Nafarroako Gobernuak, plantilla organikoa aldatzeko gaurko saioan onartu duen foru dekretuaren bitartez, aldi bateko enplegua egonkortzeko tasari dagokion ezohiko lan-eskaintza publikoan bildutako 1.141 irakasle-plazetarako espezialitateak eta hizkuntzak ezarri ditu.
1.141 plazetatik, 430 maisu-maistren kidegoari dagozkio, 689 plaza Bigarren Hezkuntzako irakasleak hautatzeko dira eta 22 Musika eta Arte Eszenikoetako katedradunei dagozkie. Hizkuntzen arabera, 717 plaza gaztelaniaz izango lirateke eta 424 euskaraz.
Neurri hau aldez aurreko pausoa da lan-eskaintza publiko hori zehaztuko duen foru dekretuaren onarpenerako, izan ere, erabakia datorren astean har liteke. LEPa egiaztatu ondoren, Gobernuak hiru urteko epea izanen du dagozkion sarbide-deialdiak onartzeko.
Horren harira, Bigarren Hezkuntzako irakasleendako 689 plazetako batzuk, egun tramitatzen ari den eta azterketak ekainaren 23an hasiko dituen Bigarren Hezkuntzako deialdiaren plaza kopurua (ez espezialitate kopurua) handitzeko erabiliko dela aurreikusi da.
Ezohiko lan eskaintza publiko hau 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen emaitza da, izan ere, lege horretan xedatutakoaren arabera, zenbait sektoretan, adiministrazio publikoek, ohiko ordezkatze-tasarekin batera, aldi bateko enplegua egonkortzeko tasa osagarria ere baliatu ahalko dute, gutxienez 2016ko abenduaren 31aren aurreko hiru urteetan aldi batez eta etengabe okupatuta egon diren aurrekontuei atxikitako plazen ehuneko 90 ere barne hartuz.