Hiriartea proiektuaren barruan, gaurtik hasita eta ekainaren 24ra arte, Ziudadelan egongo da ikusgai Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoaren (MACBA) Gelatina gogorra erakusketa, L’Internationale museo-sarearekin elkarlanean egina, zeinak trantsizioaren eta 80ko hamarkadaren kontakizuna berrikusten baitu 59 artistaren 200dik gora obraren bitartez. Nolabaiteko gonbita da gogoeta egin dezagun, narratiba ofizialaz haratago, 1972 eta 1992. urteen arteko garaiaren inguruan, bazter utzitako zenbait istorio ikusgai jarrita, galderak sorrarazi eta nagusitu diren diskurtso eta kontakizunen atzean ezkutatu dena zalantzan jartzeko asmoz.
Erakusketa-proiektua gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta MACBAko zuzendari Ferran Barenblitek, erakusketaren komisario Teresa Grandasek lagunduta. Gelatina gogorra. 80ko urteetako istorio ebatsiak erakusketa Hiriartearen programazioaren parte da, eta Bartzelonan ikusgai egon eta gero, Iruñean soilik ikusi ahal izango da. Erakusketa Ziudadelako Arma Aretoan bisitatu ahalko da, ordutegi honetan: asteartetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era; larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara. Apirilaren 30etik aurrera arratsaldeko ordutegia ordu erdian atzeratuko da.
MACBAk eta Europako funtsek elkarrekin finantzatu duten erakusketa honek gizarte, politika eta ekonomia arloetako zenbait gertaera historikori heltzen die, eta aldi berean, talde zein pertsona ekintzaile kultural eta artistiko batzuen lanak aurkezten ditu, halakoenak ezen subertsio- eta kritika-jarrerak hartu baitzituzten ezarritako ordenarekiko.
Kontakizun ofiziala eta kulturaren sustapena
Gelatina gogorra erakusketak 59 artistaren 200dik gora obra biltzen ditu, horien ia erdia MACBAren bildumatik datoz, eta beste lan ugari Museoko Liburutegi eta Agiritegiko Funtseko materialak dira, Iruñeko Udal Agiritegikoak, Iruñeko Udaleko Arte Garaikidearen Bildumakoak eta bildumazale zein egile pribatuenak. Erakusketak honako artelan mota hauek aurkezten dizkigu: filmak, dokumentalak, telebista-saioak, aldizkariak, komikiak, fanzineak, artelanak eta ariketa antiartistikoak, besteak beste.
Ibilbidea zazpi kontakizun posibletan egituratzen da: Ahantzitako memoria, antihistoria, kontrainformazioa eta iragan pasa berriaren ahanzturari buruzkoa; Angelu itsuak, instituzionalizazio demokratikoaren talde autonomoei buruzkoa; Lanjantzi urdinetik lepo zurira, langileen mugimenduen desegitea eta industria-birmoldaketa jorratzen dituena; Nire ametsetako auzoan, non hirigintza basatitik ikuskizun-hirira igarotzen baita; Garaitu ederrak, drogak eta espetxeak hizpide hartuta; Ebatsitako letrak, kontrakultura eta arte erakundea kontrajarrita; eta Gas-egoera, bestekotasuna zein eskapismoa arma gisa, irudikatutako mundua.
Gelatina gogorra tesi-esparru baino hipotesiak erkatzeko espazio gisa planteatzen da. Erakusketak mikrokontakizunak eta hurbilketa kritiko zenbait marrazten ditu, halako ibilbide tematiko batean non, azterketa zehatz eta sakona egitetik urrun, ikerketa-ildo batzuk zedarritzen baitira, egungo testuingurutik abiatuta, trantsizioaren esparru konplexua lantzeko.
Hona erakusketan parte hartzen duten artisten zerrenda: 5QK's (Alfonso de Sierra, Luis Escribano, Ramón Massa, Ces Marti eta Enric Bentz); Francesc Abad; Agustín Parejo School; Marcel·lí Antúnez; Txomin Badiola; Antonio Beneyto; Miguel Benlloch; Tino Calabuig; Alan Carrasco; Colita; Societat U de Barcelona (Octavi Comeron, Tere Badia, Jorge Luis Marzo, Guillermon Trujillano eta Montse Romaní); Pepe Espaliú; Marcelo Expósito; Daniel García Andújar; Joan Gelabert; Eulàlia Grau; Isaías Griñolo eta Angustias García; Federico Guzmán; Joaquim Jordà; José Juan Bartolomé eta Cecilia Bartolomé; Lluís Juncosa; Manolo Laguillo; Rogelio López Cuenca; Laia Manresa; Muntadas; Nazario; Ocaña; Antón Patiño; Carlos Pazos; Pere Portabella; Preiswert; Manolo Quejido; Joan Rabascall; Arturo-Fito Rodríguez, Gabriel Villota; Pedro G. Romero; María Ruido; Fernando Ruiz Vergara; Pepe Sales; Mireia Sentís; SIEP (arte-koletiboa); Llorenç Soler; Albert Subirats; Carlos Taillefer; Taller Llunàtic; Steva Terrades; Francesc Torres; Adrià Trescents, Isidoro Valcárcel Medina; Jordi Valls; Ventura Pons; Vídeo-Nou; Jaume Xifra eta Zush.
Horiei gehitu behar zaizkie Joaquín Resano, Pedro Osés eta Xabier Morrás tokiko artistak, bai eta Equipo Crónica izeneko egile-taldea ere, Ikusleen ikusle obrarekin, zeinak Iruñeko Topaketetan parte hartu baitzuen 1972an. Erakusketa Iruñean aurkezteko tokiko testuinguruan esanguratsuak diren material batzuk erantsi dira, besteak beste, dokumental hauek: Carlos Estévezen Montejurra 1976, Juan Gautieren eta José Ángel Jiménezen Sanfermines 78 eta Marcel-lí Antúnezen Frontón. El hombre navarro va a la luna. Horrez gain, Iruñeko II. Zabalguneko hamaika argazkiz osatutako sorta bat txertatu da, Udal Agiritegitik ekarria, eta trantsizio garaiko hainbat pegatina politiko, Javier García, Iñaki de Nicolás eta José Luis Díaz Monrealen agiritegietatik ekarriak.
L’Internationale, museoen nazioarteko sarea
Gelatina gogorra L’Internationale museo-sare europarraren barruan gauzatutako proiektu bat da, non sareko museoek –horietako bat da MACBA, hain zuzen– 80ko hamarkada berrikustea proposatu zuten, nork bere testuinguruan. Antzeko beste esperientzietan ez bezala, ekimen honetan nazioartekotasun artistiko berri bat indartu da, hierarkiarik gabea eta deszentralizatua, desberdintasunaren eta elkar-truke horizontalaren balioa azpimarratzen duena. Asmoa da sarea osatzen duten instituzioen arteko loturak sendotzea, lan-sareak eratzea, zeharkako ikerketa-proiektuei bide ematea eta metodologiak partekatzea.
Europako museo hauek dira konfederazioaren partaide: Moderna Galerija-MG (Ljubljana, Eslovenia), Reina Sofia Arte Gune eta Museo Nazionala-MNCARS (Madril), Museu d’Art Contemporani de Barcelona-MACBA (Bartzelona), Museum van Hendendaagse Kunst Antwerpen-MHKA (Anberes, Belgika), SALT (Istanbul eta Ankara, Turkia), eta Van Abbemuseum-VAM (Eindhoven, Herbehereak). Akademia eta artearen munduko beste zenbait erakundek, proiektuari lotutakoek, laguntza ematen dute, baita ere.
Hiriartea
Erakusketa Hiriartea proiektuaren barruan antolatu da, Ziudadelan, non Iruñeko Udalak espazioa biziberritzen ari baita kultura garaikide eta diziplinartekoari lotutako proposamen berritzaileen bidez.
Hiriartea proiektuak Ziudadelan kultura garaikideko zentro bat sortzeko asmoa du, elkar topatzeko, gozatzeko eta ezagutzarako gune ireki bat, sormen-espazio transdiziplinarren ekimen eta esperientzietan inspiratuta. Proiektu hau Iruñeko Udalaren kultur politika berriaren ardatz nagusietako bat da, eta haren bidez kultur eredu gertuko, ireki, sormenezko eta kalitatezko batekin blaitu nahi du hiria.
Hiriartea, Iruñeko Kultura Garaikideko Zentroa – Ziudadela delakoak tokiko zein nazioarteko artisten erakusketak izango ditu ikusgai, bai eta aldi baterako erakusketa tematikoak Arte Garaikidearen Bildumako lanekin, zein artista eta herritarren arteko topaketak ere, hainbat jardueraren bidez –bisita gidatuak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoen emanaldiak, mahai-inguruak, etab.–, betiere xede hartuta adierazpen artistikoen inguruko hausnarketari eta sorkuntzari bide ematea. Halaber, arte eszenikoen eta musikaren hedapenaren aldeko apustua egingo du, kontzertu eta antzerki-ikuskizunen bidez; baita kultur dibulgazioaren aldekoa ere, liburutegi-mediateka baten bidez, non herritarren eskura jarriko baitira artearekin zein kulturarekin lotutako irakurgaiak, kontsultatu eta gozatu ditzaten; eta beste gune baten bidez, non artistek haien esperientziak eta ezagutzak partekatu ahal izango dituzten.