Gaixo kronikoek beren gaixotasun prozesuetan parte hartzearen garrantzia du aztergai nagusia “Percepción de enfermedad y de cuidados recibidos por el paciente crónico” izenburua duen doktoretza-tesiak. Leyre Adrián Arrieta medikuak egin du tesia, Juan Manuel Casas Fernández de Tejerina Nafarroako Ospitaleguneko (NO) mediku eta NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakaslearen zuzendaritzapean. Tesiak “cum laude” kalifikazio gorena lortu zuen, eta harekin lotutako komunikazio bat saritu zuen Nafarroako Familiako Medikuntzako Elkarteak (namFYC) bere XIII. Prestakuntza Jardunaldietan.
Tesiak gaixotasun kronikoetan jartzen du arreta. Egun garrantzitsuak dira, populazioaren ehuneko handi bati eragiten baitiote, eta, horrenbestez, “osasun sistemaren gainkarga handia sortzen dute”, Adriánek azaltzen duenez. Tesian arretan jartzen da gaixo kronikoarengan, bere ikuspegia jasotzen da, nola sentitzen den, zer iritzi duen bere gaixotasunaz eta osasun sistemak ematen dizkion zainketez. Auzi horiei erantzuteko, ikerketan 196 elkarrizketa egin zitzaizkien gaixoei, eta galdetegiak eman zitzaizkien Nafarroa osoko bederatzi osasun etxetan.
Ikertzaileak azaltzen duenez, gaixotasun kronikoa dutenak adinekoak izaten dira, eta berriz gaixotzeko joera dute, kasu askotan mendekotasun maila altuekin. Hori dela eta, familiaren eta gizartearen laguntza behar dute, eta beren tratamenduak baliabide sozio-sanitario asko eskatzen ditu. “Horregatik eredu berriak proposatzen ari dira gaixo horiek artatzeko, nabarmenduz gizartearen eta familiaren laguntza, gaixotasunaren jarraipena egitea ahalbidetuko duena gaixoaren eta bere ingurunearen parte-hartzearekin, bere bizi kalitatea hobetuko duten neurriak lehenetsiz. Xedea da ukitutako pertsonak era aktiboan parte har dezala bere zainketan, mediku taldeak ikuskatuta eta lagunduta, bizi kalitate hobea izateko”, esan du ikertzaileak. Esan behar da Nafarroak jada baduela “Gaixo kroniko eta pluripatologikoei arreta integratua emateko Nafar Estrategia” 2013az geroztik, eta ezarpen aurreratua duela egun, Adriánek esaten duenez.
Gaixotasunaren eta jasotako zainketen pertzepzioa
Gaixotasunaren pertzepzioari buruz, tesiaren ondorio nagusia da gaixoek ez dutela hura arazotzat hartzen beren eguneroko bizimodurako. “Nolanahi ere, uste dute bizitza osoan izango dutela alboan, gaixotasunari buruzko kontrol handia dutela pentsatzen badute ere. Horretaz gainera, uste dute tratamendua egokia dela, eta beren gaixotasuna zertan den badakitelakoan daude”, esan du ikertzaileak.
Horretaz gainera, tesitik ondorioztatzen denez, osasun sistemak emandako zainketen aldeko ebaluazioa egiten dute gaixoek. Balio txarrenak dituen alderdia, ikerketan azaltzen denez, “gaixoaren aktibazioa” da, hau da, osasun sistemak duen modua ukitutako pertsonak bere prozesuan parte har dezan lortzeko. Ondorioz, gaixo kronikoek ez dute behar bezainbeste parte hartzen beren zainketetan eta gaixotasunean, eta, hori dela-eta, osasun sisteman delegatzen dute. “Horrek esan nahi du gaixoek beren zainketetan parte hartzea nabarmendu beharko genukeela, parte-hartze aktiboagoa izan dezaten beren gaixotasunen kudeaketan”, esan du doktore berriak.
Tesian ikusten diren beste alderdi batzuk dira, gaixotasun kopurua handitzean, autonomia murriztean eta bizi kalitateak okerrera egiten duenean, gaixo kronikoek jasotako zainketei buruz duten pertzepzioa hobea dela, gaixotasuna mehatxagarriagotzat hartzen badute ere. “Osasun sistemarekin harreman handiagoa izateari” zor zaio hori beharbada, esan du Adriánek.
Bestalde, ikerketan ikusten da gaixoaren gizarte esparruak eragina duela jasotako zainketen pertzepzioan, eta, azken hau okerragoa dela gizarte arrisku handiagoko esparruetan. “Horrek esan nahi du gure eskuan dagoen guztia egin behar dugula egoera soziala ez larriagotzeko”, esan du Adriánek. Bizi kalitateari dagokionez, ikerketan ikusten da lagineko gaixoen % 75entzat mugatua zegoela gutxi-gehiagoko min edo ondoezen batengatik, % 70,4k mugikortasun arazoren bat zutela, eta gaixoen erdiek nolabaiteko mugapenen bat zutela beren eguneroko jarduerak egiterakoan.
Azkenik, Nafarroako Familiako Medikuntzako Elkarteak berriki saritutako komunikazio batek, zeina tesi honen jarraipena baita, ondorioztatzen du landa eremuetako gaixoek gaixotasunaren kontrol pertzepzio handiagoa dutela, tratamendua erabilgarriagoa dela uste dutela eta beren gaixotasun kronikoa dela-eta kezkaren pertzepzio handiagoa dutela.
Leyre Adriánen CVa
Leyre Adrián Arrietak Medikuntza Orokorreko eta Kirurgiako lizentziatura lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean 2002an, eta 2006, berriz, Nafarroa-Lizarraldeko Familia eta Komunitate Medikuntzako Irakaskuntza Unitateko (UDMFYC) Familia eta Komunitate Medikuntzako espezialista. 2011n, ikertzeko gaitasuna lortu zuen NUPen, “Estudios de pacientes con Fibrilación Auricular en Atención Primaria” lanarekin. Victoria Acha Arrieta Barne Medikuntzako mediku espezialista eta NUPeko irakasleak zuzendu zuen lana, eta bikain kalifikazioa lortu zuen.
Tesian garatutako ikerketarekin lotutako bi artikulu argitaratu ditu aldizkari indexatuetan, bai eta bi komunikazio ere nazioarteko biltzarretan, nazioko batean eta eskualdeko lautan. Horretaz gainera, aurretik egindako ikerketa-lanaren emaitza gisa argitaratu ditu beste zazpi artikulu indexatu gabeko aldizkarietan, medikuntzako prestakuntza jarraituarekin lotuta daudenetan, bai eta komunikazioak ere nazioko sei biltzarretan eta eskualdeko sei biltzarretan.
Familia Medikuntzako erresidentziaren ondoren, Leyre Adriánek Iruñeko zenbait osasun etxetan lan egin zuen, eta egun landa larrialdietako mediku lan egiten du Noaingoan, tesia egin bitartean Lesakakoan lan egin bazuen ere.