Estalpea ezarri dute Piparrika hiri baratzaren gunean

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 11a, 07:55

Iruñeko Udaleko Arotzeria eta Altzarigintzako programako ikasleek egin duten domoak 5 metroko diametroa dauka, eta argi naturala.

Gaur goizez ireki da Pellejerías zokoko  domoa, hiri-baratzearen hondoan dagoen zurezko azpiegitura semiesferikoa. Gune poliedriko hori hiriko eraikuntza-elementu berezi bat da, eta topagune estalia izanen da bai La Piparrika elkarteak kudeatzen duen laboreen-gunearekin lotutako jarduerak gauzatzeko, bai auzotarrek egiten dituzten beste proposamenetarako; izan ere, sarrera librea izanen da, baratzean bezala.

Zurezko 160 triangeluk osatzen dute domoa, eta Iruñeko Udaleko Arotzeria eta Altzarigintzako programako erabiltzaileek eraiki dute. Programa horienplegurako prestakuntza programa bat da, Udalak finantzatu du, oso-osorik, eta 12 hilabeteren ondoren, joan den martxoaren bukaeran amaitu zen. Ikasturte amaierako proiektu berezi samarra izan da, izan ere, parte hartu duten 15 pertsonek prestakuntza jaso behar izan dute: azaroan, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) ordaindutako ikastaro bat egin behar izan zuten (Domo geodesiko baten eraikuntza), Mario Turéganok adituaren eskutik. Muntatzeari ekin aurretik, proiektuak Gizarte Enpleguko programaren barruko Obra Lantaldearen lankidetza izan du azpiegituraren zolata egiteko eta indusketa-lanetarako.

Gaur goizez Gizarte Ekintzako zinegotzi Edurne Eguino, Udalbatzako beste kide batzuk, Lantegi Eskolako zuzendari Natxo Barberena eta Gizarte Enpleguko langileak kupularen amaierako emaitza bertatik bertara ikustera joan dira. Ekitaldira bertaratu dira programako prestakuntza jaso duten pertsona batzuk, horien begiraleak eta baratzea kudeatzen duen entitateko ordezkariak. Baratzeari dagokionez, hain zuzen, laboreak udaberriko fasean daude. Ereindako azken landareak tomateak  eta 130 uraza baino gehiago  izan dira, eta maiatzaren amaieran egingo den Auzoko eguneko herri-bazkarian jango dituzte. Sarreraren albo batean dagoen lorategi bertikalak badauka tantakako ureztapen bidezko sistema bat instalatuta, uraren erabileraren eraginkortasuna handitzeko. Azken bi hilabeteotan, labore-gune hau bisitatu dute Nuevo Futuro elkarteak, Azpilagaña I Pko ikasleek eta ANFASeko kideek.

Domo baten harmonia geometrikoa

Domoaren egiturak 5 metroko diametroa dauka, eta 6 neurri ezberdinetako 160 triangeluz egindako estalki bat osatzen du. Gizarte Enpleguko Obra Lantaldeak egindako hormigoi armatuko 15 cm-ko lodiera duen zolataren gainean paratu da. Zolata, azaleko indusketa egin eta gero instalatu zen, arkeologo batek gainbegiratuta.

Hasieran, estalkiaren egitura Landabengo lantegian egin zen, eta gero, behin betiko kokalekuan muntatu zen. Estalkia elementu bereizgarria da nolabait: 1,8 mm-ko PVCz egina dago, eta kobre-kolorea eskuratuko du erdoiltzen denean, atari zabalean dagoenez gero (Revimpe enpresak egin du).

Barruko argiztapena naturala da, triangelu-formako segurtasunezko 10 klimalit kristalei esker, kupularen gailurrean jarri direnak, horrela, zenit-argia sortzen delarik (Cristalería FOR enpresak egin du). Tuneletik sartu eta hor dagoen espazioaren erabilgarritasuna handitze aldera, ikasleek altueran metro bat jotzen duen zurezko zokaloa instalatu dute. Kupula ate baten bidez ixten da, eta zeharkatu ahal izango da hiri-baratzearen funtzionamendu-ordutegian. Momentuz, ezin izango da erabili, zorua amaitzeke dago eta. La Piparrika elkarteko kideek Udalari eskatu zioten zati hori bukatu gabe uzteko, haiek ere beren harri koskorra jartzeko.

Domoaren eraikuntza-ezaugarriei dagokienez, honako hau azpimarratu beharra dago: ongi aireztaturik dago, azalera esferikoa denez, haizea etengabe igarotzen delako azpitik gora eta erdira, eta horrela, onddo, bakteria eta umedadeak ugaritzea saihestuko da. Halaber, eraikuntza-mota hauek oso akustika ona dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!