Edalontzi erabilgarriak Iruñea guztira zabalduko dituzte Jai Batzordeak eta udalak

Euskalerria Irratia 2018ko api. 19a, 13:36

Asteburu honetan emango zaio hasiera ekimenari, Sanduzelaiko jaietan, non 2.000 edalontzi banatuko baitira.

Iruñeko Udalak eta auzoetako Jai Batzordeetako ordezkariek hitzarmenak sinatuko dituzte edalontzi berrerabilgarria hiri osoko jaietara zabaltzeko. Ekimena asteburu honetan abiatuko da, Sanduzelaiko jaietan, non 2.000 edalontzi banatzea aurreikusi baita.

Lehenengo hitzarmena, Sanduzelaiko auzoari dagokiona, gaur goizean sinatu da,  eta pixkanaka, jai-ospakizunak gertuago diren neurrian, gainerako auzoetakoak sinatuko dira. Ekitaldian izan dira Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuenca eta zenbait auzotako Jai Batzordeetako ordezkariak: Sanduzelai, Etxabakoitz, Alde Zaharra, Milagrosa-Arrosadia, Donibane, Mendillorri eta Azpilagaña.

Hitzarmenari jarraikiz, Udalak irabazi-asmorik gabeko kolektibo eta elkarteen esku jarriko ditu edalontzi berrerabilgarriak, doan, baldin eta hirian ekitaldiak antolatzen badituzte. Entitateek euro bat kobratuko diote erabiltzaileari edalontzi bakoitzeko, eta edalontzia itzultzearekin bat, euroa itzuliko diote. Itzuli gabeko edalontziekin biltzen duten dirua Iruñeko Udalari emango diote, eta horrek diru horrekin ordainduko ditu edalontzien garraio- eta garbiketa-gastuak, galdutako edalontzien ordez beste batzuk eskuratu eta berriak erosiko ditu, eta sistemarekin loturiko beste gastu batzuk hartuko ditu bere gain.

Ekimen honen bitartez, Iruñeko Udalak nahi du hirian ospatzen diren jai eta ekitaldietan sortzen den hondakin-kopurua ahalik eta txikiena izan dadin, eta ekimena sanferminez harago eraman nahi du; sanferminetan, hain zuzen, edalontzi berrerabilgarriaren ekimena abiatu da azken bi urteetan, eta emaitzak azpimarragarriak izan dira hala ondorio ekonomikoetan nola ingurumenekoetan. 2018. urterako, eta ekimena ekitaldi gehiagora zabaltzeko asmoz, Udalak 50.000 euroko laguntza-kontratua onetsi du, 300.000 edalontzi berrerabilgarri baino gehiago enkargatzeko. Zerbitzu horren kontratua datozen egunotan argitaratuko da Nafarroako Kontratazioaren atarian, eta irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro berezietarako erreserbatuta dago, gizarteratze eta laneratze zentroetarako, adibidez.

Funtzionamendu-modalitateak

Edalontzi berrerabilgarriaren sistemak bi modalitate izango ditu. Lehenengo modalitateak sanferminetan funtzionatuko du, lokaletan eta Udalak esleitutako guneetan –kontzertuetan eta espazio publikoa erabiltzen duten ekitaldietan, adibidez, Foruen plazako kontzertuak, non taberna-barrak baitaude, elkarteak, etab–: entitateek edalontziak erosiko dituzte, tamaina bakoitzari ezarritako prezioan (30 cl-ko edalontzia 32 zentimoan; 50ekoa, 42 zentimoan; eta litrokoa, 47 zentimoan), baina edalontzia itzultzen ez duen bezeroaren euroa haien esku geratuko da, eta beraz, itzultzen ez den edalontzi horrek sortzen duen etekina haientzat izango da. Bigarren modalitatea, gaur sinatutako hitzarmenak jasotzen duena, urteko gainerako garaietan irabazi-asmorik gabeko kolektibo eta elkarteek antolatzen dituzten ekitaldietarako da. Halakoetan, Udalak edalontzi berrerabilgarriak doan emango dizkie eskatzen dituztenei; ez dituzte edalontziak erosi beharko. Baina modalitate honetan, itzultzen ez diren edalontziei dagokien euro-kopurua Udal Diruzaintzan sartu beharko da behin ekitaldia amaituta.

Auzoetako jaiak daude azken modalitate horren barruan, hain zuzen. Horri esker, Jai Batzordeek edalontzi berrerabilgarriaren sistema integrala izango dute eskura, musu-truk. Doan emango zaizkie bai eskatzen duten edalontzi-kopurua, bai sistemari lotzen zaion logistika-zerbitzua (banaketa, edalontzi erabilien bilketa eta garbiketa).

Hasiera batean, 50 cl-ko edalontziak soilik emango zaizkie, nahiz eta beste formatuen inguruko eskaerak kontuan hartuko diren, etorkizunean horiek ere eskura izateko. Jai Batzordeek ezingo dituzte edariak erabilera bakarreko edalontzietan zerbitzatu edalontzi berrerabilgarriak eskura dituzten bitartean.

Horrez gain, Udalak kontzientziazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat egingo du erabilera bakarreko edalontziak erabiltzearen arazoak eta berrerabilgarriaren alde positiboak ikusarazteko.

Jai Batzordeak 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran sortu ziren. Gora Iruñea, bere aldetik, 2006-2007 urtean jaio zen. Jai Batzordeen arteko aliantzari esker 2007an hasi zen edalontzi berrerabilgarria erabiltzen, eta orduz geroztik oso esperientzia positiboa izan da.

 Edalontzi berrerabilgarriei esker, erabilera bakarreko edalontzien kontsumoa 5 aldiz txikiagoa da. Jai Batzordeek espero dute edalontzi berrerabilgarriaren udal sisteman sartuta, halako sistema bat non edalontzia itzuli eta garbiketa-zikloan sartzen baita, edalontzien kontsumoa are gehiago gutxituko dela.

2017an 28.000 edalontzi berrerabilgarri erabili ziren auzoetako jaietan, eta kopuru horri 3.000 edalontzi gehitu behar zaizkio, lehenengo aldiz ospatzen ziren Lezkairuko zalduko jaietarako eskatutakoak. Hortaz, 31.000 edalontzi berrerabilgarri erabili ziren guztira, eta horrek urteko CO2 isurketak 2,71 tona gutxiago izatea ekarri zuen.

4,9 tona CO2 isurtzea ekidin zen 2017an

2016 eta 2017an, Udalak edalontzi berrerabilgarria sustatu zuen sanferminetan. 2017ko kanpainan, 50 jai-gunek parte hartu zuten, besteak beste, tabernak, peñak, Udalak esleitutako barrak, zezen-plaza eta Labriteko pilotalekua. Udalak 284.520 edalontzi banatu zituen guztira, eta horiei gehitu behar zaizkie beste herri-ekimen batzuek (Gora Iruñea, Nafarroa Oinez eta erdiguneko ostalariak) banatu zituztenak. Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko Alorreko datuen arabera, horietatik 119.000 edalontzi berreskuratu eta garbitu ziren, hots, edalontzien % 47 sistemara itzuli ziren, eta edalontzi bakoitza 5 alditan erabili zen, batez beste. Udalaren kalkuluen arabera, 4,9 tona CO2 isurtzea ekidin zen horrekin, estimazioen arabera CO2 kopuru hori sortuko lukeelako erabilera bakarreko edalontzi horiek fabrikatzeak.

Hondakinen bilketari dagokionez, kaleko hondakinak edo ekorketan bildutakoak % 21,82 murriztu ziren azken sanferminetan, aurreko urtearekin alderatuta (422 tonatik 330era); eta beherakada horretan edalontzi berrerabilgarria gakoa dela uste da, gazteengan eta gaueko ordutegian duelako eragina.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!