Urtebetean ikur frankistak erretiratzen ez dituzten udalek isuna jasoko dute

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 21a, 14:05

Eremu publikoetatik ikur frankistak kentzen ez dituztenak zigortuko ditu Gobernuak. Legeak 2.000 eta 150.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu urtebeteko epean sinbolo edo aipu frankistak kentzen ez dituztenentzat.

1936ko kolpe militarraren eta Gerra Zibilaren biktimez hitz egin dute hasteko. Eta onartu dutena, diktamen bat biktima horiek aitortzen dituen legeari atxikiko zaiona.

Zehazki, ikur edo goraipamen frankistak erretiratzen ez dituzten udalei ezartzen ahalko zaizkien zigorrak barnebiltzen ditu irizpide horrek.

Frankismoaren biktimak izan direnak mindu egiten dituzte ikur eta izendapen horiekin, eta behingoz, horiek guztiak espazio publikotik desagertu behar direlako, isunak jartzeko aukera ere jaso behar du legeak Geroa Baiko Virginia Alemanen esanetan. Aurrerapauso nabarmena izan zen frankismoaren eta eskuin muturreko zein poliziaren indarkeria jasandako biktimak aitortzea lege bidez. Orain arte, elkarte memorialistek eta herritarrek egindako bidea hartu dutelako erakundeek ere. Ikur horiek kentzeko erresistentzia jartzen duena zigortzea da xedea. Orain arte inolako ondoriorik gabe haizatu dira frankismoa goratzen duten sinboloak eta behingoz amaiera eman behar zaie halakoei Podemos-Ahal Duguko Laura Perezen ustez. Alderdi sozialistak ere bat egin du laukoak aurkeztu duen diktamenarekin. Izan ere, Inma Juriok uste du oraindik ere gizartea mindu egiten dutela zenbait ikur eta aipamenek.

UPN eta PPk ikurrinarekin parekatu dituzte ikur frankistak

Lege proposamen horren kontra,beste aldean, zeharo aurka, UPN eta PP. Biek konparazio bera egin dute: ikurriña frankismoa goratzen duten ikurrekin alderatu dute. Berdindu egin dute bata eta bestea. Esan dute, euren gustukoak ez diren sinboloak zigortu nahi dituztela baina ez besteak. 

Frankismoaren biktimak eta eskuin muturreko edo polizien indarkeria pairatu dutenak aitortzeko legeak badu beraz diktamen berria: isunak jarriko zaizkie ikur frankistak erretiratzen ez dituzten udalei. Legeak 2.000 eta 150.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu urtebeteko epean sinbolo edo aipu frankistak kentzen ez dituztenentzat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!