Loxin 2002 enpresak aurkezturiko Erregulazio Espedientea eztabaidatzeko hasitako negoziazioek bide erdia egin dute maiatzaren 9an, eta ez da sumatu aitzinamendu handirik. Loxin 2002ko Zuzendaritzak bere horretan jarraitzen du: 60 enplegatuetatik 36 kaleratu nahi izatean. Hori ikusita, plantillak greba mugagabe bati ekin dio, Nafarroako lantegiko enpleguari eutsi nahian.
Loxin enpresako Batzordea ELAko 5 ordezkariz osaturik dago, eta aeronautika-sektorean aritzen da. Zehazkiago errateko, robotak egiten ditu hegazkin-eraikuntzarako. Konplexutasun itzaleko makinak ekoizten ditu, hainbertze zehaztasunez ezen mundu-mailan ia-ia lehiakiderik ez baitu. Hori izan zen arrakastaren gakoa nafar sorlekuko konpainia horrendako, eta horrela eginez bere produktua munduko bazter anitzetara eraman zuen.
2012an Kataluniako Aritex enpresak Loxin eskuratu zuen, eta 2015ean Aritex bera izan zen xurgatua Txinako AVICen aldetik. Handik goiti oso erabaki okerrak hartu ziren, eta horrekin batera sektoreak geldialdi bat izan zuen. Orduan Zuzendaritzak argudio nahikoak bazituen erabaki zorrotz bat hartzeko: EEE bat sustatzea, eta horren ondorioz 60 langiletik 36 kaleratzea.
Baina Loxingo langileek salatzen dute erabaki horren gibelean bertze helburu bat dagoela, alegia, Aritexen eredua ekartzea, erran nahi baita ahal den gutxieneko egitura bat, garaian garaiko lanak azpikontratatu ahal izateko. Oraingo EEEaren negoziazioa hasi denetik Batzordeko kideak saiatu dira erakusten Zuzendaritzaren proposamena ez dela bideragarria, lanen konplexutasun-maila altuagatik, eta lan horiek egiten ikasteko kurbagatik, baina, batez ere Zuzendaritzak gerora begira Loxinen izan nahi duen plantilla urriarekin bideragarria ez izateagatik, ezta epe laburrera ere.
Alde horretatik langileak beldur dira konpainiaren benetako asmoa ez ote den makina horiek etorkizunean Txinako AVIC enpresan ekoiztea, han makinaren inguruko prozesuak (integrazioa) dagoeneko egiten baitira, eta hemen fabrikazioa baino ez.
Orobat, Loxingo langileek Nafarroako erakundeak erakarri nahi dituzte Nafarroako enpleguaren aldeko borrokara. Eta bereziki Nafarroako Gobernuari deitzen diote esku har dezan. Loxin, hain zuzen, 4.0 industriaren erakusgarria da, erakundeendako “etorkizuna” omen dena, eta horregatik ezin dute hori bezalako enpresa bat Nafarroatik alde egiten.
-
Nafarroako Gobernuak 2016an Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia prestatu zuen (Nafarrroa S3), non hazkunde ekonomikorako oinarriak jarri baitzituen, hazkunde “adimentsua, jasangarria eta integratzailea” 2030. urteari begira. Estrategia hartan oso apustu sendoa egiten zen 4.0 industriaren alde. Ekonomia lehendakariordeak berak, 2017ko urrian, jarri zuen 4.0 industria “bere Departamentuko estrategiaren muinean Nafarroako ekoizpen-sareari dagokionez”.
-
Nafarroako Parlamentuak bertze horrenbertze adierazi zuen Komunitatearen egoeraren eztabaidan onetsitako ebazpenean, non 4.0 industriako enpresak ezartzeko premia azpimarratu baitzen.
Testuinguru honetan Loxingo plantillak uste du Nafarroako erakundeek (Nafarroako Gobernua eta Parlamentua) esku hartu behar dutela Loxinendako proiektu bideragarri bat bilatzean eta lanpostuak mantentzean. Gainera, kontuan izan behar dugu azken urte hauetan Loxin 2002k Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza oparoak jaso dituela. 2008. urtetik 1.622.487€ dirulaguntzetan eta 3.926.088€ interesik gabeko mailegutan.
Hori horrela, Loxingo plantillak greba mugagabera deitu du gaurtik goiti, maiatzak 10. Hurrengo mobilizazio hauek eginen dira heldu diren egunetan:
-
Ostiralean, maiatzak 11, 09:15etan elkarretaratzea Parlamentuaren aitzinean, Parlamentuko Ekonomia Garapenerako Batzordearen lan-saioarekin bat etorriz.
-
Astelehenean, maiatzak 14, 11:00 eta 12:30 bitartean elkarretaratzea Gaztelu plazan.
-
Asteazkenean, maiatzak 16, Okzitaniako Tolosara joan eta hango Airbus lantegian elkarretaratzea egin (Loxinen bezero nagusietako bat baita).
-
Ostegunean, maiatzak 17, 11:30etan manifestazioa, abiapuntua Iruñako Udalean eta helmuga Nafarroako Jauregian izanen dituena.