Kataluniako herriaren eskubide politiko eta zibilak errespetatzeko eskatu du Nafarroako parlamentuak

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 26a, 13:51

Argazkia: Kataluniako herriari elkartasuna adierazeko elkarretaratzea egin dute. / @parlamentoNA

"Elkarrizketa eta negoziazioa" beharrezkoak direla adierazi du legebiltzarrak, laukoak aurkeztutako deklarazio baten bitartez. Espainiako estatuak "estrategia errepresiboa" darabilela kritikatu du legebiltzarrak.

Kataluniako herriaren eskubide politiko eta zibilak errespetatzeko eta "elkarrizketa eta negoziazioa" beharrezkoak direla adierazi du gaur Nafarroako Parlamentuak, laukoak aurkeztu eta babestutako deklarazio baten bitartez. Kontra azaldu dira UPN, PSN eta PP.

Kataluniako herria, “salbuespenezko” egoeran dagoela kritikatu dute eta Espainiako estatuak "estrategia errepresiboa" darabilela. Era berean, "konpromisoa" agertu dute, "askatasunarekin eta demokraziarekin". Horrez gainera, elkarretaratzea egin dute Geroa Baiko, EH Bilduko, Ahal Duguko eta Ezkerrako ordezkariek parlamentu aurrean. Nafarroako Gobernuko buru Uxue Barkos ere bertan izan da. 

Katalunia, denentzat hizpide

Ez da katalunia hizpide izan ez duen alderdirik. 155. artikuluak "demokrazioaren printzipioak" bertan behera uzten dituela salatu du Adolfo Araizek (EH Bildu), eta esan, Kataluniako herria dela bere etorkizuna zein den erabakiko duena, herri "burujabea" baita.

Ahal Dugu ere Kataluniako instituzioak bahitzen dituen 155. Artikuluaren kontra azaldu da, Laura Perez bozeramaileak esplikatu duenez, eta "konstituzioaren baliabideak erabilita" erreferenduma egin beharko litzatekeela defendatu du, "loteslea ez balitz ere". Halaber, "fronte zabala" eraikitzera deitu du. 

Bertako errealitatera begira jarri da Geroa Bai, eta "Katalunian gertatutakoa" Nafarroan ez dela pasako azpimarratu, beti ere "Espainiarekin hitzartutako leialtasun harremana errespetatzen bada". Hori dela kasua, hari berari tiraka, Koldo Martinez eledunak oroitarazi du Madrilek Nafarroako Legeak sistematikoki atzera botatzea ez dela "leialtasunez jokatzea". Bestalde, preso politikoei elkartasuna azaldu die.

Ezkerraren aburuz, arazoa politikoa da, eta "ardura", "batez ere PPren gobernuarena", baina "Kataluniako independentistek" ere badute "arduraren zati bat". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!