Ostiralean hasiko da Iruñeko liburu azoka

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 23a, 13:42
Argazkia: Nafarroako Liburu Saltzaileen Elkarteko kideak, liburu azokaren aurkezpenean.

Hamar egunez, liburu saltokiak eta makina bat ekitaldi izanen dira Gazteluko plazan, Nafarroako Liburu Saltzaileen Elkarteak antolaturik. Liburu sinadurak, irakurketa txokoa, mahai inguruak... zabala da egitaraua.

Liburuak kalera aterako dira: Iruñeko liburu azokaren XVII aldia izanen da, maiatzaren 25etik ekainaren 3ra, hau da, ostiralean hasi eta heldu den igandera arte, Gazteluko plazan.

Azokak betiko esentziari, orain hamazazpi urteko izateari, eusten diola azpimarratu du Nafarroako Liburu Saltzaileen Elkarteak , liburu aurkezpenek, sinadurek eta mahai inguruek urteroko gisan segitzen dutela, gehien aldatu dena hor dauden aurpegiak direla: "Ziur aski gehien aldatu dena gu gara; beti hor egonen zirela uste genuen aurpegi eta bizar oso ezagunak ez dira oraingoan, ezta gerora ere, gehiago izanen gure artean. Hauen ordez, aurpegi leunagoak, bizarrik gabekoak, ile luze gehiago, eta, batez ere, liburu saltzaile gazte ugari, berriak eta indar askorekin datozenak aurkituko ditugu", esan du Martxela Abarzuza, Abarzuza liburu dendako eta Nafarroako Liburu Saltzaileen Elkarteko kidea.

Osasuntsu dago liburuaren industria

Abarzuza, Arista, Chundarata, Elkar (Comediak eta Leire), Katakrak, Nerea, Troa, Walden, Mugan, Miriam eta Deborahlibros liburudendak izanen dira azokan. Eta itxi dutelako ez daudenak: jada iaz egon ez zen Gomez libururudenda eta aurten itxi duten Auzolan. Gauzak horrela, iaz baino liburudenda bat gehiago izanen da eta metro koadro kopuruari dagokionez, aurten pittin bat handiagoa izanen da ingurua.

Liburu denden errealitatea aldatu egin da, eta batzuk itxi bitartean beste batzuk ireki dituzte, nolanahi ere, sasoiko daude eta positiboa da balantzea. "Iaz galera garrantzitsu bat jasan genuen. Egia esanda, liburu dendetaz ari garenean, galera guztiak garrantzitsuak suertatzen zaizkigu. Aurten beste bat sufritu behar dugu, baina honen aurrean hiru bkide berri batu zaizkigu eta hauei esker beti okupatu izan dugun esparru berdina mantendu ahal izatea lortu dugu", adierazi du Abarzuzak.

Hiru mahai inguru, aukeran

Egitarauari begira, zabala da oso: goizetan, irakurketa txokoa, liburuak ahoz gora irakurtzeko; eta horrez gainera, azokak irauten duen 10 egunetan, hiru mahai inguru izanen dira: bat, Nafarroako litetatura beltzari buruzkoa; beste bat, Nafarroako literaturaren aniztasunari eskainitakoa; eta, hirugarrena eta azkena, Nafarroako 'Liburuaren Emakumeak' izeneko elkartearen aurkezpena.

Horrez gainera, Pamielak '2017ko mikro ipuinak' aurkeztuko ditu; Begoña Pro idazleak ibilbidea eginen du Alde Zaharrean barrena, haren azken liburuaren eszenatokia azalduz; eta makina bat idazlek beren lanak aurkeztuko dituzte. Egitaraua osoki aletzea ezinezkoa denez, etzirako antolatutakoari emanen diogu arreta: 'Viaje a Fardelia' aurkeztuko du Pedro Charrok eta 'Palabras contra la guerra' emankizuna antolatu du Gerraren aurkako hitzak taldeak.

Horrez gainera, etzi ere, omenaldi bat egonen da: iaz sortu zuten Nafarroako Idazleen Elkarteak azokan parte hartzeko era berezia izanen du, izan ere, Lucia Baquedano idazleari saria emanen dio.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!