"XXI mendeari begira" egonen den hiriaren defentsa egin du, "berdea, soziala, solidarioa, anitza, feminista eta auzoetatik eraikia".
"Hartutako erabaki guztiak era zilegian, intentzio onez eta duinki" hartu direla esan du, eta "aire freskoa" ekarri duela aldaketak Iruñera, "etorkizuneko oinarriak jarriz".
Kaosik ez da izan
UPNren jarduna ere gogoan izan du, eta azaldu, bere garaian, "alternatibarik ez zela" zioten arren, eta "kaosa iragarri bazuten ere", hori gezurtatu dutela legealdi hauek. Horregatik, 2019an aldaketaren udala mantentzeari buruz mintzatu da alkatea.
Kudeaketa izan du, besteak beste, hizpide, eta "oso egokia" izan dela adierazi du, esanez, "hiriaren sanemendu ekonomikoa" egin dutela: zorra 115 milioitik 72 milioira jaitsi da, %37a. Halaber, eskubide sozialei emandako hauspoa izan du hizpide, mugikortasunean garatutako aldaketak, ekonomia berria eta kultura arloan egindako urratsak.
Laukoa babesten duten taldeek egindakoaren irakurketa oso baikorra egin dute, arloz arlo zenbait aldaketa gehiago galdegin badituzte ere.
Oposizioarentzat, kudeaketa txarra
"Oso negatiboak izan dira azken hiru urteak". "Haren sokakoentzat baino ez du gobernatu EH Bilduk". "Iruñearen batasunizazioaren edota bildurizazioaren aurrean gaude: gaztetxeak, txosnak, akanpadak, senideei egindako kontratuak, filtrazioak..." Horiek dira UPNko buru Enrique Mayak hiriaren egoerari buruzko eztabaidan esandakoak.
Era berean, "egungo udal gobernuarekin bat egiten ez dutenak sufritzen" ari direlakoan daude erregionalistak: adibidez, ikurrina balkoian ikusi nahi ez dutenak, sufritzen ari dira, haur eskoletako gurasoak, dendariak eta beste. Mayaren aburuz, "bozka eman zioten %15entzat" baino ez baita aritzen Asiron.
"Kudeaketa txarra" izatea leporatu dio, eta esan, "iruindar asko" daudela alkatetza noiz aldatuko zain.
PSNri dagokionez, Maite Esporrinek uste du "oso txarra" izan dela kudeaketa, "herritarren parte batentzako" baino ez duelako gobernatzen udal gobernuak. "Gai identitarioekin" obsesionatuta dago, haren ustetan, "ikurrinarekin, espazio publikoan baimendutako sinbolo baztertzaileekin eta jaiak polizatzen presoen gaiarekin". Horregatik, PSN "bestelako hiri ereduaren alde" lerratzen da "hiri atseginagoa eta barneartzailea" baten alde.