La Pamplonesa, ikasgeletara

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 13a, 07:53

3 eta 7 urte bitarteko ikasleek banda ezagutu eta adimen musikala garatu dezaten, eskolak bisitatuko ditu.

La Pamplonesa ikastetxe publiko eta itunduetako ikasgeletara sartuko da hurrengo ikasturtean, 3 eta 7 urte bitarteko ikasleek banda ezagutu eta gainera adimen musikala garatu dezaten. La pilindros ezagutuko dute, 2. dianaren bidez erritmo- zein gorputz-adierazpena landuko dute, eta Ánimo pues... nafar estanparen bidez ahozko eta instrumentuko adierazpena ikasiko dute. Horretan datza Conoce tu banda- Ezagut ezazu zure musika banda programa berria, 2019ko urtarrilean abiatuko dena musika-bandaren mendeurrena ospatzeko emanaldi-programaren barruan.

Programa berria gaur aurkeztu dute Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendari Hasier Morrásek, La Pamplonesako lehendakari José Andrés Palaciosek eta zuzendariorde Jesús Garísoainek. Haiekin batera egon dira Susana Vélaz, Oihane Manterola eta María Ángeles Tirapu, proiektua garatu duen El país de la música enpresako ordezkariak.

Proiektu honek jolasaren bidez hurbilduko du La Pamplonesaren musika Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako lehenengoko ikasleengana, bandak jotzen dituen doinu herrikoien bidez, horrela publiko berria sortu eta etorkizuneko La Pamplonesaren jarraitzaileen harrobia sustatuko delarik.

Adimen musikala

Proiektuaren oinarrian askotariko adimenen teoria dago, zeinaren bidez defendatzen baita adimen mota ezberdinak daudela; horietako bat adimen musikala da, hain zuzen ere, eta oso lotuta dago forma musikalen bidez adierazi, transformatu, diskriminatu eta antzemateko gaitasunarekin. Gainera, adimen musikalaren barnean daude honako gaitasun hauek: kantatzea, instrumentu bat jotzea, konposatzea eta musika hautematea.

Ikasmaila bakoitzarentzako berariazko materiala sortu da, lau jardueraz osatua.  Ipuina interesgune bihurtuz, ikasgelan jolasaren bidez landuko dira entzumenarekin, gorputzarekin, ahotsarekin eta instrumentuekin lotutako alderdiak, adin bakoitzarentzat material erakargarria erabilita. Materiala sortu da Foru Komunitatean dauden hizkuntza-eredu guztiak asetzeko, eta bereziki zaindu da irakasleei zuzendutako hizkera, halako moduan non erraza izango baita ikasgelan proiektua gauzatzea nahiz eta irakasleak ez eduki berariazko musika-ezagupenik.

Ekainean, proiektua ikastetxeei aurkeztuko zaie eta izen-emateak irailean egingo dira. Programa 2019ko urtarriletik martxora garatuko da. Jarduera osatze aldera, bandak prestatuko duen erakusketa ikusgai egongo da, Kondestablearen Jauregian, eta 2019tik apiriletik urrira bitarte bisitatu ahalko da. Erakusketaz gain, proiektuan parte hartzen duten ikastetxeek aukera izango dute Nazioarteko Banda Jaialdiko zenbait agertokitara joan eta eskola-jardueratan landutako doinuak entzuteko. Jaialdi hori Iruñean izango da, ekainaren 12tik 16ra.

Halaber, eskola-jarduera hau egiten duten ikastetxeek La Pamplonesaren La banda sonora de las fiestas diskoa jasoko dute, eta denek erabili ahal izango dute. Era berean, online deskargatzeko plataforma batera igotzen ari dira bandaren CDak, horiek deskargatzeko aukera izan dezaten.

Ezagut ezazu zure musika banda proiektua baliagarria da La Pamplonesarentzat, bai eta Nafarroa osoko 80tik gora bandak ezagutarazteko ere. Banden Federazioa laguntza ematen ari da proiektua hedatzeko.

Mendeurrena

Proiektu hau La Pamplonesa prestatzen ari den jarduera-sortaren barruan dago; izan ere, 2019. urtean beteko da udal-bandaren jaiotzaren mendeurrena. Programa hau prestatze aldera lan-batzorde bat eratu zen ideiak proposatzeko, betiere funtsezko helburu gisa hartuta jardueren bidez publiko guztiengana heltzen saiatzea urte osoan zehar.

Jarduera batzuk ezagunak dira dagoeneko, esate baterako Iruñeko Nazioarteko Banda Jaialdia, eta beste batzuk laster aurkeztuko dira. Hori horrela, gaur iragarri da datorren urtean proiektu bat aurkeztuko dela, La Pamplonesaren adiskideen elkartearekin batera, ikastetxeek parte har dezaten maila aurreratuenen ikasleek sortuko luketen ikus-entzunezko proiektu batean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!