Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik azaldu duenez, Euskarabideak 2015etik hona aurrekontuan gozatu duen hazkundeari esker, “berreskuratu ahal izan dira euskararen irakaskuntzarako zein erabilpen sozialerako oso garrantzitsuak diren laguntzak, esaterako, hedabideena, ekimen sozialeko elkarteena, euskaltegiena eta euskarazko planak dituzten tokiko erakundeena”. Esate baterako, egun euskaltegiek 250.000 euroko laguntza dutela, eta 2015ean ez zuten batere.
Arregiren irudikoz, aurrekontuaren hazkundeak, halaber, “ahalbidetu du behar bezalako erantzuna ematea Euskararen Legeak ezartzen dituen konpromisoei, eta modu horretan aurrera egitea herritar guztien hizkuntza eskubideekiko errespetuan”.
Arregik Ana Ollo kontseilariarekin batera egin du agerraldia, Euskarabidearen azken hiru urteotako ibilbidearen balorazioa egiteko. Euskararen Plan Estrategikoaren garrantzia nabarmendu du, eta Euskararen foru dekretuari buruz azaldu aztertzen ari direla herritarrak artatzen dituzten unitate administratiboek eta lanpostuek dituzten beharrak, komunikazioari, formakuntzari eta itzulpenari dagokionez. Fase hori amaitzen dutelarik, “negoziazio kolektiboan aztertuko da zein lanpostu zehatzetan den beharrezkoa euskara jakitea eta hartara elebiduna izatea”.
Euskarabidea, Kirolaren Etxera
Agerraldi horretan berean Ana Ollo kontseilariak azaldu du Euskarabideak egun dituen hiru egotzak bakar batean batuko dituztela, orain arte Kirol Etxea izandakoan hain zuzen ere, Kirol Etxe horretan zeuden federazioak Navarra Arenara joanen direla profitatuz. Horretarako, Kirol Etxea zaharberritu eginen dute, eta horretarako milioi bat euro bideratuko dituzte.