"Bizitza erdigunean jartzea". Hori da LAB sindikatuaren helburua aurtengo maiatzaren 1ari begira, Imanol Karrera idazkari nagusiak esan duenez. Horren harira, aurtengo leloa: Lan, bizi eta herri duina. Nafarroako manifestazio nagusia Iruñekoa izanen da, 12:00etan, Gazteluko plazatik abiatuta, baina, horrez gainera, beste hainbat mobilizazio ere eginen dituzte, Lizarran, Tuteran, Altsasun, Tafallan eta Donezteben.
Mobilizazioak eta burujabetza
Bi helburu nagusi izanen ditu maiatzaren 1ak: lehenik eta behin, "eraldaketa soziala" lortze aldera, mobilizazio soziala "indartzea"; bigarrenik, "eraldaketa burujabetza prozesuarekin lotzea".
Mobilizazioaren beharra azpimarratu du Karrerak: "Ezinbestekoa da sindikatuen borroka, prekarietateari aurre egiteko". LABek martxan dauzkan dinamiketako zenbait izan ditu gogoan: hala nola, Huerta de Peraltan sei ordezkari dauzka, eta "lan baldintza duinak" lortzeko lanean ari da; metalgintzan eta Gamesan ere indartsu dabilela esan du sindikatu abertzaleak; eta, amaitzeko, Bershkako kasua oroitarazi du, hiru ordezkaritik hiru lortu baititu.
Eraldaketa burujabetza prozesuarekin lotu beharra dagoela deritzo LABek. "Agerian dago zer nolako inboluzio politikoa eta soziala etortzen ari den Espainiako estatutik, eta, horren aurrean, burujabetza prozesu bat hasi behar dugu; ezkerretik, burujabetza behar dugu".
Langileak, kalera
Langileriari maiatzaren 1ean kalera ateratzeko deia egin diote. "Argi dugu maiatzaren lehenean inflexio puntu batean sartuko garela, prekarietarearen kontra eta eraldaketa sozialaren alde", ziurtatu du Karrerak.