Arte Eskolako ikasleek 'Abentura operazio-gelan' sortu dute

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 6a, 08:15

Animazio-proiektua Nafarroako Ospitale Gunean operatuko diren haurrei informazioa emateko banatzen zaien materialaren barnean sartuko da.

Iruñeko Arte Eskolako ikasleek Nafarroako Ospitale Gunean (NOG) aurkeztu dute gaur “Aventura en el quirófano-Abentura operazio-gelan” ipuin-gidaren bideo-bertsioa, haurren operazio-gelan ebakuntza egingo dieten haurrei eta haien familiei informazio atsegina eta ulertzeko modukoa eskaintzeko sortua.

Animazio-proiektua Arte Eskolako Ikus-entzunezko Grafikoko zikloko lehen mailako ikasleek egin dute, NOGekin eta Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroko Komunikazio eta Diseinu unitatearekin elkarlanean. Ekimena komunikazio-agentzia edo produkzio-etxe bati egindako benetako enkargu baten simulazioa bezala planteatu zuten. Azken emaitza bederatzi kapituluko mini serie bat izan da, guztira 15 bat minutuko iraupenekoa, proiektuetan (ACBP) oinarritutako elkarlaneko ikaskuntzaren metodologiapean proposaturiko talde-lanaren fruitua. Proiektua apirila eta maiatza artean garatu dute, ikasturteko hirugarren ebaluazioarekin batera.

Bideoaren aurkezpenean, besteak beste, honako hauek hartu dute parte: Iruñeko Arte Eskolako zuzendariak, Isabel Santanak; proiektuaren irakaslea eta koordinatzailea den Verónica Eguarasek; Haurren Operazio-gelako Erizaintza eta Ospitaleratze gabeko Kirurgia eta Anestesiaren NOGeko Unitateko buruak, Marta Errozek; eta egiten parte hartu duten ikasle batzuek: Ibón Anadón, Silvia Ansoáin, Jokin Aranguren, Raquel Ariztia, Anass Benbrahim Boujemaa, Amaia Escartín, Maitane Goñi, Raquel Izco, Emilio Lizcano, Bryan Madrid, Danel Salinas, Andrea Simón, Iker Unzu eta Marta Vidal. Proiekturen ‘estreinaldian’, halaber, laster NOGen ebakuntza egingo dieten haurren gurasoak izan dira; hain zuzen ere, materiala publiko mota horrentzat da.

Ideia eta testu orijinala NOGeko Haurren Operazio Gelako taldearena eta Anbulatorioko Kirurgia Handiko Unitatearenak dira; ilustrazio-lanak María Azconak egin ditu, eta idazteaz, diseinuaz eta maketazioaz Navarrabiomed arduratu da. Paperezko formatuan gertatzen den bezala, “Abentura operazio-gelan” lanaren ikus-entzunezko bertsioaren protagonista Ane da, ospitalera ebakuntza egitera iristen den neskatoa. Harekin batera dator Piku izeneko bere panpina maitagarria, dinosauro oso dibertigarria, gertatuko den guztiaren berri eman eta bidaiari aurre egiten lagunduko diona. Era berean, beste pertsonaia batzuk agertzen dira; hala nola, Kirurgiako profesionalak, erizainak, zaindariak, administrazioko langileak eta laguntzaileak, besteak beste.

Sustatzaileek azaldu dutenaren arabera, “Abentura operazio-gelan” animazio-proiektua pertsonaiak animatzen ikasteko eta azken produktu bat egiteko helburu pedagogikoarekin sortu da, horretarako beharrezko elementu guztiak koordinatuaz. Ikasleek benetako praktikaren eta talde-lanaren bitartez gauza asko ikasi dituzte: gidoiak egokitzea, ‘storyboards’ sortzea, taldeen eta gizakien produkzio- eta koordinazio-lanak, pertsonaia grafikoak egokitzea, pertsonaien animaziorako softwarea erabiltzea, ahotsak grabatzea, soinu-efektuak gehitzea, planoak osatzea edota azken emaitza editatzea.

Eguarasek eta Errozek nabarmendu dute proiektuan "lana aberastu duten borondatezko parte-hartze ugari" egon direla. Esate baterako, Asier Ricartek, Uxuri Etxegiak eta Xabier Martínezek, Plaza de la Cruz Institutuko Arte Eszenikoen, Musikaren eta Dantzaren batxilergoko ikasleek, euskarazko eta gaztelerazko ahotsa jarri diete Aneri eta Pikuri. Gainerako pertsonaien ahotsak, berriz, Arte Eskolako ikasleek eta hainbat irakaslek grabatu dituzte bi hizkuntzatan. Soinu-bandaren musika eta goiburua Emilio Lizcano eta Andrea Simon ikasleek konposatu dituzte.

Ikaskuntza profesionala

Proiektua gelatik haratago doanez NOGekiko lankidetzaren bitartez eta benetako helburua duen lan bat denez, ikasleek epeak eta aurkezpenak betetzen ikasi dute, ikasketa profesionalaren harremana ezarriaz, bezeroa tartean izateagatik. Proiektuaren bitartez, ikasleak benetako eszenatokian kokatu dira, erantzukizun eta konpromiso profesionalak haien gain hartze aldera, lan-merkatuan aurre egin beharko liekeen bezalaxe.

Modu horretan, Proiektuetan (ACBP) oinarritutako Elkarlaneko Ikaskuntza proiektutzat hartzeaz gain, ApS (Ikaskuntza-Zerbitzua) deiturikoan ere sartzen da, komunitatearentzat onuragarria den produktu bat sortzera bideratua. Metodologia horien aldeko apustua Lanbide Heziketarako Plan Estrategikoaren helburuetariko bat da, Hezkuntza Departamentuko LHko Zerbitzuaren zuzendari Esther Monterrubiok kudeatua (bera ere aurkezpenean izan da).

Proiektuaren animazioak NOGek jada argitaratutako haurren operazio-gelako harrera gida osatzeko helburuarekin egin dira; gida horretan, haurrei eta haien familiei igaroko dituzten faseei buruzko informazioa ematen zaie, gurasoentzat informazio praktikoa gehitzearekin batera. Animazio-proiektuaren asmoa izan da Youtube bidez eskuratzeko moduko produktu bat egitea ebakuntza egingo dieten haurrentzat, umeentzat oso naturala den bidea erabiliaz, aro digitalean jaiotakoak izanik, eta deskribatzen diren egoerei dinamismoa eta fantasia erantsiaz. Hortaz, xedea da gaixo pediatrikoei aurrean izango duten esperientziaren inguruko informazioa ematea haiengandik hurbilekoa den hizkuntza erabiliaz, hizkuntza atseginagoa eta dinamikoagoa, era horretan lasaitzea eta ohitzea lortuaz.

Animazioak egiten lanean aritu den taldearen (ikasleak eta irakaslea) esperientzia "oso motibagarria" izan da; beraz, uste dugu “ikasketa-maila oso handia eta osoa lortu dela, eta erraz ahaztuko ez den bizipena izan dela" adierazi dute sustatzaileek.

Iruñeko Arte Eskolan Batxilergo Artistikoko irakaskuntzak ez ezik, Arteetako Erdi eta Goi Mailako hainbat irakaskuntza ere eskaintzen dira, eta, aurtengo ikasturtean, NOGekin batera adostuta, hainbat proiektutan elkarlana egiten hasi da. Gaur aurkeztutakoa Ikus-entzunezko Grafikoaren ziklo berriarekin lotzen da, 2017-2018 ikasturteko berrikuntzetariko bat, eta horren helburua da ikasleak trebatzea ikus-entzunezkoen komunikazio-munduan lan egiteko, oinarri grafikoko produktuetan oinarrituta, ingurune profesionalean eskuarki ‘motion graphics’ deitzen direnetan. Beste genero batzuen artean, honako hauek sartzen dira: tutorialak, azalpen-bideoak, ikusmen-pentsamendukoak edo ‘visual thinking’, animazio tipografikoak, pertsonaien animazioak, telebistako gortinak, kredituak eta goiburuak edo bideo esperimentala.

Humanizazioaren Estrategian kokatutako gida

"Abentura operazio-gelan" lanaren argitalpen orijinalak "la Caixa"ren Gizarte Ekintzareneta Nafarroako Kutxa Fundazioaren bultzada eta finantzaketa izan ditu, eta Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideako gaixoentzako giden bilduman sartzen da. Halaber, NOGeko Haurren Operazio-gelako Erizaintza Unitateak bultzaturiko ekimenen artean aurkitzen da, zerbitzu horretan urtero tratatzen diren 2.100 haurren arreta asistentzialaren kalitatea hobetzearren. Modu berean, Nafarroako Osasun Sistema Publikoa Humanizatzeko Planean kokatzen da; bertan, osasun-sareko zerbitzu ezberdinetan gaixoei eta ingurunekoei ematen zaien komunikazioa eta informazioa hobetzera bideratutako neurriak jasotzen dira. Helburua da giro abegitsuagoa sortzea eta, era horretan, osasun-sistema publikoko erabiltzaileen asebetetze-maila areagotzea.

Orobat, gidaren eta gaur aurkeztutako ikus-entzunezko aldaeraren helburua da gaixoen segurtasuna hobetzen laguntzea, jarraitu beharreko urrats guztien informazio xehatua eta ebakuntza kirurgikoaren aurrean prestatzeko neurrien (dieta, baraua, prozesuaren faseak eta harremanetarako informazioa) berri ematen baitu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!