Melendez eta Piedra eta Blancorentzat, Uharte Zentroako egoitzak

Euskalerria Irratia 2018ko api. 24a, 08:13

Komisariotzaren inguruko ikerketa proiektuak garatzeko egoitzak dira. Helburua, praktika honen alderdiak Nafarroan zehar barreiatzea da.

Huarte Zentroak 2018ko komisariotzaren inguruko ikerketa proiektuak garatzeko egoitzetako bat Morayma Melendezi ematea egotzi du eta bestea Lucía Piedra eta Ingrid Blancok osatutako taldeari.

Zentroak zera eskaintzen du: 2.000€ egoitza-kide bakoitzarentzat zerbitzu-sari eta dietentzat, bertakoa ez den egoitza-kidearentzat ostatua, Uharte Zentroan lan egiteko lekua, premia teknikoak eta teknologikoak barne, eta proiektua garatzeko Zentroko taldearen sostengua.

Sailkatutako proiektuak

Morayma Meléndez Suárez artista eta soziologoa da, eta Masterra Ingurumenari aplikaturiko Gizarte Zientzietan. Bitxigile garaikidea, Arteari buruzko Ikerketa eta sorkuntzaren gaineko masterra ere egina du Euskal Herriko Unibertsitatean. Memoriaren inguruko hurbilketa esperimentalak ari da ikertzen, eta izenburu hau eman dio bere ikerlanari: «Viajes industriales de la memoria de una vida: de los no-lugares como lugares acelerados y sus derivas de fatiga». Komisariotzaren inguruko ikerlan bat garatzea proposatu du oroitzapen pertsonal eta familiarrak gogora ekartzearen ideiaz, betiere mugikortasun eta krisi ekonomikoko egoeretan, artistaren beraren esperientziatik abiatuta; halaber, arlo pertsonala politikoa delako kontzeptua garatu nahi du, eta hainbat objektu familiarrekin nahiz mugikortasun arlokoekin lan egin, memoria-karga duten gailuen gisara, eta hortik ateratzen diren produkzioak ikusgai jarri.

Horrez gain, “objektuak eta memoria” ikerketa-praktika testuinguru sozial jakinetan sozializatzeko tailerrak eginen ditu: lehenbizikoan, gutxienez bost pertsona konprometitu nahi ditu metodologia pertsonal bat aplikatzeko; bigarrenean, pertsona konprometitu bakoitzak oroitzapen pertsonalaz eta familiarraz beteriko objektu bat ekarriko du, eta objektuaren oroimen-aktibazioaren metodologia aplikatuko da, ikerketa familiar baten bidez; hirugarren tailerrean, azkenik, objektuen gaineko erakusketa prestatuko da.

Bi lagunek ikertuko dute bigarren komisariotza, «FRIZZ, BUTTER y PEINE CALIENTE, Una anatomía para “lo negro”», hots, Lucía Piedrak eta Ingrid Blancok. Lehena ikerlaria eta komisario independentea da, eta jarduera koordinatzaile eta komisario gisa ari da lanean Palau de la Virreina zentroarentzat. Bigarrena, berriz, Artearen Historian da lizentziaduna Habanako Unibertsitatean eta Tasneem Galleryko komisarioa, Bartzelonan.

Habanako komisarioek, beren ikerketan, 5 erakusketa-katalogoren gaineko informazioa aztertu eta bilduko dute, bostak ere N.Y.eko Studio Museum Harlem-en eginak, non Afrikan jaiotako edota guraso afrikarrak zituzten artisten aukera bat sartu baitzen, guztiak ere gaur egun Afrikan, Latinoamerikan, Ipar Amerikan eta Europan bizi eta lan egiten dutenak. Erakusketa sorta horren gaineko interesak azterketa etimologikoa du oinarri, eta era berean, nola zedarritzen diren kontzeptu jakin batzuen azpian hainbat kontu; dela beltzaren definizioa (gero eta kriminalizatuagoa dagoen honetan), dela immigrazioaren krisia Europan, dela fetitxismo merkantilistak eragindako asimilazio izugarria. Honatx erakusketak: Freestyle, Frequency, Flow, Fore eta Fictions.

Datuen bilketa mapen eta oharren bidez zabaldu nahi dute, kontzeptuak kokatu eta lotzeko, eta geopolitikoki birkokatzeko, Kariben eta Hego Amerikan zer oihartzun duten erkatuta. Datuak bildu eta irakurri ondotik, eta esperimentaziotik heldu den beste bide bat urratu nahian, irakurketa saio bat ireki nahi dute tokiko eragileekin, aukeratutako testu pasarteak eztabaidatze aldera, kontu horiek hurbileneko hiri eta landa testuinguruetan nola agerrarazten diren ikusteko, hau da, Iruñean eta Uharten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!