Apirilean Bilbon egin zuen azken osoko bilkura, ohorezko hamasei euskaltzain berri izendatu zituen Euskaltzaindiak: Jose Antonio Aduriz, Martxel Andrinua, Txaro Arteaga, Maria Jose Azurmendi, Miren Jone Azurza, Henri Duhau, Izaskun Gastesi, Abel Muniategi, Manex Pagola, Jose Maria Rementeria, Sabin Salaberri, Txomin Solabarrieta, Julen Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, Pello Zabala eta Auxtin Zamora.
Euskaltzaindiak aldiro izendatzen ditu ohorezko euskaltzainak, euskarari egindako mesede bikainengatik nabarmendu diren pertsonen artean hautatuak. Azken izendapena 2014ko maiatzaren 30ean izan zen, eta gaur egun, azken hamasei hauek batuta, 49 dira ohore hori jaso dutenak.
Hamaseikoan jatorri eta lanbide desberdinetako pertsonak daude, hezkuntzari, filosofiari, soziolinguistikari, bertsolaritzari, literaturgintzari, hiztegigintzari, kantagintzari, kazetaritzari, literatur ikerketari edota itzulpengintzari lotuak.
Guztira, bost emakumezko eta hamaika gizonezko izendatu dira oraingoan: bost bizkaitar, sei gipuzkoar, bi lapurtar eta baxenabartar, arabar eta nafar bana.
Ohorezko euskaltzain berriak:
1. MIREN JONE AZURZA ARISTEGIETA
Donostian jaio zen, 1933ko maiatzaren 18an. Kazetaritza ikasketak egin zituen Madrilen, eta 1965ean atera zuen titulua. Zeruko Argian hasi zen idazten, 1967an, eta 1969an zuzendari izendatu zuten. Euskal kazetaritza modernoaren aitzindarietako bat da Azurza.
2. ABEL MUNIATEGI ELORTZA
Ereñon (Bizkaia) jaio zen, 1942ko irailaren 30ean. Zuzenbidean lizentziaduna da (Deustuko Unibertsitatea). Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Bizkaiko Foru Aldundiaren abokatu izatetik erretiroa hartuta dago. Bertsolaria izana, epaimahaietan ere ibili da (gutxienez 1980 eta 1982ko Txapelketa Nagusietan), baita gai jartzaile ere.
Ondoko aldizkari eta egunkarietan idatzi izan du: Olerti, Goiz Argi, Arantzazu, Zeruko Argia, Anaitasuna, Jakin, Arbola, Deia, Hizkuntza eta literaturan (Eusko Ikaskuntza). “Zenbat gera” abesti ezagunaren letraren egilea da Muniategi. Euskaltzain urgazle izendatua 1987ko uztailaren 24an, Bertsogintza Bizkaian idatzi zuen 1995ean.
3. ARANTXA URRETABIZKAIA BEJARANO
Arantxa Urretabizkaia Donostian (Gipuzkoa) jaio zen, 1947ko uztailaren 1ean. Euskal idazle eta kazetari ezaguna da. Zeruko Argian hasi zen idazten eta Lur argitaletxearen sortzaileetariko bat izan zen (1969). 2001ean Rikardo Arregi Kazetaritza saria irabazi zuen, eta 2017an Euskadi saria jaso zuen Bidean ikasia (2016) liburuagatik, saiakera atalean. Eleberrigintzan jardun izan du batik bat Urretabizkaiak (Zergatik panpox; Koaderno gorria; 3 Mariak...), baina olerkigintzan eta gidoigintzan ere egin ditu lanak. Hondarribiko alardean emakumeek gizonen pare desfilatzeko eskubidearen aldeko borrokan nabarmendu da. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1983an.
4. AUXTIN ZAMORA DURRUTY
Senperen (Lapurdi) sortua, 1943an. Bost olerki liburu idatzi ditu. Hatsa Elkartearen sortzailea da, eta 1999az geroztik 'Hatsaren Poesia' olerki bildumaren argitaratzailea eta 'Maite ditugun olerkariak' sail poetikoaren abiatzailea. Eskoletan olerkari gaztetxoen animatzaile nekaezina, 2008a geroztik Hatsaren olerki bustiak bideoaren eraikitzailea eta Olerkarien Egunaren abiarazlea ere bada. Gainera, Sarako, Etxalarko eta Senpereko etxe guztien datu geografikoak eta izenak bildu ditu. 2018an Sarako Idazleen Biltzarrak ematen dituen sarietako bat jaso zuen.
5. HENRI DUHAU
Beskoitzen (Lapurdi) sortua, 1942ko urriaren 9an. Elkarte askotan lanean ibilitakoa, artikulu ugari idatzi ditu han-hemen (Herria, Enbata, Ekaina, Otoizlari, Dantzariak, Denak Argian, Berria...). Liburu anitzen egilea ere bada Duhau. Gutxi batzuk aipatzearren, Euskal aditz batua (1996); Alegiak eta bertze neurtitzak (Adema-Zaldubi, Euskaltzaindia, 2010); Kantikak (Adema-Zaldubi, Euskaltzaindia, 2009) edo Hortzak izerdi (2015).
6. IZASKUN GASTESI ZUBELDIA
Gorritin (Nafarroa) jaioa, 1948ko irailaren 27an. Nafarroako ikastoletako irakasle aitzindaria (Nafarroan, lehen ikastola 1965ean abiatu zen, eta Izaskun hurrengo urtean hasi zen irakasle lanetan). Erretiroa hartu artean (2013an), Iruñeko San Fermin ikastolan aritu izan da, azken urteetan LAB sindikatuan ikastoletako koordinatzaile moduan ere ibili delarik.
7. JOSE ANTONIO ADURIZ ZABALA
Oiartzunen (Gipuzkoa) jaio zen, 1949ko azaroaren 1ean. Frantziskotarra, UZEIko lexikografo izatetik erretiroa hartuta dago. Euskaltzain urgazle izendatua 1991ko urtarrilaren 31n. Apaiz ikasketez gain (Teologia, Filosofia), Euskal Filologia ikasi zuen. Lan gehienak elkarte edo erakundeetan integraturik egin izan ditu (hasieran Jakinen, gero UZEIn eta Euskaltzaindian, Arantzazuko frantziskotarrekin beti) eta, ondorioz, bere izena gutxitan agertzen da autore gisa. Euskaltzaindian, LEF egitasmoan lehenengo, eta gero Hiztegi Batua eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zutabe nagusietako bat izan da, Miriam Urkiarekin batera.
8. JOSE MARIA REMENTERIA IBARLUZEA
Etxebarrian (Bizkaia) jaio zen, 1940ko apirilaren 23an. Apaiz ikasketak Arteagako eta Derioko Seminarioetan egin zituen; era berean, diplomaduna da Katekesian eta Teologian. 1970ko hamarkadan, Bilboko Elizbarrutiko Katekesi Idazkaritzako kide izan zen, eta azken urteetan arduraduna. 1971tik gaur arte, Euskal Elizbarruti arteko Katekesi eta Liturgia Batzordean lankide da. Elizen arteko Biblia-ren itzultzaile taldeko kidea ere izan da. Besteak beste, honako lan hauek idatzi ditu: Aita Esteve Materreren Doctrina Christiana. 1623 (Labayru); Bizkaierazko Dotrinak (Labayru).
9. MARTXEL ANDRINUA LARIZ
Ziortza-Bolibarren (Bizkaia) jaio zen, 1930eko abuztuaren 18an. Pasionista, Bilboko Elizbarrutiaren Bizian Gora elkarteko kontseilaria izan da. Bizkaiko eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketetako epaile ohia. Euskaltzain urgazle izendatua 1961eko abuztuaren 25ean. Aita Patxi (2000) eta Txikiak haundi (2004) liburuen egilea ere bada Andrinua.
10. PELLO ZABALA BENGOETXEA
Amezketan (Gipuzkoa) jaio zen, 1943ko ekainaren 2an. Fraide frantziskotarra, euskal idazlea, irrati aurkezlea, musikazalea eta meteorologo ezaguna da Zabala. Hainbat urtez ibili zen Euskadi Irratian, hasieran musika programa bat egiten eta ondoren eguraldiaren iragarpenak ematen, tartean bide tradizionalak eta tenporak kontuan hartuz. Halaber, kate berean 'Klasikoak gaur' irratsaioa aurkezten ibili da. Arantzazuko (Oñati) santutegian bizi da. Naturaren mintzoa: Egunez egun, sasoien gurpilean (2000) eta Zeruan zer berri: Arantzazuko talaiatik eguraldiari begira (2006) liburuak kaleratu ditu, biak Alberdania argitaletxearekin.
11. SABIN SALABERRI URZELAI
1934ko abuztuaren 20an jaio zen, Aramaion (Araba). Musikaria (konpositore, irakasle zein ikertzailea) eta irrati esataria da Salaberri, eta bere lanetan leku nabarmena egin dio beti euskarari. Besteak beste, 1968an Coro Araba Abesbatza sortu eta zuzendu zuen, euskal abestiak zabaltzen jardunez. Euskal kantu berriak ere sortu zituen. Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan harmonia irakasle, ikasketa-buru eta zuzendari zela bideak ireki zizkion euskal musikari, eta baita irakasle euskaldunak kontratatzeari ere. Liturgian euskarari ateak zabaldu zitzaizkionean, Arabako ordezkari izan zen elizbarrutietako komisioan eta gogotsu jardun izan zuen bertarako euskal musika lantzen. 1988.etik eta Arabako Aldundiaren aginduz, Arabako musika-irakaskuntzaren antolatzailea izan da. Erretiroa hartu ondoren Gasteizko Auditorium-a bultzatzen ari da.
12. TXOMIN SOLABARRIETA ETXABURU
Ondarroan (Bizkaia) jaioa, 1930ean. Apaiz egin ondoren, lanean izan zen Bizkaiko hainbat parrokietan, euskarako alfabetatze-euskalduntze eskolak sustatzen, dantza taldeak sortzen, eta euskal antzerkia bultzatzen. 1978-1982. urteetan Euskaltzaindiko irakasle taldearekin andereñoentzako D eta B ikastaroak ematen ibili zen. Bizkaiko elizbarrutiko itzultzaile ofiziala izan da urteetan (1978-1991). Bere ekarpen nagusia hiztegigintzan egin du, ADOREZ kultur taldeko kidea izan baita hasieratik (1982-2018); talde honek 15 hiztegi argitaratu ditu. Aparteko lana egin izan du itsas munduko lexikoa taxutzen, sinonimoak aukeratzen nahiz egokitzen, eta, batez ere, Aditz Hiztegia deritzanerako milaka esaldi prestatzen.
13. MANEX PAGOLA
Landibarren jaio zen (Nafarroa Beherea), 1941eko ekainaren 28an. Pagola euskal idazle eta abeslaria da. 'Zazpiribai' ikuskizuna sortu zuen Ipar Euskal Herrian, eta gero 'Ortziken' ikuskizuna. Kantagile ospetsua izanik, disko bakar bi atera ditu, Elkar eta Goiztiri argitaldariarekin, baina kantu askoren sortzailea da. Pantxoa eta Peio bikoteak abestu du Pagolaren kantu gehien, eta horietako batzuk oso famatu bihurtu dira ('Urtxintxak', 'Kanta aberria', 'Azken dantza'...). Musikatik kanpo, herrigintzan eta politikan ere engaiatu da Pagola. 1968tik 1972ra bitartean Enbata mugimenduko kide izan zen, Seaska elkartearen sorreran parte hartu zuen, Baionako Euskal Museoan langile eta zuzendariorde izan zen (1969-2000), eta Gure Irratia-ren sortzaileetako bat ere bai (1981).
14. JULEN URKIZA TXAKARTEGI
Ondarroan jaio zen, 1944ko apirilaren 1ean. Ikertzailea eta euskararen sustatzaile nekaezina da Urkiza. Besteak beste, Karmel aldizkaria zuzendu du azken 35 urte hauetan, bertan 145 idazlan baino gehiago idatzi dituela. Beste aldizkari batzuetan ere parte hartu du, hala nola, Olerki, Ondarroa, Arranondo, Egan, Hegats, Jakin eta Euskeran. Hainbat euskal idazleren lanak bildu, aztertu eta argitaratu ditu Karmelen, erlijiozko hainbat klasikoren lanekin batera. Ikerketa-lanak ere burutu ditu, tartean Aldizkari eta egunkarietako euskal bertso eta olerkien bibliografia eta Frai Bartolome Santa Teresa idazlearen edizio kritikoa, Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainarekin batera.
15. MARI JOSE AZURMENDI AIERBE
Donostian jaioa, 1944an, Filologia Erromanikoan lizentziaduna. Doktorea Gizarte Psikologian eta katedraduna EHU/UPV-ko Psikologia Fakultatean. Beasaingo Alkartasuna Lizeoko lehen zuzendaria izan zen (1968-71), eta, ondoren, hainbat lekutan ibili da irakasle: besteak beste, Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letrak Fakultatean (1971-83); EHU/UPV-ko Psikologia Fakultatean (1983-2011) eta University of Nevada-ko Center for Basque Studies Ikerketa Zentroan (1990). Horrez gain, BAT Soziolinguistika Aldizkariaren eta EHU/UPVko Ikerketa proiektuen zuzendaria izan da. 200 argitalpen inguru ditu eginak (artikuluak, kapituluak eta liburuak). Gutxi batzuk aipatzearren, Euskararen Liburu Zuria (1977): Elebitasuna/ Bilingüismo tesia (1982); Reversing Language Shift: The Case of Basque (2001); edo Bilingualism, identity, and citizenship in the Basque Country (2008).
16. TXARO ARTEAGA ANSA
Donostian jaio zen, 1944ko maiatzaren 10ean. Kazetari ezaguna da Txaro Arteaga, eta 1963tik aurrera Donostiako Herri Irratian egin zuen lan, hogeita bost urtez. EiTBn ere aritu zen, 80ko hamarkadan. Emakunde erakundearen zuzendaria izan zen 1989tik 2005era bitarte. Edozenbat ponentzia, hitzaldi eta mahai-ingurutan parte hartu du, Euskal Herrian zein atzerrian.