Berezko hizkuntza duten sei erkidegoetako ordezkariak batzartu dira gaur Iruñean. Lankidetza Hitzarmen Orokorreko Protokoloa sinatua dute sei horiek, Nafarroak iaz egin zuen bat, baina, hamaika urte ditu dagoeneko protokolo horrek gainerako erkidegoei esker: Euskal Autonomia Erkidegoa, Katalunia, Galizia, Balear Irlak eta Valentzia. "Sei erkidego hauek aniztasunaren, pluraltasunaren eta bizikidetzaren adibide dira. Konpromisoa dugu denek hizkuntza gutxituen sustapenean eta esperientziak elkarbanatzen ari gara", esan du Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko kontseilariak.
Protokolo horren eraketak xede zenbait ditu. Besteak beste, hizkuntza gutxituen aferaren inguruan herrialde bakoitzak izan dituen esperientziak trukatzea. Gaurko jarraipen batzordean hiru gairekin aritu dira bereziki: alde batetik, Europako Hizkuntza Gutxituen Kartaz hitz egin dute. Zehazki, azken urtean erkidego bakoitzak ebaluazio txostena egin dute karta hori zein heinean betetzen ote den, edo ez. Espainiak osatu du txosten bakarra erkidegoetako borradore horiekin eta Europaren erantzuna irailean iristea espero dute. Europako Kontseiluko kideekin 2019an elkartzea ere aurreikusi dute erkidegoetako ordezkariek.
Funtzio Publikoan langile izateko beharrezkoak izanen liratekeen baldintzez ere hitz egin dute. Alegia, hizkuntzen jakintza zein heinean den ezinbesteko. Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik uste du ezinbestekoa dela hizkuntza baten eskaria izatea funtzio publikoko langile izateko, modu horretan bakarrik ziurtatzen ahal delako herritarrari arreta nahi duen hizkuntzan ematea.
Azkenik, hizkuntza gutxituetan lan egiten duten irakasleei formazioa eskaintzeko proposamena ere egin dute. Baina horrek inbertsio nahikorik izan dezan, gaia, hizkuntza aniztasuna sustatzeko batzordeari igorri diote.
2018rako lan plana egituratu dute eta heldu den hitzordua jarraipen batzordean Valentzian izanen du.