Piraguismoa, urpekaritza, abentura, saltinga, zinema eta zonbien inbasioa izango dira Ziudadelan udan

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 25a, 14:07

Ekainaren 25etik 29ra eman daiteke izena eta zinemarako zein kirol-jardueretarako abonamenduak izango dira irailaren 16ra arte.

Bigarren urtez segidan, Iruñeko Udalak hasiera eman dio Txankletak‘18 programari, gazteei zuzendutako aisialdi- , kultur- , eta kirol-jardueren proposamena, zeinak barne hartzen baititu abentura, urpekaritza, saltinga, piraguismoa eta zinema, besteak beste. Izena ekainaren 25etik 29ra eman daiteke. Interesdunek aurrez aurre eman behar dute izena, NANa erakutsiz, Gaztediaren Etxean (Zangotza k. 30).

Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Esther Cremaesek eta Gazteriako udal-teknikari María Díaz de Radak aurkeztu dituzte programaren zehaztapenak, eta azaldu dute programaren helburua dela esperientzia ezberdinak eskaintzea, era horretan hiriaz gozatzearekin lotuta dagoen aisialdi alternatiboari bidea emateko. Horregatik, jarduerak Iruñean edo Iruñerrian egingo dira hurbil ditugun aukerak aintzat hartzeko. Halaber, jarduerak pentsatuta daude gazteek harremanak zabaltzeko, esperientzia berriak bizitzeko, gozatzeko eta gustu zein zaletasun berriak ezagutarazteko. Jarduerek zentzuzko prezioa dute, eta batzuk doakoak dira, eta 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaizkie (1988 eta 2004 urteen artean jaiotakoak),Ziudadelako jarduera izan ezik, zeina zuzentzen baitzaie 12 eta 17 urte bitarteko gazteei (2006tik 2011ra arte jaiotakoak). Horretan gazte ausartenek zonbien inbasiotik ihes egin beharko dute.

Urpekaritza, abentura, salting eta piraguismoko jardueretarako 125 banakako abonamendu eskaintzen dira, 5 euroan, jarduera bakoitzerako. Abonamendu horiek baliozkoak izango dira ekainaren 25etik irailaren 16ra arte. Gainera, 1.000 zinema-sarrera eskainiko dira euro batean, Golem Baiona eta Golem Yamaguchi aretoetarako. Ziudadelako zonbien inbasioa abuztuaren 18an izango da eta 200 leku egongo dira izena emateko, 5 euroan. Bete gabeko lekuak edo abonamendu gehiago eskuragarri egonez gero, izena emateko epea berriro irekiko da uztailaren 16tik aurrera, astelehenarekin. Halaber, abuztuan egunero doako jarduerak antolatuko dira Gaztediaren Etxean, horrela gazteek plan desberdinaeduki ahal izango dute egunero.

Kirola, zinema eta zonbien inbasioa

Berriobeitiko, Rokopolisa Abentura parke handiaren elkargunea izango da (Txankletak‘18 programaren kirol arloko proposamenetako bat). Horretan, banakako abonamenduaz bi orduko ibilbideak abentura parkean egiten ahalko dira. Jauzi egitearen aldeko apustua egiten bada, aukera egongo da ohe elastikoetan salto librean ordubetez aritzeko Orikainen Salting Iruñaren eskutik. Uretako jarduerei dagokienez, igerilekuan 2 orduko urpekaritza-bataioak egongo dira urpean autonomiaz igeri egiteko oinarrizko printzipioak ikaste aldera. Jarduera Guelbenzu igerilekuetan egingo da, erreportaje fotografiko txikia barne. Azkenik, piraguismorako abonamenduak eskubidea ematen du bi orduko saioaz gozatzeko piragua autohustugarrietan Kaparrosoren Errotaren Piraguismo Eskolari esker, hartara kirol horretan funtsezkoa den arraunaren oinarrizko alderdiak ikasteko.

Zinemari dagokionez, Iruñeko gazteriaren eskura jarriko dira Golem Baiona eta Golem Yamaguchi zinema-aretoetan erabiltzeko sarrerak, estreinaldiko pelikulak eta dagoeneko ikusgai daudenak ikusteko. Zinemarako sarrerak euro batean eskaintzen dira, eta gehienez ere bost sarrera eskuratzen ahalko dira pertsona bakoitzeko, bost euroan.

Jarduera berrienaz bezainbatean, zonbien inbasioa alegia, abuztuaren 18an izango da gaueko 22:00etan, eta 2 ordu iraungo du, gutxi gorabehera. Zonbiek inbaditu dute Ziudadela, eta alerta-egoeran dago. Zantzu, enigma, asmakizun eta sorpresa anitzen bidez parte hartzen duten pertsonek ihes egiten saiatu behar dute. Jarduera 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie, eta 5 euro balio du.

Abuztuan, hamaika plan Gaztediaren Etxean

Era berean, martxan jarriko da bigarren urtez segidan Hamaika plan programa, doako 22 jarduera-proposamenekin astelehenetik ostiralerako arratsaldeetan abuztuan zehar, Gaztediaren Etxean bertan (abuztuaren 15ean izan ezik, egun hori jaieguna baita). Jarduerak desberdinak dira egunez egun, eskulanak, jakien prestaketa, psikologiako lantegiak, dantza zein teknologia berriak. Horiek guztiak 14 urtetik gorako gazteei zuzentzen zaizkie, ez da aldez aurretik izena eman behar eta 19:30etik 21:00ak arte izango dira.

Aisialdiaren gaineko proposamenak barne hartzen ditu era askotako eskulanak material zein elementu askorekin. Esaterako, buztinezko totema modelatzen ahalko da (abuztuaren 2an, ostegunarekin); terrarium-diorama txikia sortu abuztuaren 10ean (osteguna); goma evazko giltzatako bat egin abuztuaren 14an (asteartea); kamiseta bat diseinatu lixibaren arteaz hilaren 16an (osteguna), zein bisuteria etnikoa diseinatu trapilloz abuztuaren 23an (osteguna). Horretaz gain, abuztuan Gaztediaren Etxera hurbilduko den gazteria gastronomian murgiltzen ahalko da zenbait nazioarteko entsalada prestatzeko (abuztuaren 30ean, ostegunarekin), edo hainbat estilotako erritmoan dantzatu, mundu guztiko dantzen ibilbidean: hip hopa (abuztuaren 1ean, asteazkenarekin), swinga (hilaren 7an, asteartearekin), Bollywood (abuztuaren 21ean, asteartearekin), sabeleko dantza (hilaren 27an, astelehenarekin) edo saltsa (abuztuaren 28an, asteartearekin).

Aisialdi arloko eskaintza horretaz gain bi lantegi expres izango dira, indarkeriarik gabeko komunikazioaren eta psikologia positiboaren gainean, abuztuaren 8an eta 13an (asteartea eta astelehena hurrenez hurren), eta beste hiru lantegi, zeinetan bertaratuek honako egiteko hauek ikasiko baitituzte: sendabelar eta almendren olioaz xanpuak egiten (abuztuaren 9an), azal-mota guztietarako lozioak egiten (17an, ostiralarekin) eta esentzia naturalez koloniak egiten (24an, ostiralarekin). Halaber, teknologia berriekin lotutako zenbait ekimen egingo dira errealitate areagotuko proiektuak egitetik hasi (abuztuaren 3an, ostiralarekin) edo 2D argazkiak 3D argazkiak bihurtu (hilaren 6an, asteazkenarekin), telefono mugikorraren bidez argazkiak optimizatzen ikasi arte (abuztuaren 20an, astelehenarekin); hardwarea konpontzea (abuztuaren 22an, asteazkenarekin); 3D animaziorako sarrera Blender bidez (abuztuaren 29an, asteazkenarekin) edo mugikorraren bidez bideoak egiten eta editatzen ikastea (abuztuaren 31n, ostiralarekin).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!