Manifestaziora deitu du Iruñerriko Mugimendu Feministak, indarkeria sexista egiturazko dela salatzeko, Ez da abusua, erasoa da. Ez dago gure hitza epaituko duenik lelopean. 12:30etan abiatuko da mobilizazioa, justizia jauregitik, mobilizazioaren deitzaileek "injustiziaren jauregia" izendatu dutena, Maddi Lasak adierazi duenez mugimendu feministaren izenean.
Indarkeria sexista "egunerokoa" dela esan dute, eta "kasu baten bereiztasunean zentratzeak emakumeen errealitatea distortsionatzea" dakarrela, eta, hori medio, ez dela "irakurketa partzialik" egin behar, hau da, "heteropatriarkatua" dela salatu behar dena.
"Eraso honen eta bestelakoen artean izan den ezberdintasun bakarra, gehiegizko esposizio mediatikoaren ondorioz izan da, argia izan baita, emakume* guztiok jasaten dugun etengabeko zalantzan jartze sistematikoa gizonek gure aurka darabilten indarkeria salatzen dugunean. Auziprozesuak, komunikabide batzuen jardun lotsagarriaz elikatua izan denak, emakumea babestu ez eta ez errespetatzeaz gain, kasu hauetan agerian utzi du gu izaten garela epaituak", salatu dute.
Epaia ez da salbuespena
2016ko talde bortxaketaren sententzia "salbuespen gisa" hartu izana kritikatu dute, bai eta indarkeria "kasu gehienak" ez direla salatzen. Gauzak horrela, epaiaren balorazioa egin dute: "Epai honek gure bizitzak arriskuan jartzen dituela uste dugu, indarkeria edo intimidazioa egon dadin emakumeok* aktiboki kontra egin behar dugula ulertaraztera eramaten baitu. Erresistentzia aktibo hori exijituz, erasoak biolentoagoak izatera garamatza, gure bizitzak are eta arrisku handiagoan jarriz".
Ez da eraso isolatua
"Eraso hau ez da gertakari isolatu bat izan, ez da eraso isolaturik. Ez dira espontaneoki gertatzen diren kontuak, eta ez dira gaitza edota zerutik datorren halako zigor jainkotiarra, eta haren kontra egitea ezinezkoa den zerbait. Emakumeok* jasaten dugun biolentzia sistematikoa da eta gizonek emakumeekiko* dituzten botere harremanetan oinarritzen da, desberdinkeria eragiten dutenak. Sistema heteropartriakarrean errotzen den desberdinkeria, inposatua izan zaiguna eta betikotzeko indarkeria erabiltzen duena".