Errenta kanpainan, 'gizarte helburuak' laukitxoa markatzeko proposamena

Euskalerria Irratia 2018ko api. 16a, 13:03

Iazko errenta aitortzeko kanpainan, guztira 228.761 pertsonak markatu zuten gizarte helburuetarako laukia; hau da, aitortzaileen % 48,40 da.

Nafarroako GGKEn Koordinakundeak (CONGDN), Ekonomia Alternatibo eta Elkartasunezkoaren Sareak (REAS Nafarroa), Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren aurkako Nafarroako Sareak, Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Erakundeen Batzordeak (Cermin) eta Nafarroako Gurutze Gorriak “Eta zuk, zer markatzen duzu?”  kanpaina aurkeztu dute ostiral honetan. Errenta aitorpenari buruzko kanpaina da, eta nafar herritarrak animatu dituzte gizarte helburuetarako laukia aukeratzera.

Aurten, erakundeok hiru puntu azpimarratu nahi ditugu bereziki:

- Batetik, laukia zuri uzten duten pertsona guztiak (70.000 baino gehiago) animatu nahi ditugu gizarte helburuetarako laukia markatzera.Horretarako, oroitarazi nahi diegu aukera hori “keinu bat dela, eta deus ere ez zaiola kostatzen zergadunari; hau da, zergadunak ez du diru gehiago ordaindu behar”. Lauki hori aldatu ahal izateko, 948 50 51 52 zenbakira deitu daiteke, edo www.navarra.es webaren bidez egin daiteke, edo bestela, Zerga Agentziako bulegoetara joanda (hitzordua aurrez eskatuta).

- Nafar zergadunen egoera Estatuko zergadunen egoerarekin parekatzea. Estatuan, bi laukiak (Eliza Katolikoa eta Beste Helburu Sozial batzuk) markatzen dituen zergadunak bere ekarpena bikoizten du (% 0,7+     % 0,7). Gure Komunitatean, aldiz, zatitu egiten da (% 0,35%+% 0,35), nafar herritarrak desabantailan utzita.

- Partidak ordezkatzeko politikari EZ. Legeak ezarria du berariazko deialdiak egin behar direla, egungoez bestelakoak, diru-bilketa horren kargura. Gure Komunitatean, ordea, kasu gehienetan, eta hainbat esparrutan, hala nola Gizarte Bazterketan, Nazioarteko Lankidetzan eta Desgaitasunean, deialdiak erabili dira Nafarroako Gobernuari dagozkion deialdietako partidak ordezkatzeko, eta gainera, ez dira bere osoan gastatu.  

Iazko errenta aitortzeko kanpainan, guztira 228.761 pertsonak markatu zuten gizarte helburuetarako laukia; hau da, aitortzaileen % 48,40 da, eta kuota osoaren % 50,79. Horrek 8.467.660 euroko asignazioa eragin du Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorretan. Iaz, dirutza horrekin, eta lauki horren bidez, 280 proiektu baino gehiago finantzatu ziren Nafarroan desgaitasuna duten pertsonentzat, gizartean bazterturik dagoen jendearentzat, adinekoentzat, ingurumeneko programentzat eta nazioarteko lankidetzarentzat. Gizarte helburuetarako ekarpenak gora egin du urtez urte 2011ko aurrekontuetako 5 milioi eurotik egungo 8,4 milioi eurora.

Nolanahi ere, hona hemen erakundeon aldarria: “izan ditzagun aurrekontu-partida batzuk gobernu ekintzaren ekimenez, eta herritarren 0,7aren bidez osatu daitezela".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!