Martxoaren 8an mundua "gelditu" ostean "eraldatzeko" unea dela esan du Euskal Herriko mugimendu feministak

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 16a, 13:14

Argazkia: Matixa Otero eta Uxue Rodriguez izan dira Euskal Herriko Koordinakunde feministako eledunak.

Greba feminista "egun historikoa" izan zen, greba eredua bera "birpentsatzeko" baliagarria, "aniztasunaz eta pribilegioez" ohartzekoa. Aurrera begira, mugimendu feministaren "interlokuzio gaitasunean" sakondu nahi dute.

"Historikoa" izan zen martxoaren 8a Euskal Herrian eta "elkarlan eta antolakuntza sare izugarriak" egin zuen posible, martxoaren 8ko Euskal Herriko Koordinakundeak esan duenez. "Planteamendu ireki honetan feministon arteko sareak izan dira berme nagusia, eta ezberdinen arteko elkarlanak eta kontsentsuak ahalbidetu du greba feminista aurrera eramatea, lidergotzak modu kolektiboak ulertuta", adierazi du Matixa Otero Muruak, Koordinakundearen izenean.

Ahoan bilorik gabe aldarrikatu dute greba eredua "birpentsatzea" lortu zutela, "ez soldatapeko langilearen subjektu politikora mugatuz", baizik eta askoz era zabalagoan.

Aniztasuna eta pribilegioak

"Aniztasunaz jabetzeko eta norberaren pribilegioak errebisatzeko eguna" ere izan zen, emakumeen* artean "desorekak baitaude" eta garrantzitsutzat jotzen dutelako "bakoitza bere zapalkuntza posizio espezifikotik abiatzea". Era berean, "pribilegien ardura hartzeko beharraz" ohartu dira, "batez ere mugimendu dekolonial eta antiarrazistek egindako ezinbesteko ekarpenei esker".

Sistemak bere egin nahi du greba

Kritiko jardun dute greba bere egin nahi izan duten "hainbat alderdi eta sindikatuekiko" , "lotsagarria" baiteritzote arrakasta bereganatu nahi izanari. Gauzak horrela, grebaren planteamendua ez dela "eliteentzat egina" azpimarratu dute: "Gure helburua ez da aberatsen zirkuluetan emakume gehiago egotea, baizik eta esplotatuen alde borrokatzea: hau da lana, aberastasuna eta bitarteko produktibo-erreproduktiboak modu justu eta parekoan banatzea". Hala, "kristalezko sabaiek baino, zoru itsaskorrek" arduratzen dituztela azpimarratu dute Koordinakundearen prentsaurrekoan batutakoek. 

Erakunde eta instituzioei exijentziak

"Exijentzia" argiak luzatu dizkiete erakunde eta instituzioei, "xingola moreaz" harago: "Emakumeen parte hartze politikoa bermatuko duten metodologiak garatzea, herritartasun berri bat eraikitzeko; Atzerritartasun Legea indargabetzea; sektore feminizatuetako prekarietatean esku hartzea; pentsio duinak bermatzea; indarkeria matxistari aurre egiteko proposamen politiko integralak garatzea...". Horiek dira batzuk, baina osoa eta transbertsala da eskaerien zerrenda. 

Mundua eraldatzera bidean

Mundua "gelditu" ostean, "eraldatzeko" unea heldu dela deritzo Martxoaren 8ko Koordinakundeak. "Aurrera begira, gure erronka nagusia da M8an azaleratutako marea feminista politizatzea eta eraldaketarako subjektu aktibo bihurtzea. Horretarako, Mugimendu Feministak proposamen politikoak zehazteko prozesu bat abiatuko dugu, oraingoan bezala, herriz herri sustraitua. Prozesu honetan zaintza, bizi denbora, lana, langile mugimenduaren borrokak eta militantzia politikoaren inguruko hausnarketak eta kontraesanak landuko ditugu, besteak beste. Prozesu honen helburua da Mugimendu Feministaren interlokuzio gaitasunean sakontzea, eta estrategia zehatzak garatzea, Euskal Herrian aldaketa feminista izan dadin".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!