ETAren desagerpenak aro berri bat ekarri duela uste du Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialak. Madrilen gobernu aldaketak ere itxaropenerako leiho bat zabaldu duela uste dute. Orain, espetxe-politikaren egokitzapena ahalbidetu beharko litzatekeela diote.
"Gizartea eraiki behar da, bakean, preso eta ihesean diren pertsonarik gabe", esan dute. Hala, Etxeratek gogorarazi du, eurentzat premiazkoa dela espetxe politika lehen bait lehen aldatzea. Biktima izaten segitzen dutelako. Asteburuero milaka kilometro egin behar izaten dituztelako oraindik ere euren senideak bisitatzeko.
Sarek ere uste du badela garaia presoen aferaren korapiloa askatzeko. Herritarren aktibaziora deitu du, erakundeetara iristeko irtenbidea emanen dion erabakiari.
Espetxe politika "premiaz" aldatu behar da
Mahai-inguruak antolatu dituzte espetxe-politikaren gaia lantze asmoz. Lehendabizikoa ostegunean izanen da ‘Espetxe-politika berri bat aro berrirako’ goiburuarekin. Gizarte zibileko pertsonak izanen dira mahaiaren bueltan: Javier Eneriz Arartekoa, Libertad Frances Salhaketako kidea, Patxi Zabaleta abokatua, Mikel Armendariz abokatua eta Adriana Goikoetxea Amnistia Internazionaleko kidea.
Bost ardatzen inguruan solasteko aukera izanen dute:
- Gaixotasun larriak dituzten presoak
- Zigorra betetzeko lekua eta destinoa.
- Gradu-politikak.
- Zigorren pilaketa.
- Espetxe-alorreko eskumenak.
Bigarren mahai-ingurua espetxe-politika aldatzearen alde agertu diren alderdi politikoak gonbidatu dituzte: Geroa Bai, EH Bildu, PSN, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra. Hori, ekainaren 20an izanen da. Bi hitzaldiak Ezpeleta jauregian izanen dira arratsaldeko 7etan.