markatu dituzte: "prebentzioa, heziketa eta bestelako gizarte harreman batzuk".

Lan jarraituaren fruitua

"Titularretan oinarritutako jarduna" ez dutela gauzatzen esan du Iratxe Alvarezek euskaraz, Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformako kideak, lan "jarraia" baizik, egunerokotasunean oinarrituta: urteak daramatzate ekinean "sanferminak emakumeentzako seguruak" izan daitezen.

Azken asteotan, sare sozialen bitartez zabaldutako "deialdiei" ere erreferentzia egin diete -zuzenean aipatu gabe kamiseta beltzak eta boikot deialdia- eta "ardura" eskatu dute, "dinamika oportunistetatik harago". Kasu bakarrean zentratzeak gainontzekoak ikusezin egiten ditu, Alvarezek irakurritako idazki bateratuan jasotakoaren arabera.

Kamiseta beltza, hedabideek aterata

Kazetarien galderei erantzunez baino ez dituzte aipatu kamiseta beltzak, insistentzia medio. Hala, argi utzi dute ekimena ez datorrela haiengandik, ez dela "ez kontrastatua, ez adostua" izan, baina ez dietela emakumeei esanen zer jantzi behar duten edo zer ez.

"Eraso sexistarik gabeko jaiak" lortzeko lanean jarraituko dutela azpimarratu dute, autodefentsa feministaren aldeko apustua berretsiz.

Hemen irakur daiteke Iruñerriko Mugimendu Feministak kaleratutako idazkia osorik:

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!