Artizarra.eus, euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesional berria abian da

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 14a, 20:01

Udako Euskal Unibertsitateak sareratu du Artizarra plataforma berria ikerlari eta profesionalen arteko harremanak errazteko asmoz. Dagoeneko 400 partaide baino gehiago ditu.

Iñaki Alegria Loinaz, UEUko zuzendari-ohia eta Artizarraren sustatzaileak azaldu duenez Artizarra proiektuak UEUko Inguma.eus datu-basea du abiapuntu:

“Ingumak azken 40 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz idatziz eta ahoz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen du. Batzuentzat harrigarri bada ere, bertan dokumentatuta daude hamar mila bat irakasle-ikerlari-teknikari, bi mila bostehun liburu, hamabost mila bat artikulu zientifiko eta ia zazpiehun doktorego-tesi besteak beste. Oso tresna ahaltsua eta sendoa da dokumentazioaren ikuspuntutik, eta horri esker, kontuan hartzen da akademian hainbat kalitate-adierazle neurtzeko. Baina motz geratzen da komunitatearen eta dinamismoaren ikuspuntutik. Datu-base kontrolatu bat da, eta hori oso garrantzitsua da fidagarritasunaren aldetik, baina pertsonen informazioa kudeatzean edo haien arteko harremanak bideratzean egiten du kale.

 

Gero eta gehiago, globalizazioa dela edota prekarietatea dela, komunitate zientifikoaren partaideak mugitzen dira, unibertsitatez edo ikerketa zentroz aldatzen dira, eta kontaktuak galdu egiten dira. Hori detektatu dugu Ikergazte kongresu arrakastatsuan. Komunitatearen sarea josteko lehen gune fisikoak (fakultateak, ikerguneak, udako ikastaroak...), bere mugekin, nahikoak ziren. Gaur egun zailagoa da hori, eta, gainera, behar handiago dago diziplinen arteko loturak handitu diren heinean. UEUn ere nabaritu dugu hori. Bazkide eta sailen sare sendo bat dugu aspalditik, baina orain gure erakundearekin hain harreman estua ez duen komunitate bat dugu orbitan, lan interesgarria egin dezakeena ondo kudeatuz gero. Tresna berriek horretan guztian lagun dezakete.”

 

Sareratu duten tresna berriak hainbat funtzio ditu komunitatearen saretzea helburu duela: eztabaidak, laguntza-eskeak eta galdera-erantzunak bideratzeko foroak, adituen bilaketa, lagunen jarraipena, norberaren ekoizpena dota curriculum vitae zabaltzea, besteak beste: “Gauza xumeak dira, baina askotan garrantzitsuak. Ezagutzen ez nuen teknika baten bidez astetako lana aurreztea edo profila bertan edukitzeagatik lan baterako deitzea ohiko gertaerak dira halako saretan. Askotan pentsatzen da sare globalak erabiltzearren errazagoa izango dela aurrekoa gertatzea, baina Ikergazten aipatu zena ere gertatzen da: "Danimarkan bilatzen ari nintzen espezialista nire bulegoko pasillo berean zegoen. Interneten bidez jakin nuen". Interneten lokala eta globala ondo konbinatzea da gakoa. Artizarra ez dator beste sareak ordezkatzera, osatzera baizik. Eta euskarari bere tokia ematera.”

 

Artizarra izenak ere bere sinbologia du proiektuan: “Harreman arinetarako tresna bat dira sare sozialak, beraz, ez genuen masa handiko planeta bat aukeratu nahi, orbita ere ez zen oso zabala izan behar, ezta gertukoena ere. Artizarra hala zen eta hor zegoen. Gainera Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera goizeko izarra da!”

 

Erlazionatuak

Iñaki Alegria: Artizarra.eus

Euskalerria Irratia 2018 mai 14 Iruñerria

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!