Lurralde oreka ziurtatzea izanen da tokiko mapa berriaren xedea

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 23a, 07:51
Diario de Noticiasetik hartutako infogradia moldatua.

Tokiko ikuspegitik, Nafarroa 12 eskualdetan banatzen duen lurralde antolaketa da proiektuaren berritasun nagusia, egungo zerbitzu-mankomunitate sektorialak, Administrazio Zerbitzuen Elkarteak eta udalerriz gaindiko bestelako erakundeak integratuz.

Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek Nafarroako Toki Administrazioa aldatzeko Foru Lege Aurreproiektuaren testua eman zion atzo NUKFko lehendakari Pablo Azconari. Horrekin batera, kontseilariak, toki erakundeek, kolektiboek nahiz partikularrek aurkeztutako 117 alegazio eta proposamenei buruz eta horietako batzuk ontzat hartuz eta testuan sartuz Toki Administrazioko Departamentuak landu duen txostena ere eman dio.

Aurreproiektuaren hasierako idazketa erakusketa publikoan izan da abenduaren 19tik urtarrilaren 9ra bitartean. Denbora horretan, 99 ekarpen bildu dira guztira, eta horiei, ondorengo egunetan NUKFekin batera landutako berariazko ekarpen-multzoa gaineratu zaio, baita geroxeago hainbat erakundek eta pertsonak egindakoak ere, guztira 117 ekarpen bildu arte. Behin-betiko dokumentua gaurdanik eskura daiteke Gobernu Irekiaren atarian.

Gogoan izan behar da, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren eta NUKFen artean egindako bileren ondorioz, taxuzko aldaketak egin zaizkiola hasierako testuari gai hauen inguruan: finantzaketa, kontzejuak eta udalekiko harremana, idazkaritza eta kontuhartzailetza postuak, eskualdeak, hauen eskuduntzak eta eratzeko prozesuak, balorazio katastralari buruzko udal batzordeak, etab.

Hemendik aurrera, Federazioak txosten bat lantzeko asmoa du udal ordezkari-taldearen eskutik, toki erakundeek egindako proposamenak bideratu eta taxutzeko, eta ekainaren 22an egingo den batzarrera igorri eta Toki Erregimenaren Foru Batzordearen bitartez Exekutiboari helaraziko dion behin-betiko jarrera finkatzen laguntzeko.

Bi urtetik gorako lana

NUKFeko Batzarraren azken erabakiak bukaera emanen dio, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformari buruzko hausnarketan eta eztabaidan egindako bi urtetik gorako lanari. Zeregin honetan, toki erakundeek parte hartu dute NUKFen zuzendaritzapean, baita Nafarroako Gobernuko departamentuek, gai hauen adituak diren pertsonek, sindikatuek eta toki administrazioko esparru desberdinetako langileen kolektiboek ere.

Lurralde oreka

Duela zenbait hamarkadaz geroztik, alderdi politikoek, ondoz ondoko foru Gobernuek eta toki erakundeek berek bat egin dute Nafarroako Toki Administrazioa berrantolatzeko prozesuari ekiteko beharrarekin, toki administrazioaren oinarria nahiz eskuduntzen egikaritzea arrazionalizatzeko asmoz.

Elizalde kontseilariak adierazi dio Federazioko lehendakariari, NUKFen parte-hartze bidezko prozesuaren ondoren jakinarazitakoaren harira, “orain aurkeztutako proiektuaren helburua antolaketa berri bat definitzea dela, dagozkion eskuduntzak baliarazteko eta herritarren eskubide zibilak bermatzeko, toki administrazioan herritarren parte-hartze aktiboa sustatzeaz gain. Oraingoa lurralde orekan oinarritutako eredua dugu”.

Toki berrantolaketaren bitartez, Nafarroako alde desberdinen artean dagoen udal mailako desoreka murriztu nahi da pixkanaka-pixkanaka, udal gobernuei eskuduntzak baliatzeko eta administrazio publiko gisa dagokien eginkizuna baldintzarik onenetan betetzeko behar dituzten antolaketa-baliabideak nahiz baliabide ekonomikoak bermatuz. Gainera, toki zerbitzuen estaldura eta kalitatea areagotu nahi da subsidiariotasun printzipioan oinarrituta, hau da, zerbitzu bakoitza herritarrarengandik gertuen dagoen erakundeak ematea, prestazio egokia bermatzen baldin bada.

Bestetik, Federazioak bultzatutako parte-hartze bidezko prozesuan, toki erakundeek landu zuten lehendabiziko dokumentuan honako hauek definitu zituzten: erreformari eutsi beharko lioketen printzipioak, Administrazioen arteko eta tokiko administrazio-mailen arteko eskuduntzen bereizketa argia, toki administrazio guztiek izan beharreko izaera demokratiko, ordezkatzaile eta parte-hartzailea, erakunde horiek dagozkien eskuduntzak kudeatzeko izan beharreko autonomia, gerora sor litezkeen udalerriz gaindiko toki erakundeekin bat egiteko borondatezkotasuna (gehiengoen arabera doitutakoa), eta erakunde guztiek izan beharreko gutxieneko azpiegitura eta zerbitzuak, baita nahikotasun finantzarioa ere.

12 eskualdetan oinarritutako proiektua

Tokiko ikuspegitik, Nafarroa 12 eskualdetan banatzen duen lurralde antolaketa da proiektuaren berritasun nagusia, egungo zerbitzu-mankomunitate sektorialak, Administrazio Zerbitzuen Elkarteak eta udalerriz gaindiko bestelako erakundeak integratuz (ehun baino gehiago, guztira). Honela, udalerriz gaindiko erakundeen soberako ugaritasuna saihestu nahi da, horren dakarren sakabanatzeagatik, disfuntzioagatik eta eraginkortasunik ezagatik.

Aurreproiektuak udalak mantentzen ditu toki administrazioaren erdigunetzat, eta kontzejua finkatzen du, oraingo eskuduntzei eutsiz eta dagozkien udaletako administrazio-egituren erabilpena erraztuko lukeen legezko bidea irekiz. Horrez gain, administrazio bakoitzari dagozkion eskuduntzen katalogoa zehaztu eta finantzaketa-sistema berri baterako oinarriak finkatu ditu.

Legea udazkenean onar liteke

NUKFeko batzarrean eztabaidatu ondoren, toki erakundeek baiezkoa ematen baldin badute, Nafarroako Gobernuak Parlamentuari helaraziko lioke aurreproiektuaren testua, eta Parlamentuko eztabaida aldia gaindituta, bozketa seguruenik udazkenean egingo litzateke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!