Altsasutik egin dugu gaur Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa. Koxka tabernaren parean egin dugu hitzordua lehenbizi Altsasuko Auzian auzipetuta dauden hamar gurasoetatik birekin. Bel Pozueta eta Koldo Arnanzek diote, Koxka tabernatik igarotzean edota barruan kafe bat hartzera sartzen direnean ez dutela deus berezirik sentitzen. Taberna horretan izan zen liskarra 2016ko urriaren 14an, baina beste edozein tokitan izan zitekeela ere uste dute. Ordu txikitan, parranda giroan izandako liskarra izan zen. Altsasun, baina Iruñean edo beste edozein herritan ere izan zitekeena. Adur Ramirez de Aldaren eta Oihan Arnanzen gurasoak dira. Urduri ikusten dituzte biak astelehenean hasiko delako epaiketa, baina, era berean indartsu ere bai. 514 egun daramatzate espetxean, urrunduta. Amets gaizto luzea izaten ari da Altsasuko Auzia deitutakoa baina, bada alde positiborik ere: “Altxor bat airkitu dugu bidean: jendearen elkartasuna. Horri esker gaude gauden tokian. Oraindik behar ditugu herritarrak. Bihar dugu hitzordua”, esan dute gurasoek. (Elkarrizketa entzuteko aukera beheko estekan)
Epaiketa hamar egunez
Amaia Izko Altsasuko Auzian auzipetuta dauden gazte batzuen abokatua da. Apirilaren 16tik 27ra izanen da gazte horiek epaituko dituzten unea. “Ez diote tokirik egin nahi gure froga eta lekukoei. Azalpenik gabe ukatu dizkigute gehienak. Oztopoa dira beraientzat sortu duten errelatoa gezurtatzen duelako”, nabarmendu du Izkok. "Covitek sartu du terrorismoaren afera. Komunikabide zenbait ere bidelagun izan ditu. Salaketa jarri zuen Covitek gertatutakoa terrorismoa zelakoan. Inork gehiagok ez du hori ikusi, Covitek eta Auzitegi Nazionalak bakarrik”, argitu du. “Zigor kode berria aplikatuta ari dira auzia aurrera eramaten. Inongo harremanik izan gabe ere inongo erakunderekin, gizabanakoak terrorismoan barneratzen ditu”, esan du. (Elkarrizketa entzuteko aukera beheko estekan)
Larunbateko manifestazioa "izugarri jendetsua" izatea espero dute
Altsasukoak Aske plataformak deitu du larunbatean Iruñean izanen den manifestazioa. 'Justizia. Ez da terrorismoa', goiburua izanen du eta jendetza erakartzea espero dute. Altsasukoak Aske plataformako kide Idoia Goikoetxeak esan du orain arte erakunde publiko askok egin dutela bat deialdiarekin. Sakanako udal guztiak, baita Goierri, Arabako lautada... abokatuak, gizarte eragileak, kultur arlokoak, kirolariak... jende anitza dago babesleen artean. “Altxorra da sortu den mugimendua. Jende oso desberdina batu da helburu bakar batekin. Arrakasta izan da jendea mugitzea. Biharko manifestazioa izugarria izatea espero dugu”. (Elkarrizketa entzuteko aukera beheko estekan)
Ideologietatik harago jakin du erantzuten herriak
Herriaren beraren egunerokoa eta errealitatea desitxuratzen saiatu dira hainbat hedabide eta sektore. Horretaz hitz egin du herriko alkate Jabi Ollok: "Momentu zailak ari gara bizitzen. Neurritasun falta ari da gailentzen auzi honetan. Altsasuz esan direnak ez dira egiazkoak. Komunikabide askok esandakoa herriaren benetako irudia desitxuratzea izan da”. Altsasu herri anitza dela esan du. Ideologia asko daude. Bost talde desberdin elkartzen dira osoko bilkuretan, adibidez. Nabarmendu duen bestea da, Guardia Zibila Altsasun ez dela modu "berezian" bizi. “Kontrol kopuruarekin kexa ugari daude. Baita isunak direla-eta. Guardia Zibilari esana diot. Beraiek justifikazioak badituzte. Bizikidetza izateko guztien partetik jarri behar da alea”. (Elkarrizketa entzuteko aukera beheko estekan)