Nafarroako Zerga Ogasunak balizko iruzurrak ikertuko ditu ekonomia digitaleko negozio-eredu berrietan. Horixe da Zerga Kontrolerako 2018ko Planaren (ebazpena gaur argitaratu da NAO) berritasunetako bat, baina horrekin batera, lehentasunezkotzat jo du alokairu turistikoak, jai-ekitaldietarako esparruen errentamendua (entzierroak ikusteko balkoiak, kasu) eta kontraturik gabeko epe luzeko alokairuak ikertzea.
Erakunde autonomoak aurten egingo dituen ikerketa-lanen barnean, arreta berezia jarriko die sentiberatasun bereziko sektoreei; hala nola, ibilgailuen salerosketari, higizinen transmisioei, zuzenbide arloko profesionalei, osasun-zerbitzuei eta zergak modulu sistemaren bitartez ordaintzen dituzten zergadunei (batez ere, nekazariei eta ostalariei).
Ogasunak aitortu duenez, paradisu fiskalen erabilerak ikuskaritza lanak eragozten ditu. Horregatik, aurten, ikerketa-gaitasuna hobetzeko, CRS – DAC 2 sistemaren erabilera areagotuko du, kontu irekiei buruzko informazioa ematera behartuta dauden lurraldeen kopurua bikoiztuz. Hori dela eta, 289 zenbakidun informazio-eredu berria abiarazi da lurralde horietan lortutako errenta boluntarioko aitortu ahal izateko.
Ikerketaz gain, Ogasunaren ikerketa-lanak hainbat bidetatik lortutako informazioaren erkaketa eta kontrola du ardatz. 2018rako, datu gehiago biltzea espero da, bereziki Informazioaren Bat-Bateko Horniketa (SII) sistemaren finkapenaz eta beste zerga-ogasunekiko koordinazioaren hobekuntzaz. Horrela, BEZaren kudeaketa hobetu eta zerga honekin egindako iruzurrak saihestuko dira.
Nafarroako Zerga Ogasunaren jardueran lehentasunak ezartzea da Zerga Kontrolerako 2018ko Planaren xedea, helburuak finkatuz eta betetze-mailari buruzko adierazleak ezarriz. Jarraitu beharreko ildoak Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko Planean eta berrikitan argitaratu diren 2016 eta 2017 ekitaldietako Memorietan bildutako aurreko planen emaitzetan zehaztuta daude.
Ikuskaritzaz gain, planak berariazko ekintzak zehaztu ditu beste hiru esparru hauetan: prebentzioan, zerga-bilketan eta beste erakundeekiko lankidetzan.
Prebentzio arloko lanan artean, Ogasunak bulego birtuala sustatu eta hedatzeari ekingo dio zerga-obligazioak borondatez betetzea errazteko. Gainera, planak gogoratu du, aurten abirazi den jakinarazpen elektronikoaren bitartez, jakinarazpenen erdiak baino gehiago ez direla ohiko postaz bidaliko.
Esparru honetan ere, garrantzi handikoak dira herritarrak hezteko eta kontzientziatzeko ekimenak. Zehazkiago esanda, Ogasunak dibulgazio-material berriak landuko ditu 2018an Hezkuntza Departamentuarekin batera. Bestetik, kontzientziazio soziala bultzatzen jarraituko du, iruzurraren aurkako borroka jarrera xumeetan isla dadin; adibidez, erosketa-tiketa eskatzean, izan ere, betebehar honek “ez-betetze maila handia du”, aurreko kontrol planetan egiaztatu ahal izan denez.
Zerga-bilketari dagokionez, Ogasunak funtsezkotzat jo du arlo honetan egindako lana, ikerketan zehaztutako zorren kobrantza eraginkorra ahalbidetzen duen neurrian. 2018an, kudeaketa arloko programa informatikoak hobetu eta ordainketak zatikatzeko prozesuak arintzen jarraituko da. Sistema berrien bitartez eta beste administrazioekiko lankidetzari esker lortutako informazio emariaren hazkundearen ondorioz, esparru honetan ere hobekuntzak egitea espero da, konplexutasun eta larritasun handiagoko kasuei arreta berezia jarriz.
Azkenik, planak Estatuko gainerako ogasunekiko nahiz bestelako erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetzak duen funtsezko garrantzia aitortu du. Lankidetza-testuinguru honen barnean, foru ogasunekiko lankidetza-akordioak berritu eta Estatuarekin Hitzarmen Ekonomikoaren oraingo idazketa sakonean berrikustea espero da, eskuduntzak argitu eta empresa txikien zerga-ordainketa errazteko asmoz.