Iruñeko Udalak lehenbiziko aldiz argitaratu du Iruñeko historia euskaraz kontatzen duen liburu bat: Iruñeko historia. Hiriaren ibilbidea historian barna. Testuak 32 adituk idatzi dituzte, gehienak unibertsitatearen esparruko historialari eta ikertzaileak, eta horiei batu zaizkie arkitektura, kazetaritza, soziologia, pedagogia, filologia eta biologia arloetako profesionalak. Horrela, Iruñeko Udalak alderdi zientifikoa eta dibulgaziokoa uztartu ditu liburu honen argitalpenarekin, halako moduan non Iruñearen gaineko ikerlanak bildu baititu eta, aldi berean, euskarazko literatura-ekoizpena eta ekoizpen akademikoa sustatu.
Hauek dira parte hartu duten egileak: Patxi Abasolo, Álvaro Aragón, Iñaki Azkona, Joxemiel Bidador, Jokin del Valle de Lersundi, Enrike Díez de Ultzurrun, Ana Díez de Ure, Enrique Domínguez, Iñaki Galarraga, Gotzon Garmendia, Iván Giménez, Roldán Jimeno, José María Jimeno, Koldo Larrañaga, Mª Mar Larraza, Juan José Larrea, Irene López-Goñi, Juan Karlos Lopez-Mugartza, Emilio Majuelo, Fernando Mendiola, Fernando Mikelarena, José Luis Nieva, Nerea Pérez, Gemma Pierola, Bixente Serrano eta Daniel Sánchez, Ekaitz Santazilia, Bixente Taberna, Elena Torregarai, Oskia Ugarte, Gregorio Urdániz eta Eneko Zuloaga. Xehetasun guztiak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte gaur Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta liburuaren editoreek: Nafarroako Unibertsitate Publikoko historialari eta irakasle Roldán Jimeno, Iruñeko Udaleko euskal kulturako teknikari Iñaki Azkona eta Pamiela argitaletxeko David Mariezkurrena.
Joxemiel Bidadorri eskainitako liburua, haren lan argitaragabea jasotzen duena
Testuen artean Joxemiel Bidadorren lan argitaragabea azpimarratu daiteke; izan ere, liburua egile horri eskaini zaio. Ponentzien artean aurki daiteke, bere euskarazko bertsioan, Gerra Zibilean eta Frankismoan kartzelaratu eta eraildako Iruñeko herritarrak txostena, Nafarroako Unibertsitate Publikoko historialariek egina, Udalaren enkarguz. Iruñeko mendeetako historia jorratzen duten lanak osatzeko bestelako izaera tematikoko testuak ere txertatu dira, honako gaiei heltzen dietenak: euskara eta euskararen historia Iruñean, iruindarrek egindako literatura, artea hirian eta emakumeen hiria. Amaitzeko, gaur egungo Iruñearen gaineko ikuspegia ematen duten bi lan erantsi dira: alde batetik, udal-soziologo ohi Gregorio Urdánizen ikuskera, hiriaren garapen demografikoa eta urbanistikoa modu objektiboan deskribatzen duena; eta bestetik, Iván Giménez kazetari eta idazlearen ikuskera, subjektiboagoa. Liburuaren azala Xabier Idoate artista iruindarraren esku utzi da.
Liburuaren abiapuntua ezagutzeko, 2002 eta 2003. urteetaraino egin behar da atzera, Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak hiriko historiaren gainean antolatzen zituzten ziklo monografikoetara, hain zuzen. Historiako garai ezberdinetako zenbait adituk aurkeztu zituzten ikuspuntu zientifiko hertsiak eta gaurkotuak zituzten txostenak, eta horien berritasuna eta balioa zen zuzenean euskaraz pentsatuak eta idatziak zirela. Hori gertaera erabat berria zen, euskararen erabilera maila akademikoan hartzen ari zen indarraren erakusle. Ekimen hura koordinatzea egokitu zitzaien Nafar Ateneoaren euskara eta euskal kultura arloko kide Roldan Jimeno Arangureni eta Iruñeko Udaleko Euskara Koordinatzaile Iñaki Azkonari. Gaur aurkeztutako liburuan, egileek gaurkotu eta osatu dituzte beren txostenak.
25 euroan salgai
Pamiela argitaletxeak argitaratu du liburua, eta Nafarroako eta Iruñeko historia jorratzen duen bilduman jasoko du, non, funtsean, gai horiek ezagutarazi eta gai horietan sakontzeko historia-testuak biltzen baitira. 800 ale inprimatu dira, horietako 150 azal gogorrean; Udalak erosiko ditu horiek, eta paper-azaleko beste 70 ale ere. Liburuak 25 euroan salduko zaizkio jendeari. Iruñeko Udalarentzat, ekimen honen kostua 6.475 euro izan da (BEZa barne). Une honetan, testuak gaztelaniara itzultzen ari da Udala, liburua gaztelaniaz argitaratu ahal izateko.
Lan guztiak zuzenean idatzi dira euskaraz, honako hauek izan ezik: Gregorio Urdániz udal-soziologoarena; memoria historikoaren gaineko txostena, zeinaren euskarazko bertsioa liburu honetarako idatzi baita; Nafarroako Unibertsitateko Mari Mar Larrazaren lana eta Ana Diezena (Ellas liburuaren egilekidearena); eta José María Jimeno Juríok idatzitako artikulua, Iruñeak historian zehar izan dituen izen ezberdinei buruzkoa, liburu honetarako berreskuratu dena. Pasarte horiek gaztelaniaz idatzitako jatorrizkotik euskaratu dira.
Testuak Alberto Barandiaran eta Enrike Diez de Ultzurrun kazetari eta idazleek orraztu dituzte, estilo homogeneoa lortu eta artikulu guztiei hizkuntza-irizpide berberak aplikatze aldera. Liburuaren edukiarekin bat datozen irudien bilaketan parte hartu dute Udal Agiritegiko arduradun Ana Huesok eta bertako teknikari Ricardo Gurbindok.
Iruñeko historia. Hiriaren ibilbidea historian barna. Egileak
- Patxi Abasolo. Historialaria.
- Alvaro Aragón Ruano. Historialaria. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
- Iñaki Azkona Huércanos. Kultura eta Hezkuntzako Alorra. Iruñeko Udala
- Joxemiel Bidador. Ikertzailea.
- Jokin del Valle de Lersundi. Biologoa, Geologian aditua. Nafarroako Gobernua
- Enrike Diez de Ultzurrun. Idazlea.
- Ana Diez de Ure. Historialaria.
- Enrique Domínguez Fernández. Historialaria.
- Iñaki Galarraga Aldanondo. Arkitektoa. Euskal Herriko Unibertsitatea
- Gotzon Garmendia Amutxastegi. Historialaria. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
- Iván Giménez. Kazetaria.
- Roldán Jimeno Aranguren. Historialaria. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
- Jose Maria Jimeno Jurío. Ikertzailea.
- Koldo Larrañaga Elorza. Historialaria. Euskal Herriko Unibertsitatea.
- Mª Mar Larraza Micheltorena. Historialaria. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
- Juan José Larrea. Historialaria. Nafarroako Unibertsitatea
- Irene Lopez-Goñi. Pedagogiako irakaslea. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
- Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriarte. Filologoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
- Emilio Majuelo. Historialaria. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
- Fernando Mendiola Gonzalo. Historialaria. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
- Fernando Mikelarena Peña. Historialaria. Zaragozako Unibertsitatea
- José Luis Nieva Zardoya. Historialaria.
- Nerea Pérez Ibarrola. Historialaria. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
- Gemma Pierola. Historialaria. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
- Bixente Serrano Izko. Historialaria.
- Daniel Sánchez Aguirreolea. Historialaria.
- Ekaitz Santazilia. Filologoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
- Bixente Taberna Irazoki. Arkitektoa. Iruñeko Udala
- Elena Torregarai Pagola. Historialaria. Euskal Herriko Unibertsitatea
- Oskia Ugarte. Artearen historialaria. Uharte zentroa
- Gregorio Urdaniz Irurita. Soziologoa. Iruñeko Udala
- Eneko Zuloaga. Filologoa. Euskal Herriko Unibertsitatea