Urederraren Sorburua izan zen 2017an Nafarroako esparru natural bisitatuena

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 8a, 07:56
Urederrako irudi bat. Arg:viajesfull.com

150.000 lagun izan ziren Urederran iaz eta Bertizko parke naturalak  89.584 bisita jaso zituen.

Urederraren Sorburua izan zen 2018an Nafarroan bisitari gehien erakarri zuen esparru naturala: 150.000 pertsona, guztira. Bestetik, Bertizko Parke Naturalak 89.584 bisitari bildu zituen, 2016an baino % 6 gehiago. Horiexek dira, joan den astean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizalderen gidaritzapean egindako urteko bileretan, Bertizko Parke Naturaleko eta Urbasa-Andia Parke Naturaleko patronatuek emandako datuetako batzuk.

Bertizen, bisitari kopururik handiena abuztuan jaso zen (16.018), baita apirilean, uztailean eta irailean ere (11.000 bisitari hilabete bakoitzean). Jatorriaren arabera, bisitari gehienak Nafarroakoak (% 18,10) eta Euskadikoak (% 18) izan ziren, eta horien atzetik kokatu ziren Aragoikoak (% 3,28), Frantziakoak (% 2) eta Errioxakoak (% 1,29). Gainerako bisitariak beste autonomia-erkidegoetatik etorritakoak izan ziren. Horren harira nabarmendu behar da azken lau urteotan bisitak % 35 gehitu direla.

2017an egindako ekintzei dagokienez, hobekuntza-lanak egin ziren haur-parkean, hide bat sortu zen, lorategi historiko-artistikoaren gida-mapa argitaratu zen, udako kanpalekua antolatu zen eta pasabide bat ezarri zen aparkalekutik informazio-guneraino. Gainera, ihartutako zuhaitzak kentzeko lanak egin ziren, lorategiaren trinkotasuna arindu zen, adar arriskutsuak moztu ziren, heskaiak inausi ziren eta bideak garbitu ziren. Hide-aren kasuan, Markategi aldean kokatu zen, parkearen ondare ornitologikoa sustatzeko eta ingurumen arloko hezkuntza-eskaintza osatzeko. Jardueren osagarri gisa, margolan nahiz argazkien erakusketak eta bestelako ekitaldiak antolatu ziren.

2018an, baratzea finkatu eta informazio-panela eraikitzea aurreikusi da, “orangerie” eremua berreskuratuz, kaperako pergola konpondu eta Maumejean-eko beirateak instalatzeko lanak bukatuz, lakuko uharteko lorategia leheneratuz eta basoari buruzko gida-mapa argitaratuz, besteak beste.

Urbasa-Andia Parke Naturala

Urbasa-Andia Parke Naturala Urbasa eta Andia mendilerroek, Ameskoako Limitaciones mendiak eta Bakedanoko herri onurako mendian kokatuta dagoen Urederraren Sorburuko Erreserba Naturalak osatzen dute.

Bisitari kopuruari dagokionez, Urederraren Sorburuak 150.000 bisitari inguru erakarri zituen, 2016an baino zertxobait gutxiago, baina hala eta guztiz ere, Foru Komunitate osoko esparru natural bisitatuena izaten jarraitzen du. Urbasan, uztailean eta abuztuan, 40.000 bisitari baino gehiago egon zirela kalkulatu da.

Abeltzaintzari dagokionez, 2017an 40.000 abelburu igo ziren Urbasara eta Andiara: 370 ustiategi baino gehiagotako 32.000 ardi, 3.500 zaldi eta 4.500 behi inguru. Aurreko urteetako joera hautsiz, azienta larri gutxiago eta ardi gehiago bildu dira. Horren harira gogoratu behar da 2018aren hasieran Nafarroako Nekazaritza Ekologikoaren ziurtagiriari (NNPEK) atxikitako larreetarako izena emateko epea bukatu zela.

Oihangintzaren arloan, 2017an, Urbasa Mendilerroaren baso-antolamendurako proiektuaren berrikusketa bukatu zen, eta luze gabe, Ameskoako Limitaciones mendiaren antolamendua egiteari ekingo dio erakunde titularrak. Parke osoan, ia 16.000 metro kubiko pago-zur saldu ziren; den-denak PFEC sistemako baso-kudeaketa iraunkorraren ziurtagiriarekin, eta FSC ziurtagiriarekin ere, Urbasaren kasuan.

Ingurumenari dagokionez, florako nahiz faunako espezie nagusien jarraipena egiten jarraitu zen (bereziki hegaztiena, baita ugaztun batzuena ere), eta anfibio-narrastiei buruzko berariazko ikerlana egin zen.

2018ra begira, inbertsio gehiago eginen dira bide-azpiegiturak hobetzeko, sastrakak kentzeko, itxiturak eta soildurak egokitzeko nahiz zenbait putzu eta askatan udan ura egongo dela bermatzeko eta behi-tuberkulosiaren kutsadura-guneak kentzeko egin behar diren aldian aldiko lanak bideratzeko.

Basogintzaren arloan, markatutako zur-bolumena urteko 1.000 metro kubikora handitzea aurreikusi da, Urbasa-Andia mendietako Antolamendu-Proiektuaren Berrikusketan ezarritako aukera berriaren arabera.

Urederraren Sorburuko Erreserba Naturalean hainbat inbertsio aurreikusi dira bisitarien etorrera handiak balio ekologiko handiko ingurune fisiko honi eragin diezaiokeen inpaktua murrizteko asmoz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!