ETAren desegitea, Nafarroatik aztertua

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 4a, 11:50

Gure mikrofonoetatik pasaturiko hamalau lagunek ontzat jo dute albistea, era guztietako ñabardurekin

ETAren amaierari buruzko ordu beteko saio berezian, hamalau pertsonaren iritziak eta sentipenak jaso ditugu. Lehenik eta behin, Nafarroako Gobernuaren balorazioa izan dugu, Maria Solana eledunaren ahotsean. Horren ondotik, UPNko parlamentari Iñaki Iriartek azaldu digu haren iritzia, baita Kanboko ekitaldira ordezkaritza bidali duten hiru indar politiko nafarren ordezkariena ere: Geroa Baiko Unai Uhalde eta EH Bilduko Bakartxo Ruiz (biok Kanborako bidean harrapatu ditugu), zein Ahal Duguko Ainhoa Aznarez ere.

Aznarezek haren alderdiaren balorazioa azaltzeaz gain, ETAren mehatxuengatik bizkarzainekin bizi izan zituen bederatzi urteak ekarri ditu gogora. Bestelako biktimak ere izan ditugu saioan, 1980an Batallon Vasco Españolek desagerrarazi zuen Jose Miguel Etxeberria Naparraren anaia Eneko Etxeberria hain zuzen ere.

Floren Aoiz ezker abertzaleko hainbat militantes sentitzen duten doluaz mintzatu zaigu, eta ezker abertzaleko beste militante, eta buru, historiko batek, Pernando Barrenak lema kolpea ematen hasi ziren garaiak, Lizarra-Garazi akordioarenak, ekarri dizkigu gogora. Akordio horretako sukalde lanetan buru belarri murgildurik ibilitako Begoña Errazti ere izan da gurekin, baita akordio horrek porrot egin zuelarik ibilbidea abiatu zuen Aralar alderdiko sortzaileetako bat ere: Patxi Zabaleta.

Elkarriren sortzaile Bittor Aierdik mugimendu herritar hark egindako ekarpena nabarmendu du. Eduardo Santosek Langraitz bideaz jardun du. Eta Sare herritarreko kide Mikel Mundiñanok presoek egun bizi duten egoeraren berri eman digu.

Bestalde, Euskal Irratietako Jose Luis Aizpuruk Kanbotik bertatik azaldu digu nolakoa izanen zen ETAren disoluzioaren ekitaldia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!