Etxebizitza eskuratzeko herritarren eskubidea hobetzea eta alokairu soziala sustatzeko neurriak bultzatzea. Horra Iruñeko Udalak eta NASUVINSA sozietate publikoak sinatu duten hitzarmenaren oinarriak. Hitzarmen horri esker, leihatila bakarreko bulegoa sortuko da Iruñean, arta emateko etxebizitza eskuratzearekin zerikusia duten gai guztiei, Iruñeko Udalaren zein Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak izan. Leihatila bakar horrek badu dagoeneko egoitza Descalzos kaleko 47-53. zenbakiko behean kokatuta dagoen Etxebizitza Bulegoan.
Gaur goizean, Udaletxean, Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Gizarte Eskubideen lehendakariorde zein NASUVINSA Navarra de Suelo y Vivienda SA sozietateko administrazio-kontseiluaren presidenteak izenpetu dute etxebizitza sozialen arloko hitzarmena, zeinaren bidez Udala entitate laguntzaile bihurtuko baita alokairu sozialaren poltsaren programan. Iruñeak bere baliabideak jarriko ditu eskura: langileak, lokalak eta bitartekoak herritarren artean informazioa bideratu eta alokairu sozialeko eskaintza kudeatzeko. NASUVINSAk elementu teknologikoak jarriko ditu, leihatila bakar horretatik tramitatu ahal izateko etxebizitza eskuratzeko eskaerak. Sinatutako hitzarmenak lau urteko indarraldia du, eta aukera dago beste lau urtez automatikoki luzatzeko.
Udalak beste neurri batzuk ere bultzatu nahi ditu herritarrendako alokairu soziala sustatze aldera. Egun, aztertzen ari da pertsona juridikoen –bankuen eta higiezinen agentzien– jabetzakoak diren etxebizitza hutsei tasa bat ezartzeko aukera, 2019rako. Era berean, aztertzen ari da lurraren kontribuzioan salbuespen fiskalak emateko aukera, nori eta alokairu-poltsa honen bidez beren etxebizitza benetan alokatzen duten jabeei; eta aurreikusitakoaren arabera, 1,3 milioi euro joko du aterpe-premia egoerak arintzera bideratuko den kopurua, udal-etxebizitzak birgaitzeko inbertsioaren barruan.
Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzearekin lortu nahi da etxe horiek helburu sozial baterako erabil daitezela. Hutsik dauden etxebizitzak administrazio publikoaren bidez mobilizatzearekin batera arrazoizko alokairuak sortuko dira, alokairu-poltsaren bidez eskainitakoak eta maizterren gaitasun ekonomikoekin bat etorriko direnak, eta jabeek ere abantailak lortuko dituzte Horrela, sustatzen da etxebizitza berriak eratzea eta belaunaldi eta jatorri desberdinetako familien arteko kohesio soziala eta gizarteratzea, eta bultzatzen da, baita ere, jasangarritasuna, hiriguneak dinamizatzen laguntzen delako eta gutxiegi erabiltzen den errekurtsoa berrerabiltzea dakarrelako.
Konpromisoak, Alokairu Poltsa programaren entitate laguntzaile den aldetik
NASUVINSAk kudeatzen duen Alokairu Poltsa programan entitate laguntzaile gisa parte hartzeak berekin dakar zenbait betekizun eta konpromiso. Udalak konpromisoa hartzen du Alokairu Poltsa programa herritarren artean hedatzeko eta informazioa emateko programaren onura, betekizun eta aukeren gainean. NASUVINSAK, bere aldetik, prestakuntza emango die Etxebizitza Bulegoko langileei, indarrean den araudiaren gainean. Udalak Iruñean hutsik dauden etxebizitzak antzeman eta identifikatzeko neurriak abiatuko ditu, eta Nafarroako Gobernuak datuak jarriko ditu Udalaren eskura, hutsik dauden etxebizitzen errolda egin dezan.
Udalak udal-mugartean etxebizitzak alokatzeko eskaera kuantifikatuko du, eta hori bideratuko du Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erroldara, bertan benetan eman dezaten izena; modu horretan ahalik eta informazio zehatzena lortuko da Iruñeko auzotarren etxebizitza-beharren gainean. Gainera, Udalak erraztu egingo du aurrez aurreko eta dokumentu bidezko kudeaketa, bai etxebizitza baten jabe izan eta hori eskaini nahi duten pertsona zein entitateena, baita etxebizitzak alokatu nahi dutenena ere.
Udalak aztertuko du, baita ere, lurraren kontribuzioan jabeei salbuespen fiskalak emateko aukera, baldin eta jabeek beren etxebizitza benetan alokatzen badute Alokairu Poltsaren bitartez. Halaber, Udalak hainbat eraikin eta etxebizitza egoera egokian mantentzeko lanak sustatuko ditu, horien birgaitzea lagunduz eta Birgaitze Bulegoan egiten den lanari bultzada emanez. Era berean, Udalak zainduko du Eraikinen ebaluazio-txostenak garaiz eta modu egokian aurkezten direla.
120 udal-etxebizitza aterpe-premia dutenendako
NASUVINSA sozietate publikoak kudeatzen du Alokairu Poltsa, eta zenbait berme eskaintzen dizkio hutsik dagoen etxebizitza bere esku uzten duen pertsona orori. Hauek dira berme horietako batzuk: errentaren ordainketa puntuala eta ziurra, lehenengo maizterra sartzen den unetik; etxebizitza egoera onean itzultzea (salbu eta etxebizitzaren ohiko erabileraren ondoriozko narriadura); eta etxeko arrisku anitzetarako aseguruaren kontratazioa (etxeko edukia estaliko duena), etxebizitzan gerta daitezkeen ezbeharrak estaliko dituena. Gainera, Eskubide Sozialetako departamentuaren bitartez, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko die maizter diren familiei, diru-sarrera eta familia-unitatearen arabera: ordaindu beharreko errentaren % 25, % 50, % 75 edo % 90 emango die, hartara, familia horiek beren gaitasun ekonomikoarekin bat datozen arrazoizko alokairuak lor ditzaten.
Iruñeko Udalak badu etxebizitza-parke bat, besteak beste aterpe-premian daudenei bideratutako alokairu sozialeko etxebizitza eskaintza handitzeko erabiltzen dena. Oraingoz, Udalak 120 etxebizitza ditu aterpe-premian daudenendako, eta aurreikusten da 2018an 1,3 milioi euro inbertitzea kopuru hori handitzeko (dagoeneko, 300.000 euro gastatu dira). Are, ohiz kanpoko finantziazioa bilatzen ari da etxebizitza gehiago eta azkarrago jarri ahal izateko jendearen esku. Udalak bere ahalmena eskaintzen du (langileak, lokalak, bitartekoak), eta ingurunearen ezagutza eta herritarrenganako hurbiltasuna ere, bai informazioa bideratzeko, bai alokairu sozialen eskaintza herritarren artean ahalik eta arinen kudeatzeko, udal-etxebizitzen parkearen bitartez eta NASUVINSAk kudeatzen duen alokairu poltsaren bitartez.