Batzordea lanean hasi da parlamentuan. Euskararen legea Nafarroa osoan ofiziala izateko sortutako batzordea da, propio. Lege berri bat idaztea da xedeetako bat, euskara, ofiziala izan dadin lurralde osoan. Hori ordea, nahikoa ez litzatekeela izanen nabarmendu du batzordeko lehen bilkuran Miguel Izu legelari eta Administrazio Auzitegiko eledunak: "Ongi deritzot euskararen legea aldatzeari, baina foru lege batek, berez, ezin du euskararen ofizialtasuna ezarri Nafarroa osoan. Ez, behintzat, aurretik Foru Hobekuntzaren lege organikoa aldatzen ez bada". Horiek esanda, euskarari "babes eta berme juridikoa" ematearen alde azaldu zen legelaria.
Izuren planteamenduekin bat etorri ziren lauko gobernuari eusten dioten taldeak, baina ñabardurekin. Koldo Martinezen esanetan (Geroa Bai), lehentasuna "herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea da". Horrekin ados azaldu zen EH Bilduko Dabid Anaut, "behar diren legeak aldatzeko" borondatea erakutsi zuen, euskararen ofizialtasuna bermatze aldera: "Parlamentuak erabakitzen badu ofizialtasuna hedatu behar dela eta zonifikazioa gainditu, ez zait arrazoirik bururatzen hori ez ahalbidetzeko". UPNk, PPk eta PSNk, berriz, ez zioten zilegitasunik aitortu batzordeari: "Euskararen legea ez da aldatuko, horretarako Foru Hobekuntzaren lege organikoa aldatu beharko bailitzateke, eta, auzi horretan, parlamentu honek ez du deus esateko", esan zuen UPNko Carlos Garcia Adanerok. Hala, batzordean parte hartzen ez jarraitzea erabaki dute UPNk eta PPNk, "nazionalisten bozgorailua" delakoan; PSNk ere aukera hori aztertuko du.
Euskararen ofizialtasuna lantzeko, prest
Lehen fasean, hainbat alorretako adituak gonbidatuko dituzte batzordera, euskararen ofizialtasuna bermatuko duen lege batek zer ezaugarri izan behar dituen zehazte aldera. Bigarren fasean, euskararen alorrean diharduten eragileen iritzia ere jasoko dute.