Nafarroako Ahal Dugun "estatu kolpea" egon dela salatu dute Ainhoa Aznarez, Mikel Buil eta Tere Saez alderdiko parlamentariek. Kritikoen "arduragabetasuna, leialtasun falta, ikuspegi politiko eza eta aldaketarekiko konpromiso gabezia" salatu dituzte. "Transfuga" deitu dituzte, makina bat aldiz, baina iragarri dute ez dutela alderdia utziko eta izena mantenduko dutela. Halaber, azpimarratu dute Ahal Duguko gainontzeko parlamentariekin dauzkaten ezberdintasunak ez direla "politikoak, antolakuntzari dagozkionak baizik". Ainhoa Aznarez, parlamentuko presidente eta Ahal Duguko parlamentariak azaldu duenez, hemendik aurrera, hedabideen aurrean nor bere aldetik azalduko dira.
Kritikoek izen aldaketa nahi dute
Txanponaren bestaldea, Ahal Duguko lerro ofizialistarekiko kritikokoak direnak. "Estatu kolpea" eman dutenak besteak izan direla esan du gaur Carlos Couso parlamentariak, Aznarezen, Builen eta Saezen esanei erantzunez. "2015eko Ahal Duguren ideien transfugak" izatea leporatu die. Era berean, azpimarratu du talde parlamentarioa "hautsita" dagoela eta haiek ez dituztela aktak itzuliko, "alderdiari botoa eman zioten 46.000 pertsonekin daukaten konpromisoarengatik".
Alderdiarekin "identifikatuta" sentitzen ez direnez gero, izen aldaketa eginen dutela iragarri du Cousok, "ez baitu zentzurik Ahal Dugu deitzen jarraitzeak". Haren hitzetan, gehiengoa direnez gero -zazpitik lau- posible dute aldaketa hori egitea.
Eta izena aldatuz gero zer?
Izena aldatuz gero, ofizialistek zer eginen ote luketen galdetuta, "haien kontua" dela aipatu du kritikoak. Izan ere, bi aukera izanen lituzkete, azaldu duenez: batetik, izena aldatuta taldean segitzea; bestetik, ez atxiki bezala jardutea, baina bigarren aukera hau hartuz gero, parlamentuko batzordeetan dagoen gehiengoa, -bederatzitik sei- "arriskuan" jarriko lukete, eta, baita "Mahairen egonkortasuna" ere. Gainera, Aznarezek ezinen luke presidentetza mantendu ez atxiki bezala egonez gero. Era berean, kritikoek ziurtatu dute besteak ez direla joan bi aldeen artean jarritako hiru bileretara.
Urak harrotuta daude, baina, dena dela, legealdian aldaketa arriskuan ez dagoela azpimarratu dute batzuek zein besteek.