Skolae hezkidetza planaren programa pilotuan 16 ikastetxek parte hartu dute eta formazio plana egin dute 700 irakaslek eta 400 tutorek. Berdin bidean izena du programak eta iaz hasi eta 2021. Urtera arteko bideak Nafarroako ikastetxe guztietara iritsi nahi dute.
Hezkidetza txertatzeko esku hartzea egiten ari da Hezkuntza departamentua modu integralean.Berdintasuna ikastea da xedea Maria Solanaren esanetan.
Orain arte zentro publikoetan egin dute hezkidetza programa, baina, zentro guztietara iritsi nahi dute, baita, sexuaren arabera banatzen dituztenetara ere. Programa honek nork bere bizitza-proiektua aukeratzeko gaitasunak bereganatzen ikasteko prozesuan lagungarri izatea du helburu (askatasunetik eta aukera-aniztasunetik, genero-baldintzatzailerik gabe, arraza, erlijioa, maila ekonomiko eta kulturala, jatorria, eta abar edozein izanda ere); eskola-komunitate guztien eskura jartzen da, haurrak jaiotzen direnetik hezkuntza-etapa guztiak amaitzen dituzten arte.
Ikasketa ibilbidea
Planak proposatzen duen ikasketa ibilbideak hezkuntza etapa guztietarako helburuak eta urratsak zehazten ditu, 0-3tik 18-20ra bitartean. “Ibilbide horretatik abiatuta sortzen da SKOLAE Berdin Bidean programa, hezkuntza komunitate bakoitzaren bidelagun izateko era horretan umeek, jaiotzen direnetik eta hezkuntza etapa guztietan zehar, berdintasunean eta bakoitzak egindako hautuan bizitzeko beharrezko gaitasunak gara ditzaten”, azaldu du kontseilariak. Ibilbide anitz horren bitartez sortzen da zentro bakoitzean hezkidetzarekiko parte hartzea eta konpromisoa. Helburua da oinarrizko gaitasunak eskuratzea “neskato eta mutikoei ahalbidetuko dietenak bizitza proiektu propioa hautatzen, eraikitzen eta bizitzen, ezagutzatik, askatasunetik eta erabakitzeko gaitasunetik, genero baldintzarik gabe, desberdintasunak identifikatzeko eta haien kontra borrokatzeko gai izanik eta kultura, erlijio, klase sozial, egoera funtzional edo dena delakoan berdintasun eskubidea gauzatzeko gai izan”, azpimarratu du Solanak.
Era berean, kontseilariak aintzat hartu du “ikastetxe parte-hartzaileetako zuzendaritza taldeek adierazi duten konpromiso aktiboa eta bizikidetza lantzeko koordinatzaileak izendatu izana ikastetxe bakoitzean, talde sustatzailearekin zuzenean aritzeko ikastetxearen hezkidetza identitate integratzailearen ekintzak lantzen: jolas-tokiaren antolaketa, hizkuntzaren erabilera inklusiboa, familiekin komunikazioak, webaren irudia, eta abar”.
Solanak azaldu du zein izan den programa pilotuan zentroek hartu duten parte hartze konpromisoa. Formazio planean eta aholkularitza erdi presentziala izan dute ikasturte osoan zehar, bost formazio moduluren bitartez: “Ari gara esaten, trebatu diren 16 klaustroetan 700dik gora pertsonek parte hartu dutela (510 emakume eta 197 gizon) eta trebakuntza moduluetan ia 400dik gora irakasle eta tutorek parte hartu dutela (322 emakume eta 95 gizon). Gainera, horietako 90ek (77 emakume eta 13 gizon) trebakuntza berezitu bat jaso dute zentroaren diagnostikoa egin eta hobekuntza planak egiteko”.
Hezkuntza kontseilariak azpimarratu nahi izan du “esperientzia pilotuan aritu diren irakasleek izan duten parte hartzea, erakutsi duten motibazioa eta egin duten esfortzua, hausnarketa maila handia erakutsi baitute eta irakaskuntza hobetzeko autokritika zein berdintasunarekiko konpromisoa erakutsi baitute”.
Lehenengo ikasturte honetan barne koordinazioan lan egin du Hezkuntza departamentuak, parte hartze baldintzak nahiz eskakizunak bermatuko dituen araudia garatzeko. Parte hartu duen ikastetxe bakoitzak arduradun bat dauka departamentuan. SKOLAE programak 9 pertsonako formatzaile talde baten laguntza izan du lehenengo ikasturte honetan, irakaskuntzak eta berdintasuneko formakuntzan trebatuak. Programaren orokortze fasearekin taldea ere handitu egingo da.
SKOLAE programak hainbat eduki landu ditu; hala nola, formakuntzakoak, orientazio materialak eta gelarako aplikazioak. Online trebakuntza programa ere badauka eta datorren ikasturterako hobetu egingo du esperientzia. Gainera ikaskuntza helburuen ibilbidea garatu du etapako eta sistematizatutako orientazio didaktikoak zehaztu ditu 208 fitxen bidez formazio planean parte hartu dutenek geletan erabili ditzaten. Halaber, parte hartu duten ikastetxeentzako hedapen materialak ere egin dira, hala nola, posterrak, esku-orriak eta beste.
SKOLAEk, gainera, Haur hezkuntzako ikastetxeetako gurasoekin lan egin du, izan ditzaketen formazio premiak identifikatzeko eta hezkuntza ez formalean ari diren begirale gazteekin ere aritu da berdintasun eredu izateko duten gaitasunagatik.
Ebaluaketa, Kalitatea, Formazioa, Berdintasuna eta Bizikidetza Zerbitzu-zuzendari Aitor Lakastak azaldu duenez, anitza da Hezkidetzari buruzko estatu eta foru mailako araudia. “Hezkidetzan oinarritutako eskola eredua aintzat hartu beharko genuke Hezkuntzaren kudeaketan ardura dugun administrazioek. Hezkuntza departamentuak Hezkidetza Plan garatua aurrera eraman nahi du, araudia betetzeko bermea izan daitekeelakoan”. Era berean, esan du: “zerotik ez garela hasi esan beharra dago. Duela 10 urte dagoeneko Berdintasun Plan bat onartu zen, baina murrizketengatik ez zen inondik inora gauzatu. Irakasleon ekimen gogotsuak, prestakuntza eta ikastetxe ezberdinen elkarlana bertan behera geratu zen. Skolaek ahalegin partekatu horren lekukoa hartzeko asmoa du, emakumeon eta gizonon benetako berdintasuna lortzearren”.
208 orientazio didaktiko geletan
Berdintasun Atalburu Pilar Mayok ikasgelan erabiltzeko sortu diren material didaktiko eta hezkuntza ekintzetan landutako edukiak sortzeko egindako lana azaldu du. SKOLAE programak egutegian zehaztutako 208 fitxa ditu, lau etapa nagusienentzako: 0-3 urte arteko zikloa, lehen eta bigarren hezkuntza, batxilergoa eta lanbide heziketa. 208 fitxa horietatik autonomia, independentzia zein lanaren zentralitatea dituzte hizpide 47 orientazio didaktikok; desberdintasunarekiko kontzientzia kritikoa eta aldaketarako konpromisoa latzen dute 43k; lidergoa, ahalduntzea eta gizarte parte-hartzea, berriz, 37k; 40k sexualitatea lantzen dute; 24k indarkeria zehatzak ekiditea eta beste 7k, berriz, jai eremuetako erasoak saihestea.
Mayok nabarmendu duenez, “datorren ikasturteko formazioak hasiera-hasieratik uztartuko ditu teoria eta praktika, eta gehituko zaizkio parte-hartzaileekin martxoan egindako orain arteko ebaluaketa eta analisi estrategikoetan bildu ditugun hobekuntza proposamenak”.
Gainera, Mayok esan duenez, SKOLAE programaren erronka nagusia da, “ikasleek ikasi dezaten euren gertuko ingurune sozialean ekarpenak egiten, parte hartze sozial, lidergo nahiz bai banakako zein taldeko ahalduntze ikasketetan geletatik ateraz. Berdintasunarekiko konpromisoan ekinez eta jarrera berriak erakusten, gizon berdinzale eta emakume ahaldundu ereduak ikustaraziz, horrek lagunduko baitu sortzen kultura igualitario, feminista, zaintzarekin arduratsua, askea, emakumeen kontrako indarkerietatik libre eta indarkeriari, diskriminazioari nahiz genero desberdintasunei modu argi eta irmoan erantzuteko gai”.