Elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei laguntzak emateko deialdia

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 22a, 09:41

Aurrekontua 545.000 euroan mantenduko da iaz % 22,5 handitu ondoren, eta eskaerak uztailaren 16ra arte aurkeztu daitezke.

Iruñeko Udalak deialdia egin du elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei laguntzak emateko, Iruñean 2018. urtean programak, proiektuak, jarduerak eta jarduketak garatu ditzaten herritarren partaidetzako eta gizartea ahalduntzeko esparruaren barruan. Iazko % 22,5eko gehikuntzaren ostean, aurrekontua 545.000 euroan mantendu da. Elkarte eta entitateek uztailaren 16ra arte aurkez ditzakete eskabideak.

Laguntza hauek Udalaren elkarlanerako laguntza-tresna bat dira, elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek jarduketak egin ditzaten helburu harturik ehun soziala bultzatzea eta tokiko garapena sustatzea, betiere herritarren partaidetzaren, gizartearen ahalduntzearen eta gizarte-ekintzaren bitartez. Lehiatzeko, irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateek honako betekizun hauek bete beharko dituzte: legearekin bat eraturik eta dagokien erregistroan izena emanda egotea; Iruñean gauzatzea diruz laguntzeko eskatu duten jarduera hori; Iruñeko Udalarekin beste lankidetza-hitzarmenik edo kontraturik sinatuta ez edukitzea; jarduera garatzeko behar bezalako egitura edukitzea jada jardunean, eta zergei eta Gizarte Segurantzari dagozkien betebeharrak eguneratuak edukitzea.

Oinarriek lau epigrafe ezartzen dituzte,eta horietako bakoitzak gehieneko aurrekontua dauka: A epigrafea, auzoetako festak, jai herrikoiak zein izaera komunitarioko gizarte eta kultur ekitaldiak, 100.000 eurorekin; B epigrafea, herritarren parte-hartzea eta ahalduntze soziala sustatzen duten jarduketak, 295.000 eurorekin; C epigrafea, kultur aniztasuna bultzatzen duten jarduerak, 50.000eurorekin, eta azkenik D epigrafea, herritarren parte-hartzea eta adinekoen ahalduntze soziala sustatzen dituzten jarduketak, 100.000 eurorekin. Entitate batek ezin izango du proiektu bat baino gehiago aurkeztu epigrafe berean; alabaina, aurkezten ahalko ditu beste bi –edo gehiago– entitate edo pertsonekin batera aurkeztutako beste proiektu batzuk.

Epigrafe bakoitzaren deskribapena

A epigrafeak (auzoetako festak, jai herrikoiak zein izaera komunitarioko gizarte eta kultur ekitaldiak) barnean hartzen ditu elkarte, kolektibo zein entitateek aurkeztutako proiektuak honako helburu hauei begira: auzoetan sareak eta gizarte-loturak eratzea,  gizarte-kohesioa eta partaidetzako dinamikak bultzatzea, kultura herrikoiaren edo hurbileko kulturaren sustapena, sorkuntza eta hedapena eginez, herrialdeko gizarte-sarearen parte-hartzetik abiatuta eta herritarrekin harremanetan.

B epigrafeak bere gain hartzen ditu gizarte-partaidetza, herritar aktiboak eta boluntario-lana, gizarte-ehunaren koordinazioa eta sare-lana, lurraldeko bizilagun, talde eta elkarteen arteko informazioa eta komunikazioa, eta hedapena eta sentsibilizazioa sustatuko dituzten jarduketa-proiektuak, zeinak ekintza berritzaileak martxan jarriz, proiektuei egokitutako teknologia garatuz eta gizarte-aldaketa ehun sozialetik aldatzeko praktika onak erabiliz eginen baitira. Horrez gain, herritar guztientzat zabalik egon beharko dute, eta partaidetza bultzatu.

C epigrafeak bere baitan ditu kultur aniztasuna bultzatzen duten jarduerak. Alde batetik, herri-kultura sustatu, sortu eta hedatzen dituzten proiektuak, Nafarroako eta beste komunitateen kultur-aniztasunaren ordezkari diren entitateek aurkezten dituztenak; eta, bestetik,partaidetza, harrera, sentsibilizazio, sustapen, sormen eta hedapen proiektu eta jarduerak, kultura- eta jatorri-aniztasuna sustatzekoak, elkarrizketa, elkarbizitza eta ezberdintasunaren errespeturako estrategia gisa, jatorri ezberdinetako pertsonen eta kolektiboen parte hartzea eta ahalduntzea bultzatuz udalerriaren bizitzan.

Azkenik, D epigrafeak biltzen ditu herritarren parte-hartzea eta adinekoen ahalduntze soziala sustatzen dituzten jarduketak. Aisialdiaren eta denbora librearen esparruan adinekoen bizi-kalitatea eta ongizatea sustatzearen alde lan egiten duten entitate edo elkarteek aurkeztutako proiektuak dira, jarduera iraunkor zein puntualen bidez. Adinekoen parte-hartzea eta zahartze aktiboa sustatzea xede duten elkarteen kasuan, aintzat hartuko dira helduekin eta adinekoekin egitekoak diren jarduera zehatzak.

Gehienez, 30.000 euro

Entitate bakoitzak jasotako diru-laguntza eskatu eta onartutako aurrekontuaren ehuneko bat izanen da, proiektu edo jardueraren kostu osoaren % 75 baino gehiagokoa izanen ez dena, inolaz ere. Entitateak kostuaren % 25 ordaindu beharko du gutxienez, dela funts propioen bidez dela beste diru-laguntza batzuen bidez. Zenbatekoak ezin izanen du 30.000 euro baino gehiago jo.

Eskabideak aurkeztu ahal dira Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean, erregistro osagarrietan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak aurreikusten dituen beste edozeinetan. Deialdia 2018ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 14koan, argitaratu da. Argibide gehiagorik nahi izanez gero, interesdunek kontsulta dezakete Udalaren webgunea (www.pamplona.es), edo Zentro. Elkarlaneko gunera jo (Kondestablen).

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!