Kontratu Publikoen Legea onartu du parlamentuak

Euskalerria Irratia 2018ko api. 12a, 13:03

Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek eta PSNk babestu dute, ez ordea, UPNk eta PPk.

Kontratu Publikoen Legea onartu da gaur parlamentuan. Gobernua babesten duten lau alderdiek eta PSNk babestu dute, ez ordea, UPNk eta PPk. Zer dakar Lege berri honek? Bada, jakina denez, Administrazioak zenbait enpresa kontratatzen ditu zerbitzu batzuk enpresa horiek kudeatu ditzaten. Bada, subkontratazio horiek oinarrizko baldintza batzuk bete ditzaten, baliagarria izanen da Lege berria.

Europara begirako legea ere badela esan daiteke. Izan ere, gaur onartutakoarekin Nafarroako araudi juridikoa egokitu egin da eta Europak markatzen duen kontratazio eredura gerturatu. Garapen ekonomikoa, enplegua, produktibitatea eta kohesio soziala ahalbidetuko ditu. Era berean, diru publikoaren erabilera egokia ziurtatuko du.

Hemendik aurrera ez da bakarrik kontuan hartuko zein enpresak egiten duen eskaintzarik merkeena, baizik, kalitatea aintzat hartuko da, klausula sozialak ere txertatuko dira eta baita, ingurumenarekiko errespetuz jokatzeko irizpidea ere.

Ogasun Kontseilariak aurkeztu du Lege berria, eta nabarmendu du, efikazia eta lehiakortasunaren arteko erlazioa hobetuko direla eta kalitatea aintzat hartzea eskaintzetan ere gakoa izanen dela.

Legea aurrera ateratzea ahalbidetu dutenek hartu dute hitza gero. Geroa Baiko Jokin Castiellak nabarmendu du. Kalitateko enplegua sortzeko tresna izanen dela, prekarietatearekin amaitzeko eta integrazio soziala bultzatzeko. Lege garrantzitsuenetako bat izanen da legealdi honetan EH Bilduren ustez. Kontratazio Publikoen Lege berriak filosofia berria izanen duela uste du Arantza Izurdiagak. Kontrol handiagoa eta gardentasuna, autonomoei eta enpresa txikiei bultzada ekarriko diela nabarmendu du alderdi sozialistak. 

Euskararen mamuak haizatzen berriz ere

Aurka aritu direnak, diotenez, xedapen gehigarri baten erruz. Euskara plana egin beharko dute administrazioarekin kontratu bat sinatu nahi duten enpresa pribatuek, eta plan horretan, herritarrei arreta ematen dieten langileek, hala nahi badute, aukera izanen dute euskara ikasteko.

UPNrentzat eta PPrentzat euskara inposatzen segitzen du laukoak, eta oraingoan, baita alderdi sozialistak ere. Zonifikazioa ez errespetatzea eta diskriminatzea leporatu die PPk. Aldaketaren diktadura, eskandalua eta euskara, gobernuaren “germena” dela ere esan du Javier Garciak.

Sindikatuek ospatu egin dute onarpena

Kontratu Publikoen Legearen eztabaida segitzen, sindikatuetako ordezkariak izan dira. ELA, LAB eta Comisiones Obrerasekoak izan dira, beraiek ere landu baitute Kontratu Publikoen gaia. Behin onartuta, kalean ospatu dute. Izan ere, oro har, pozik gaur onartutakoarekin. 

Hiru sindikatuen iritziz, onetsi berri den legearen alderdirik nabarienak hurrengo hauek dira: subrogazioa, gutxienezko plantilla eta lanaldia bermatu dira zerbitzuetako eta zerbitzu-emakidako kontratu guztietan, hitzarmenik aldekoenaren aplikagarritasuna ezarri da, sindikatuei eskumena aitortu zaie baldintza-orriak (pleguak) errekurritzeko, laneratze-ezaren kasuetan ordezpenak bermatu dira, eta jendeari begirako postuetan euskara-planak sustatu dira.
 
CCOOek, ELAk eta LABek ongi deritzogu Parlamentuko izapidean egindako lanari, lege berrian aurrerapauso nabarmenak eman baitira enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzeari dagokionez. Alde horretatik aipatu beharrekoa da Gobernuak Parlamentuari igorritako lege-proiektuan ezta subrogazioa ere ez zela bermatzen. Lege berri hori ezinezkoa izanen zen, hiru sindikatuok egin dugun behartze-indarra egin gabe.
Bertzalde, CCOO, ELA eta LAB sindikatuok administrazioak premiatzen ditugu (Nafarroako Gobernua, udalak, mankomunitateak...) hemendik goiti lizitazioak Kontratu Publikoen Legearen arabera egitera, eta enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzeari gogotik lotzera.
 
Azkenik, dei egiten diegu enpresa azpikontratatuetako langileei lan-eskubideen defentsa antolatzera, hitzarmen onak lortzera, Kontratu Publikoen Legea betearaztera, eta pleguetan gutxienezko plantillen betebeharra eta lanaldi bermatuak jasotzea erdiestera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!