Espainiako Gobernuak terrorismoaren historiari buruz egindako unitate didaktikoa aztertuko duela esan du Maria Solana hezkuntza kontseilariak, PPren eskariz egindako agerraldian. Dena dela, argi utzi du gobernu zentralak ez diola planaren inguruko informaziorik igorri Nafarroari, eskatu duen arre. Beraz, "kuriosoa" deritzo PPren jarrerari, izan ere, exijitu bai, exijitu dio Nafarroako Gobernuari eskoletan unitate hori landu dezan, baina ez dio xehetasunik eman. Horregatik, Solanak argi utzi du Nafarroako Gobernuak jada martxan dauzkala terrorismoaren historia lantzeko edukiak.
Internetetik hartuta
UPNk eta PPk esan diote Interneten daudela eskuragai terrorismoaren historiari buruz Madrilen egindako eduki horiek. Haatik, Solanak aldarrikatu du curriculuma aintzat hartu gabe egindako unitateak ez duela zentzurik eta kritikatu du saretik deskargatzeko gonbita, Nafarroako Gobernuak lehen mailako informazio zuzena merezi duelakoan baitago.
Berariazko programa martxan
Gainera, Solanak oroitarazi du Nafarroako Gobernua "bakea eta elkarbizitzaren alde lanean" ari dela eta badauzkala jada indarkeriaren gaia bere osotasunean lantzen duten edukiak: hala, gogora ekarri du 2014an Bake eta Elkarbizitza sailetik egindako lana; bullingaren kontrako Laguntza programa; genero bereizkeriarekin amaitzeko Skolae egitasmoa; eta, bereziki, 2016az geroztik indarrean dauden Bizikidetzaren eta bakearen aldeko eskolak.
Iazko ikasturtean, 41 zentrok eta 4.311 ikaslek parte hartu zuten bakearen eta bizikidetzaren inguruko eskoletan eta, ikaskurte honetan, 37 zentrok eta 2.573 ikaslek.