35 ikastaro, jardunaldi eta tailer eskainiko ditu Udako Euskal Unibetsitateak, iaz kaleratutako Elkar Ekin leloarekin. Iruñean, horietako zazpi izanen dira. Honako hauek: Bertsolaritza genero ikuspegitik; Zientzia ala superstizioa? Sendabelarren afera azterketa etnobotanikoaren ikuspegitik; Jabetza berdearen titula nor?; Ekonomia sozial eta solidarioko erakundeen kudeaketa; Ipuin parekideak sortzen; Errealitatea kontatzeko manerak; eta Lankidetzan oinarritutako idazketa hizkuntzak barneratzeko. Azken hiruak Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean antolatu dituzte eta doakoak izanen dira.
Ezpeleta jauregia izanen da UEUren egoitza iraunkorra hemendik aurrera Edurne Koch UEUren Nafarroako arduradunak azaldu duenez: "Pozik gaude UEUk azken urte hauetan Nafarroan izatean ari den lanarekin. Alde batetik, ikasle zein profesionalentzat UEU gero eta erakunde erreferentzialagoa da eta, bestetik, nafar erakundeekin lantzen ari garen bidea emankorra izaten ari da".
Gainontzeko ikastaroak
Eibarren hamabost ikastaro eta hiru jardunaldi izanen dira; bana, Donostian, Gasteizen eta Usurbilen; eta zazpi, Baionan. Gainera, bertan, Bernat Etxepare lizoarekin lorturiko hitzarmenari esker, barnetegia berreskuratuko dute. "Udako ikastaroen plaza hau foro ezin hobea da ikasi, eztabaidatu, lan egin eta ideiak trukatzeko", adierazi du Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak.
Sei formatutako ikastaroak daude: espezializatuak, dibulgaziokoak, garapen pertsonalari loturikoak, jardunaldiak, hitzaldiak eta tailerrak. Irati Iziar UEUko udako ikastaroen arduradunaren hitzetan, "jende askorengana" heldu nahi dute horrela.
Izen ematea, zabalik
Izen ematea zabalaik dago jada. Ikasle, langabetu eta jubilatuen matrikuletan beherapenak eskaintzen ditu UEUk. Informazio guztia www.ueu.eus webgunean aurki daiteke.