"Ofizialtasunak ez dakar inposizioa,ekar dezakeen bakarra eskubidea ziurtatzea da", esan zuen atzo Nafarroako parlamentuan Iñaki Agirreazkuenaga Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak. "Herrialde batean hizkuntza bat ofiziala izateak ez du esan nahi bizilagun guztiek ezagutu behar dutela, baizik eta, ezagutzen duten horiek erabiltzeko eskubidea izatea", gaineratu zuen. Parlamentuan batzorde bat sortua dago euskararen legea aldatzeko asmoz eman beharko liratekeen pausoak aztertzeko. Bertan esan zituen Agirreazkuenagak horiek guztiak.
Euskararen ofizialtasunak Nafarroa osoan ekarriko luke nahi duen guztiak aukera izatea euskaraz ikasteko, adibidez. Hori dagoeneko existitzen da herrialdean. Eta hortik aurrera, uste du Agirreazkuenagak ez dela zinez ezinbestekoa hizkuntza baten ofizialtasuna. Garrantzitsuagoa litzateke ezagutzea edo zehaztea zeintzuk diren nafarren hizkuntz eskubideak. Hala, adibide batekin azaldu nahi izan du egoera: "Nafarrek eskubidea balute Administrazioarekin ingelesez aritzeko, ingelesa baloratzea litzateke zentzuzkoena". Ulertzen ez dena Agirreazkuenagaren ustez da, meritu gisara baloratzea frantsesa, ingelesa edota alemana legedirik ez dagoenean hori babesten duena.