'Artea Oinez' erakusketa, Kondestablen

Euskalerria Irratia 2018ko api. 16a, 09:07
Argazkia: Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparaz, Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendari Maitena Muruzabal eta Iñigo Aritza Ikastolako zuzendari Ibai Iriarte.

Edizio honek Dora Salazar sortzaile altsasuarra omenduko du. Maiatzaren 5era arte, 74 artistaren lanak ikusi ahal izango dira, hainbat teknika eta estilotakoak.

Artea Oinez erakusketa berriz ere Iruñean da. Gaur goizean, Kondestablearen jauregian, 2018ko edizioko erakusketa aurkeztu da, aurtengo Nafarroa Oinezen programazioaren barruan. 74 artistak –gehienak nafarrak, eta 26, emakumeak– hainbat hizkuntza eta teknika biltzen dituen lan sorta zabal honetan parte hartzen dute. Maiatzaren 5era arte, Kale Nagusiaren 2ko eraikineko lehen solairuko bi aretotan ikusgai egongo dira eskulturak, argazkiak, pinturak eta grabatuak, baita teknika mistoetan egindako lanak ere.

Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek, Iñigo Aritza Ikastolako zuzendari Ibai Iriartek eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari eta erakusketaren komisario Josu Reparazek aurkeztu dute gaur goizean Artea Oinezen edizio berria. Ekitaldian azaldu da aurten erakusketaren artista kuttuna Dora Salazar dela, haren lan artistikoaren mailagatik eta ikastolekiko erakutsi duen eskuzabaltasunagatik.

Sakanako artista ugari daude, gainera, edizio honetan –16 artista Sakanakoak dira, eta horietatik 12, emakumeak–. Izan ere, Bizi lelopean aurtengo Nafarroa Oinezek bildutako dirua Iñigo Aritza Ikastolara bideratuko da, bertako instalazioak eguneratu eta haren hezkuntza-eredua finkatzen jarraitzeko. Erakusketa honetan artelan batekin lagundu duten egileen artean nazioko zein nazioarteko galeriatan izan diren 13 artista daude, zeinek ARCO azokako azken edizioan arrakasta nabarmena izan baitzuten.

Ikastolen proposamenak abangoardiako kultura eta artearen aldeko apustua egiten du, errealitateari buruzko gogoeta egiten duten artisten lankidetzaren bidez. Erakusketa honako artelan hauek osatzen dute: 19 eskultura, 6 argazki, 27 pintura, 14 grabatu hainbat teknikatan (inpresio digitalak, serigrafiak, akuaforteak, etab.), eta teknika mistoetan egindako 9 lan. Artea Oinez sormeneko erakusketaren lehen edizioa 90eko hamarkadan egin zen lehenengo aldiz, eta 2000. urtean egungo formatua hartu zuen. Gaur Kondestablen inauguratu den erakusketa amaitzean, Iruñetik Altsasura joango da. Iortia Kultur Gunera, hain zuzen.

Dora Salazar, Altsasuko eskultorea

Iñigo Aritza Ikastolak Artea Oinez 2018ko ediziorako Dora Salazar (Altsasu, 1963) aukeratu du omentzeko artista kuttun gisa. Salazarrek lantegia Altsasun dauka oraindik ere, eta bertara jotzen du aldian behin, Bilboko bizilekua utzita. Bere ibilbidean zehar erakusketa ugaritan parte hartu izan du, eta formatu handiko lanak ditu Iruñeko eremu publikoetan: 1. eta 2. Bestiarioak, Txantreako Munduko parkean.

Artista nafarra Arte Ederretan lizentziaduna da EHUn, eta Eskulturan doktorea. Sari eta accesit ugari eskuratu ditu, eta haren lanak hainbat museo eta instituzioren esku daude: Argentaria bilduma (Madril), Nafarroako eta Arabako Arte Ederretako museoak, Rafael Tours bilduma (Bartzelona), Zarauzko Udala (Gipuzkoa), NUP, eta Koldo Mitxelena Liburutegia (Donostia).

Salazarren ibilbidean hainbat etapa nabarmentzen dira, elkarri lotuta rolak eta jarrerak hartzeko nahikoa diren eta gizakiak janzten dituen “azal” ezberdinen bilaketagatik, eta genero zein justizia sozialeko gaiak aldarrikatuta. Haren sorkuntzetan bestelako izaki etereoak, lurtarrak, aireko zein itsasoko izakiak agertzen dira, baita giza gorputzaren interpretazio klasikoagoak ere, mugimenduarekin, dantzarekin, hiriekin eta hiritarra den horrekin lotuta.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!