Abiadura Handiko Trenaren Partzuegoarekin batzartu da Nafarroako Gobernua. Biek erabaki zuten Nasubinsari eskatzea aztertzeko Etxabakoizerako prestatua dagoen Udalaz Gaindiko Proiektua. Izan ere, "etxebizitza burbuila" gori-gori zenean prestatu zen egitasmo hura eta egun "bideraezina" delakoan daude. Hartara, proiektua aztertu eta aldatzek proposamena dago mahai gainean. AHTarentzat geltoki berria eraikitzeaz gainera etxebizitza sail handia aurreikusita zegoen proiektu hartan eta orain, aldatzeko aukera badela uste dute. Geroa Bai eta EH Bilduren babesa du proposamen berri horrek eta bat egin du eurekin baita UPNk ere. Azken babes horrek agerian uzten du Udalaz Gaindiko Proiektuak ez duela zentzurik eta egin ezina dela.
2007an onartu zuten Udalaz Gaindiko Proiektua. Abiadura Handiko Trenarentzat geltokia aurreikusten zuen eta horrez gain beste 9.000 etxebizitza eta industriagune bat ere bai. Egitasmo hura krisiarekin batera utzi zen bertan behera ekonomikoki bideraezina izan baitzen. Ostiralean batzartu ziren Gobernuko Garapen Ekonomikorako presidenteordea, Manu Aierdi, Iruñeko Udaleko ordezkaria, Zizur Nagusikoa eta Zizurko Zendeakoa.
Partzuegoaren akordioa
Udalaz Gaindiko Proiektua egin ahal izateko zenbait lursail gaitu egin behar dira eta Iruñeko Udalak Partzuegoaren onarpena behar zuen horretarako. Negoziazio luze baten ondoren Udalaren proposamena onartu eta 2019, 2020 eta 2021 urteen artean eginen dituzte lursail horien berreskuratzea. Argal zonaldean adibidez indistria-nabeak daude eta horiek botatzeko eta bestelakoak ontzeko 490.000 euroko inbertsioa egin beharko da.