'Pikotailuke' ikuskizunak emango dio hasiera aurten Harresietako Jaialdiari

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 28a, 09:17
Argazkia: 'Pikotailuke' ikuskizunaren promozio irudia.

Oreka TXen eskutik, Iruñeko Udalak Hondarribia eta Baionarekin batera ekoiztutako ikuskizuna da.

Iruñeko Udalak Hondarribia eta Baionako udalekin elkarlanean ekoizten ari da Oreka TX taldeak oholtza gainera eramango duen Pikotailuke ikuskizuna, zeinarekin inauguratuko baita Harresietako Jaialdia, heldu den abuztuaren 2an. Ikuskizunak musika eta zirku-arteak uztartzen ditu, eta Iruña, Hondarribia eta Baionaren arteko lankidetza bultzatzeko CREACITY proiektu europarraren barruan sortu da. Gero, Pikotailuke Hondarribian taularatuko da abuztuaren 4an, eta 11n, Baionan. Kasu guztietan, emanaldia 22:00etan izango da. Ekoizpen horren xehetasunen berri eman dute gaur prentsaurrekoan Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik, Baionako Kulturako zinegotzi Yves Ugaldek, Hondarribiko Kulturako zinegotzi Juan Luis Silanesek eta Oreka TXeko Harkaitz Martínez de San Vicentek.

Ekoizpen berri honen estreinaldiak irekiko du, Oreka TXen eskutik, 2018ko Harresietako Jaialdia, musika, zirkua eta dantza uztartzen dituen lan bat aurkeztuta, zeinaren bidez bidaia egingo baita euskal kulturaren eta tradizioetan barna. Hiru hiriek elkarlanean ekoiztu eta sortutako lan honek jarraitzen dio iaz abiatutako antzeko ekimen bati, zeinari esker jaio baitzen Kalakan taldearen Harr(ihes)iak ikuskizuna. Asmoa da elkarlanean sortzea ikuskizun bat, gerora udako programazioetan txertatu eta hiru hirietako barruti harresituetan erakutsiko dena.

Iruñeko Harresietako Jaialdia errotu du hirugarren edizioak

Aurten ere Iruñeko Harresietako Jaialdiak kultur jarduera artistikoen sorta bat proposatuko digu, hiriko harresi-multzoko txoko desberdinak agertoki gisa erabilita. Hori horrela, musika, dantza, zirkua, antzerkia eta jolasa izango ditugu Ziudadelan, Guadalupeko bastioian, O-ko Andre Mariaren plazan, Zaldi Zurian eta Jito Alai pilotalekuan.

2017an, 24.500 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten, abuztuan, Harresietako Jaialdiko jardueretan, aurreko urtean baino % 20 gehiagok. Jaialdiaren bigarren edizioan handitu egin zen programatutako jarduera kopurua (hogeita hamar baino gehiago izan ziren, kultur jarduerak eta jarduera turistikoak batuta), eta Iruñeko udako erreferente gisa errotu zen partaide kopuruaren gorakadari esker –batez ere familiak, bai etxekoak bai bisitariak–. 2017ko edizioak kaleko arteak deiturikoak izan zituen ardatz; izan ere, programazioak barne hartzen zituen zirku-, antzerki- eta dantza-ikuskizunak, guzti-guztiak atari zabalean egiteko sortuak eta izaera berritzailearekin.

Musikarekin, ahotsarekin, orekarekin eta zirku-teknikekin jolasean aritzeko proposamena

Pikotailuke ekoizpenaren buru Oreka TX taldea izan da, eta horretarako abiapuntua izan da, protagonisten hitzetan, honako hau: “ez diogu jolasteari uzten zahartzen garelako, baizik eta jolasteari uzten diogulako zahartzen gara”. Horregatik, ikuskizunak jolasaren plazera bultzatu nahi du; jolasa irudimenerako jostailu gisa, eta irudimena, bizitzaren jolaserako. Gure inguruari begi alaiagoz begiratzeko proposamena da, bizitza modu ludikoagoan ulertzekoa.

Honako hauek osatzen dute Oreka TX: Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte (harri- eta egur-txalapartak), Mixel Ducau (banbu-klarinetea, saxofoia eta alboka), Iñigo Egia (world percussion) eta Pepe Otxandorena (buzukia). Horiez gain, ikuskizunaren parte dira Thierry Biscaryren ahotsa, Garazi Pascualen oreka-jokoak eta Xabi Larrea eta Gorka Pereiraren beste zenbait zirku-teknika.

Hogei urtez oholtza gainean, eta txalaparta protagonista

Oreka TX 1997an jaio zen, Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartarien eskutik. Urte horretan Kepa Junkeraren bandan hasi ziren, eta harekin batera ibili ziren 10 urtez, zeinetan herrialde ugaritan jo eta aldi horretan grabatutako diskoetan parte hartu baitzuten, Grammy latino saria irabazi zuen K diskoaren grabazioan ere. Hainbat talde eta artistarekin batera aritu dira agertokietan, hauekin, besteak beste: Carlos Núñez, Altan, Taraf de Haidouks, María del Mar Bonet, Hendirgarna, Susana Seivane, Dulce Pontes, Pat Metheny, Berrogüeto eta Phil Cunningham.

Bere lehen diskoaren izenburua Quercus Endorphina zen, eta horretan parte hartu zuten Glen Velezek (AEB), Michel Bordeleauk (La Bottine Souriante, Quebec)   (La Bottine Souriante, Quebec), Mikel Laboak, Ibon Koteronek, Phil Cunninghamek (Eskozia), Justin Valik (Madagaskar)eta ekoizle-lanak ere egin zituenKepa Junkerak berak. Bigarren diskoan, Nömadak TX izenekoan, hainbat herrialdetan barna –Indian, Laponian, Marokon eta Mongolian, besteak beste– egindako bidaian grabatutako kantak bildu zituzten. Silex izenburuko azken lanak harrizko txalaparta du ardatz, harkaitzaren nolabaiteko imitazioa.

Kolaborazioak egin dituzte honako hauekin, besteak beste: Kukai Dantza konpainia, Kalakan, Aziza Brahim, Oskorri, El Bottine Souriante, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, RAI Orkestra Sinfoniko Nazionala, Carlos Núñez, Manu Dibango, Katia eta Marielle Labèque, Bongar, Häkon Konstad, Benjamin Taubkin, Khusugstun, Alasdair Fraser, Joji Hirota, Hendingarna, Hevia, Pat Metheny eta Phil Cunningham.

Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatua, % 65ean

Ikuskizuna CREACITY proiektuaren barruko jardueretako bat da. Proiektu horrek harresi-ondarearen balioa nabarmendu nahi du, sorkuntza artistikoa, berrikuntza eta turismo-produktuak aintzat hartuta, bai Iruñean bai Hondarribiak, Baionak eta Iruñeak osatzen duten mugaz gaindiko eskualdean, betiere xede hartuta kalitatezko turismo-eskaintza erakargarria garatzea, aipatu eskualde horretako ondare harresituari lotua. Lankidetza hori mamitzeko askotariko kultur jarduera eta jarduera turistikoak egiten dira, eta testuinguru horretan, kultur eta turismo programa bat sortu da hiru hiriak elkarrekin sustatze aldera. Programa horren berri hiri bakoitzeko turismo-bulegoetan ematen da. Halaber, www.creacity.eus webgunean kontsultatu daitezke programaren ekitaldiak.

Proiektu hau Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du hein batean (% 65), Espainia, Frantzia eta Andorra Lurraldeen arteko Lankidetzako Programa Eragilearen INTERREG V A programaren bidez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Laguntzaren xedea da mugaz haraindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako jarduerak garatzea, hiru herrialdeetan elkarrekin gauzatuta lurralde-garapen jasangarriaren aldeko estrategiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!