16 paseo gidatu eta 7 ibilbide eskainiko dira Donejakue Bidean

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 28a, 09:01

Paseo gidatuak baso hostotsuetan, historia duten haitzuloetarako bideak edota whatsappeko profileko iruditzat jartzeko moduko selfieak egitera gonbidatzen dituzten ikuspegi panoramikoak… baita basamortuak, urmaelak, ibaien sorburuak, erromatarren galtzadak, monumentu megalitikoak... ibilbide gidatuen eskaintzaren osagaiak dira. 

Ekainaren 2an abiatu eta azaroaren 4a arte luzatuko den produktu turistiko honen osagarri gisa, herri, begiratoki nahiz monumentu naturaletarako bisitak, hegaztien behaketak eta dastaketak ere antolatuko dira.

Aurkezpenaren buruan, Aezkoako Aribe herrian hautauriko bidezidorretako baten zati bat osatu da, Irati ibaiaren meandroaren ezkerreko ibaibazterrean zehar, zubi esekiraino.

Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako Zuzendari Nagusiak ondoz ondoko bigarren urtez bultzatu duen ibilbide gidatuen programa honetan, 120 paseo gidatu antolatuko dira 16 bidezidorretan zehar eta 7 ibilbide Donejakue Bideko frantses bidean barna, Nafarroako aniztasun natural, paisajistiko eta kulturala erakusteko asmoz.

Paseo gidatuak astebururo antolatuko dira ekainean, irailean, urrian eta azaroan, baita uztaileko eta abuztuko astearte, ostegun eta larunbatetan ere, goizez, 10:00etan edo 11:00etan hasita. Publiko guztientzat egokituta daude, zailtasun gutxiko ibilbideak baitira, eta 2 ordu eta 30 minutu eta 3 ordu eta 30 minutu bitarteko iraupena izanen dute. Ibilbide bakoitzaren sustapen-prezioa 7 eurokoa izanen da 16 bidezidorretan.

Ibilbideen programa osatzeko, Donejakue Bideko frantses bidearen aberastasun naturala eta kulturala ezagutzeko aukera emango duen beste proposamen bat ere abiatuko da, zazpi eta hamar kilometro bitarteko ibilbide laburrez osaturikoa, Donejakue Bideak Foru Komunitatean bildu duen ondareari buruzko azalpenekin aberastuta. Kasu honetan, irteerak larunbatetan eginen dira, ekainetik azarora bitartean, eta 15 euroko sustapen-prezioa izanen dute pertsona bakoitzeko, Iruñerako autobus bidezko joan-etorriak barne.

Programa hau ezagutzera emateko, kartelak eta azalpenak dituzten foiletoak argitaratu eta banatuko dira Nafarroako Turismo Bulegoen Sarean, Departamentuak parte hartzen duen azoketan, Nafarroako Turismoaren webgunean eta honen publizitate-euskarrietan eta sare sozialetan.

Nafarroako 2018-2025eko Turismoko Plan Estrategikoari atxikitako proposamen honek ibilbide eta bidezidor historiko eta tradizionalen eskaintza sustatzea eta esparru naturaletako turismoa bultzatzea ditu helburu, betiere tokian tokiko ezaugarri eta beharrak errespetatuz. Ibilbide gidatuen plan hau Nafarroako Lurralde Kapitalean Oinarritutako eta Helburuko Merkatuetara Egokitutako Produktu Turistikoak Sortzeko Programaren barruan gauzatu da, Nafarroako kultura, ondarea eta natura ardatz dituzten bidaia-proposamen berriak eskaintzeko asmoz.

2017ko ibilbide gidatuen balantzea

2017an, ibilbide gidatuen lehendabiziko edizioan, oso emaitza positiboak lortu ziren parte-hartzeari eta jardueraren balorazioari dagokienez, 2018an programari jarraipena emateko aukera iradokiz.

Ekimen honetan parte hartu zutenen ia erdiak 46 eta 65 urte bitartekoak ziren, Nafarroakoak; eta gainerako parte-hartzaileak Euskaditik, Valentziar Komunitatetik, Andaluziatik zein Kataluniatik etorritakoak izan ziren. Maiatzean eta ekainean nafarrak izan ziren nagusi, baina uztailean gora egin zuen Valentzia, Katalunia, Madril, Euskadi eta Andaluziatik etorritakoen kopuruak, horiexek baitira Nafarroa bisitatzen duten turisten jatorri nagusiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!