Nafarroako Parlamentuak Espainiako lan erreforma bertan behera uzteko lege proposamena eramanen du Madrilera

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 16a, 08:14

Argazkia: Lansareko enplegu bulego bat, artxiboko irudi batean.

Laukoak aurkeztu du proposamena eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Duguren eta Ezkerraren babesaz gaindi, PSNren aldeko botoak izan ditu. Kontra azaldu dira PP eta UPN.

Espainiako Kongresuko mahaiak erabaki behar du orain legea tramiterako onartzen ote duen. "Mahaia oposizioaren ekina geratzen ahalegintzen ari da, lege inportanteak tramitatu daitezen ekidinez", salatu du Marisa de Simon, Izquierda-Ezkerrako parlamentariak. Hain justu, Ezkerrak berak proposatu zuen 2012ko lan erreformaren kontra jotzea, Nafarroari buruzko azken eztabaidan.

Prekarizazioaren ardatza

Hala, parlamentariak kongresuan erreforma laborala bertan behera gera daitekeela deritzo, Ezkerraren, Ahal Duguren, PSNren eta alderdi nazionalisten botoei esker. "Lan erreforma oso kaltegarria izan da langile guztientzat, lana prekarizatu du eta langile klasea jipotzen ari da", adierazi du. 

Geroa Baik erreforma "makiabelikoa" izan zela salatu du, "lan eskubideen atzerakara eta lanaren prekarizazioa ekarri zituena, miseriazko soldatak eta kontratuak posible eginez".

EH Bilduk ere bide beretik jo du: "Pauso garrantzitsua litzateke, prekarietate handia sortu duelako", aipatu du Arantza Izurdiagak, baina, nolanahi ere, bertan behera uztea gutxi iruditzen zaio, izan ere, 2010eko erreforma ere atzera bota beharko dutelakoan dago, "zabor kontratuak ezarri baitzituen".

Ahal Duguri dagokionez, orain sei urteko lan erreformak behin behinekotasuna handitu, soldatak jeitsi, kaleratze masiboak sustatu eta lan istripuak hazi dituela kritikatu du. PSNk ere ekimena babestu du, baina Nafarroan enplegu planik ez dagoela.

UPN eta PP beste aldean

Guztiz bestelako jarrerarekin: PP eta UPN. Kontra bozkatu dute biek. Laxoago aritu da Carlos Garcia Adanero (UPN); bere garaian erreformak zentzua zuela dio-eta, baina, egun, "hazkunde ekonomikoan" molda daitekeela. Askoz zorrotzago, popularrak: "Erreformak enplegua sortzen du, kalitatezkoa gainera", ziurtatu du Ana Beltranek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!