Esa urtegiaren handitzeaz ikuskaritza egin du Kontu Auzitegiak. Txosten horretan ageri denaren artean, bi zifra nabarmen: 120,4 milioi euroko kostua izanen zuten Esa urtegia handitzeko lanek eta 2005erako amaituak izanen ziren, baina, 253,5 milioi eurokokostua izan dute orain arte eta bukatu gabe daude 12 urteren ondoren. "Admnistrazioek lan horietan izan duten kontrol eza eta planifikazio falta nabarmena da", jaso dute txostenean.
Esa urtegia zabaltzeko lanek %110eko gainkostua izan dute eta gainera ez du oraindik ere ur-kantitate handiagoa hartzeko ahalmenik. Lanak egin diren bitartean sortu diren "arazoak" konpontzeko handitu dituzte kostuak: "Hasieratik faltan izan diren txosten teknikoek eragin dute etorkizunean sortu diren akatsek eragitea gainkostuaren parte handi bat", nabarmendu du Kontu Auzitegiak txostenean. Lehendabiziko proiektuetan hutsuneak eta gabeziak nabarmenak dira, prebisio falta egon da, Administrazioen arteko koordinazio falta, txostenik ez da egin eta sortzen ahal ziren arazoak ere ez ziren aurreikusi. 2020rako gutxienez luzatu beharko dira Esa urtegia handitzeko lanak.
Egin behar ez denaren adibide
Antonio Aretxabala geologoak elkarbanatu du Kontu Auzitegiak egindako txostenaren laburpen bat sare sozialen bidez. Gaineratu du geologoak Esa urtegiaren handitzea zenbait unibertsitatetan adibide gisara erabiltzen dutela "egin behar ez den" proiektu modura. Espainiako eta Hego-ameriketako zenbait unibertsitatetan ikasleei Ingeniaritza ikuspuntutik eta ingurumenerako kalte gisako ikuspuntutik egin behar ez dena azaltzeko erabiltzen dute Esa urtegiaren adibidea. "Orain, gainkostua eragin duen lan bat bezala eta hamabi urteko atzerapenarekin egindako gisara ere erabil dezakete", esan du Aretxabalak sare sozialetan.