Lan hitzarmenak Espainian negoziatzearen aurka azaldu da LAB

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 21a, 13:12

Imanol Karrera eta Garbiñe Aranburu.

Estatalizazioak, eta hortaz, prekarietateak 120.000 langile nafarri eragin diela salatu du LAB sindikatuak. Lan hitzarmenak Euskal Herrian adostu behar direlako maiatzaren 30ean lanuzteak eta protestak eginen dituzte. 

Maiatzaren 30ean lanuzteak deitu ditu LABek estatalizazioa salatzeko. Langileak kalera atera eta “erantzun orokor” bat emateko deia da; prekarietatea eta pobrezia gaitzetsiko dituzte. 120.000 nafar langile baino gehiagori eragiten die estatalizazioak. Lan baldintza okerragoak dituzte. Eta erantzuleak ere badaude tartean. Imanol Karrera da LAB sindikatuko koordinatzaile nagusia Nafarroan. Lau egoera bereizi dituzte:

-25.000 langilek lan erreformaren aurretik bazituzten estatuko lan hitzarmenak. Horietan, ez dago herrialdeko hitzarmena sortzeko borondaterik LABen esanetan. Elikagaien industria, zahar egoitzak, saltoki handiak edota lorezaintza sektoreei dagokie.

-4.000 langileri lan erreformaren ondotik estatuko hitzarmena ezarri zaie.

-61.500 langileri estatu mailako hitzarmenek zapaldutako herrialdeko hitzarmenak dira. Metalean, eraikuntzan edota garbiketan dabiltzanei eragiten die.

-Eta, 30.000 langile dira sektore publikoan estatu mailako araudiak negoziazio kolektiboa mugatzen diena. Besteak beste, ordezkapenei, egonkortasunari, zerbitzuak publifikatzeko edota lan baldintzak hobetzeko oztopoak ezartzen ditu.

Euskal Herrian lan hitzarmenak negoziatzeko berezko marko bat behar dela nabarmendu du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk. Izan ere, Espainitik ezartzen ari diren formula olio orbana bezala zabaltzen ari da. Datorren asteko asteazkenean, maiatzaren 30ean bi orduko lanuzteak eta manifestazioa egiteko deia egin du LAB sindikatuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!